SAIAKERA ESKUEI BURUZ
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Nire eskuei buruz nahi dut idatzi / nire neure eskuekin / nahi dut / marrazten dituzten lerroak / marraztu / baina idazteko / mugimenduan / hatzak teklatuaren gainean / laku baten urazala / dardararazten duten euri tantak / olatu zuhur horietan / urtzen dira eskuak / ur imajinatuan / alto egiten dut / eta ikusten dut / nola egiten duten dardar / ikusten ditut haien zimurrak / ildo horiek

esku-ahurrean / orotara ezein iragarpenik egiten ez dutenak / baizik eta urrundu egiten diren / eskuaren naba moztuz / hatz-mamietatik / eratuz periferiak / gailurrak eta beren aurikulak / kailuak azalean / tendoi irtenak / berde-urdinxkak zainak  

 

nire eskuei buruz nahi dut idatzi / neure eskuekin / marrazten dituzten / lerroei buruz / bata bestearen alboan egonik bezala / irristaka / sentitzen dut / beren itzala zuzenduko banu legez / haien ordez / beren mugimenduen oihartzuna / beren amiltze dorpea / beren goratze eta beheratze zakarra / zirkulu absurdutan / ezerezari tentatzea / eta ezerezera hurbiltzea

 

nire esku baldarrak ikusten ditut / eta begiztatzen ditut / haien markak juxtu / hautematen dudanean / nola oratzen dioten munduari / munduaren barruan ez baleude bezala / baizik eta mundu osoa / edo haren irudi garbi / manipulagarria / biltzen duen makina baten / memorian: / hatzarekin arrastatzen dut hodei bat ezkerretara / zuhaitz bat handitzen dut / etxe-ilara bat altxatzen dut / ibai ondoan / bestalde honetan “ibai” deitzen diogu

 

nire eskuei behatzean / nola modelatzen duten mundu ñimiño bat / espazio bat nolabait  barruan dagoela dirudiena / marko oragarri batek / behinik behin mugatua / marko bat non mugimendu argiek / mugimendu argiei jarraitzen dieten / narritadurak sortzen dituzten / narritadurak / baina hemen desberdina da / diot behin-behinekoz / hemen /  “kanpoan” / ez nuke jakingo nola deitu / beste era batera / nagoen tokiari / nire eskuek dardar egiten duten tokiari

 

zeunden tokian / ni baino askoz lehenago / gu baino lehenago / norbaitek idatzi zuen hitzei buruz / bere ahoan / larba ustelak zirela / gogoan dut nola hozkatu nuen intxaur bat / aho-sabaian erretasun lehorra / lizunarena / eta oka egin nuela oreka galduta / aurreraka erori / eta nire eskuek ez nindutela jaso / abandonatu egin ninduten / traidoreek  

 

orain zoldaz beterik daude / hd-n ikusten ditut / iletxoak / zelula hilak / muskilduz doan epidermisa /  gaixotasun baten baino gehiagoren orbanak / nire hatzen gainetik pasatu zen aiztoa / atzazal erdibitua / ikusgarri oraindik / bere zolaren bi koloretan / nola ez nuen nire burua eskuotan ezagutuko? / nire historia / aurkezten didate / matxinatuta burugain egin ziren / bortizki heldu zioten munduari / arrastoak utziz / eraman ninduten gela batera / zeinetan epaiketa bat zegoen / eta orain kriseilu baten argipean daude / galsoro baten koloreetan / azal onduaren patina / narrasti-azala / (kameleoia edota iguana)

 

esku hauek, izango ote dira azkenean / arratsaldean kentzen ditudan / esku-larruak apenas? / ohean etzateko besondoak zauritan / ametsaren zain / loan gauzek desfilatu egiten dute nire aurrean / gauza horiek / nahita ere / ezingo nituzke harrapatu / aurka egingo lidaketelako / biolina jotzen ikasi nuenean bezala / eta luzatu eta hedatu egiten nituen / harien artean trabatu ziren / eta zirrikituetatik desagertu  

 

altxatu eta altxatu arren / etsipenezko keinu batekin / garaipenezko keinu temati batekin / dagoeneko ez dira nireak / energia hau bultzatzen dituena / dotoreago / eutsiago / bestalde honetan / hitzik ez duen zer hori baino / zalantzati bidea irekitzen duen zer hori baino / gauza txiki bat / agian / bolatxo bat / arroz ale bat / ile bat / eskuaren matxardan kulunkan

 

eta hala ere, ezerk ez du jadesten / haien hitzaren pisua / angelu hiletik ihes egiten baitu / nire eskuak / matxarda / artazi / ukabil / urrutitik kontrolatuta legez eusten diotenean / hutsari

 

SAIAKERA ESKUEI BURUZ
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019