HEGOALDEKO GELTOKIA
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

...milorriak, kardu likinak, / rudbeckiak, datura... //

Jarleku bat ipini dute / errailak / inguratzen dituen bidean. //

Barrenean, pasoa / mozten duten / hesiak; //

haruntzago sastrakadia / berdintzeke oraindik. //

Auzo batzuk badira non / lan publikoak berandutu egiten diren //

hurrengo krisiaren / hasierara arte. //

...bitxiloreak, hirustak, / apo-belarrak, esne-belarrak, txikoria / mikatzak… //

Udako igande batean / makina isilen /  konpainian, jarleku horretan bertan eserita //

ospatzen dut pala mekanikoarekin / eta hormigoi-makinarekin / nire oinetan den amildegi artifizial hau // zeinetatik hegoaldeko trena igarotzen den. / Ez nuke jakingo esaten Budara / ala Pestera eramango nindukeen.//

Parean eguzkia islatzen da / soldadu prusiarren kuartel / zaharrean. Hor, abiazioaren / aitzindari bat globoan / zerura igotzen saiatu zen; / beste batzuk, aurretik, erori egiten ziren. //

Aire-boladen preso / zume-adarrez / eta argizariz igurtzitako kotoiz eginiko hegalekin. //

Txilioka doa eurocitya Pragara bidean, / aienatu egiten da / hiriburuaren ertzak / pasatu bezain pronto. //

Eta oinezkoentzako zubiak / itxita jarraitzen du. / Lehentxeago zerua garbitu egin da eta //

zubiaren beste muturraren / gainean begitandu zait / gizonezko bat //

argaltxoa zanbuluka / hegal erraldoiekin  / eta bibotearekin //

arratsaldeko airea euskarri. /  Abiadura handiaren / uharak legarra //

dardararazten duen bitartean /  alanbradaren instalazioaren / irteera bilatu dut. //

Egitasmo bat izandakoa oraindik aldarazi ez duten buldozer / eta garabiekin egin dut topo

hiriaren alde ibilgarrian. / Urrunetik  aditzen dira –Hegoaldeko / geltokian– hurrengo // irteerak. / Matxinsalto bat / jarlekuaren ohol nabarrak / zeharkatzen ari da, //

oldartu naiz errailak eta lan / abandonatuak // berreskuratzen ari den / oihan  lehorrera // eta arrakala bat begiztatu dut, / mundu zibilerako / itzulbidea. //

...basamitxoleta, urre-botoia, / asunak, txiribitak, / labanda...





 

HEGOALDEKO GELTOKIA
Timo Berger

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019