Galderarik egin gabe...
Susana Thenon

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2015

 

Galderarik egin gabe elkar maite duten emakume horiek

emakume gozo eta estuak, kalexkak bezalakoak,

musu anker eta sinu mingotseko ahoak,

ardoa bezain ubelak diren berbak dituztenak.

 

Ni bizi izan naiz, egin dut barre elkar maite duten emakumeekin,

etzan naiz berekin ohe gain beroetan,

beren ondoan maitatu izan dut mugarik gabeko sukarrez

eta gaur egun haien izenak doi urratzen didate distantzia.

 

Emakume horiek berbarik gabe maitatu izan ditut

hala maite ditut egun ere, denborak ez baitakar beste irririk,

eta gauero, ametsetan, haien eskuak datozkit bisitan

bidaia luze baten osteko elkar topatze agurrean.

 

Galderarik egin gabe...
Susana Thenon

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2015