GOIZEKO TXORIAK
Tomas Tranströmer

euskaratzailea: Kirmen Uribe
Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk
armiarma.eus, 2011

 

Autoa iratzarri dut,

polenez estalia zuen haizetakoa.

Eguzkitako betaurrekoak jarri ditut.

Ilundu egin da txorien kantua.

 

Bien bitartean beste gizon batek tren geltokian

egunkaria erosi du, erabat herdoil,

eguzkiarekin dirdira egiten duen

merkantzia-bagoi baten alboan.

 

Ez dago hutsunerik hemen.

 

Udaberriko beroak korridore hotz bat igarotzen du,

eta norbait estututa iritsi da handik,

kontatuz kalumniatu egin dutela,

baita zuzendaritzan ere.

 

Paisaiaren atzealdetik badator mika,

zuri-beltza. Zoritxar-igarlea.

Eta zozoa hara eta hona dabil

dena ikatzezko marrazki bat bilakatu arte.

Zintzilik dagoen arropa zuria izan ezik:

Palestrinako koroa.

 

Ez dago hutsunerik hemen.

 

Ederra da poema hazten ikustea

ni txikituz noan heinean.

Haziz doa, nire lekua hartzen du.

Ordezkatu egiten nau.

Habitik botatzen.

Listo: egina dago poema.

 

 

                                        Dangak eta lorratzak (1966)

 

GOIZEKO TXORIAK
Tomas Tranströmer

euskaratzailea: Kirmen Uribe
Zeru amaitu gabea eta beste poema batzuk
armiarma.eus, 2011