POEMA
Susana Thenon

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2015

 

Nik gauetan sinesten dut

R.M. Rilke

 

Bart arratsean etorri zitzaidan ez dela arrazoi

inongo lorategirik amodioa nire aho barruan

neurririk gabe itotzeko

eta inongo koloretako harririk, inongo jolasik

ohikoa baino eguzkitsuagoa den inongo arratsalderik

heltzen dela silaba osatzera, gaua joan gaua etorri

eztigarria balitz bezala espero den xuxurla.

Ez esanahirik, ez orekarik, ez dago ezer

ezpada ezetza, agurra,

hil berri den minutua, konponezina,

ustekabean zutitzen eta itsutzen

gorputz orotan hiltzen zaizkigun arte, mugagabe.

Gosea bezala, irribarrea bezala pentsatzen dut

izan behar duela bakardadeak

horrela limurtzen baikaitu eta sartzen baita

eta horrela aurkitzen dugu arratsalde batean

gure altzoan bermatua.

Esku bat bezalakoa, txoko soil eta itzaltsu bat

bezalakoa

izan behar luke amodioak

gertu izateko eta ezezaguna ez gertatzeko

odolak hartzen gaituen aldiro.

Ez da isiltasunik ez kanturik

heriotza geldo hau justifikatzen duenik,

inork gaitzesten ez duen hilketa hau.

Ez da ez liturgiarik ez surik ez exorzismorik

ezagutzen ditugun hizkuntzen

porrot barregarriak galdiarazteko.

Egia esan penarik gabe itotzen naiz

behintzat eutsi ahal izan diot iruzurrari;

ez nuen parte hartu ez jaialdiaren gozoan,

ez aire konplizean, ezta gauean ere erdizka.

Hortzaka egiten dut oraindik eta dagoeneko

gutxi egin badaiteke ere, nire irribarreak

jainkoa beldurtuko lukeen amodioa gordetzen du.

 

POEMA
Susana Thenon

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2015