AYACUCHO
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Lehenago, indarkeriaren garaian,

haurrak «pelika» jolasten ziren.

 

Kontua zen zinema-aretoek

erretiratutako pelikulen

zinta zatiak jaurtitzea.

 

Urrunen iristen zena

–pelikula hatz erakuslearen

eta hatz luzearen artean–

izaten zen irabazlea.

 

Argazki-dendaren ugazabak

saldu egiten zituen, fotogramaka,

zuri-beltzak eta koloretakoak.

 

Koloretakoak astunagoak ziren

eta urrunago egiten zuten hegan.

 

Espabilatuenek itsatsi egiten zuten

eszena baten laukitxoa hurrengoaren gainean

(ia berdinak biak)

pisua gehitzeko.

 

Erraz igartzeko moduko

trikimailuak.

 

Zilegi zen fotogramei putz egitea

jaurti baino lehen.

Alegia, altitudearen

hats hezez  

blaitzea.

 

Ayacucho uharte bat zen

mendiz inguratua.

Patioetan izaten ziren jolasak,

bi, hiru gauzarekin.

 

AYACUCHO
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019