GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Wronke, 1917ko maiatzaren bukaeran

 

      Sonia, ba al dakizu non nagoen? Nondik idazten dizudan gutun hau? Lorategitik! Mahai txiki bat atera dut kanpora arrastaka, bi zuhaixka orlegiren itzalpean eserita nago. Nire eskuinean iltze kanelaren antzeko usaina duen andere-mahatsa daukat, eta nire ezkerrean binorri multzo bat; nire gainean astigar batek eta gaztainondo gazte batek beren esku zabalek beren esku orlegiak harilkatzen dituzte, nire aurrean lertxun zuri luzeak bere hostoak era apal eta babesgarrian mugitzen ditu, poliki. Nere paperaren gainean hostoen itzal arinak dantzan ari dira eguzkiaren distira txikiekin, oraindik euriz bainatutako hostotzatik tantak erortzen dira noizbehinka nire aurpegira eta eskuetara. Meza ospatzen da presondegiko kaperan, organoaren musika era nahasian iristen zait, estalia geratzen da hostoen marmarrarengatik eta alai dauden txorien koruarengatik. Urrutian kukuaren deia entzuten dut durundan. Zein ederra den! Zein zoriontsu naizen! Jadanik, ia San Juan giroa dago: udara bere dirdai guztiarekin eta bizitzeko mozkortasunarekin. Ezagutzen duzu Wagnerren Maisu abeslariaken eszena hura, herriarena, jendetza batek txaloka «San Juan eguna!» oihukatzen duena eta, bat-batean antzinako vals bat dantzatzen hasten direna?28 Horrelako giroa izan dute egun hauek niretzat.

      Atzo, hainbat gauza gertatu zitzaizkidan. Kontatu behar dizkizut. Goizaldean, bainugelako leihoan gaueko tximeleta handi bat aurkitu nuen. Egun batzuk eramango zituen han, behin eta berriro beira jotzen, erabat nekatuta zegoen. Ez zuen bizi imintziorik egiten hegoen mugimendu ahula salbu. Han zegoela ohartu nintzenean, laster jantzi nintzen dardarka ezinegonagatik, leiho gainera igo nintzen, esku artean tentuz hartu nuen. Ez zen gehiago defendatzen, hilda zegoela uste nuen. Nire leiho ertzean ipini nuen bere onera etorriko zen itxaropenarekin; bazirudien bizi garra berpiztuko zitzaiola, baina tximeleta geldi geratu zen berehala. Jaten eman nahi izan nion eta lore zimeldu batzuk antenen aurrean ipini nizkion. Une berean txinboa pozez gainezka jarri zen leiho aurrean kantari. Ezin izan nuen ozenki esatea saihestu: «Entzun alai kantatzen duen txori txiki hori. Horrek bizi pixka bat itzuli beharko lizuke!» Nik bakarrik egin nion neure buruari barre erdi hilik zegoen tximeletari errieta egiten niolako. Alferrikako hitzak zirela pentsatu nuen, eta ez zutela ezertarako balio. Ordu erdi beranduago, abere txikia indarberritu zen, adoretsu hegan egiten hasi zen emeki. Hain zoriontsu nengoen bizitza salbatu niolako! A ze gertakizuna.

      Bazkalondoan lorategira itzuli nintzen. Bertan zortzietatik eguerdiko hamabiak arte egon nintzen, bazkaltzera deitzen nauten arte, eta hiruretatik seiak arte geratu nintzen. Eguzkiaren zain nengoen; aterako zenaren bihozkada nuen. Baina ez zen agertu, tristeziak gainditu ninduen. Paseoak eman nituen lorategian. Haize arina zebilen eta ikuskizun xelebre bat nekusan. Lertxun zuriek gerba helduak askatzen zituzten, eta ale bilodunak airean zabaltzen ziren. Airea elur maluten antzeko zerbaitekin betetzen hasi zen eta lurra eta patio osoa estaltzen zuten. Hegaldatzen zihoan biloxka horrek bazuen zerbait fantasmagorikoa. Lertxun zuriak beste zuhaitz gerba-emaileen ondoren loratzen da, beren haziak oso urruti hedatzen ditu, belar txarra bezala ernatzen da beraz, hormen arrailduretan ala harri artean.

      Egunero lez, seietan berriro giltzapetu naute. Leiho ondoan eseri naiz, burua astun neukan airea itogarria zelako. Gora begiratu nuen zeru hits urdinera, maluta itxura zuten hodeien azpitik enarak zorabiatzeko moduko garaieran zihoazen hegan beren hego zorrotzez airea mozten. Luze gabe gabe zerua ilundu zen, hots guztiak isildu ziren, ekaitza lehertu zen zaparrada indartsuak isuriz, zerua eta lurra ikaran ipini zituen bi trumoi hotsek, bortitz jo zuten. Orduan ahaztu ezin den ikuskizun baten lekuko izan nintzen. Jadanik ekaitza urrunduta zegoen, zeruak gris ilunez margotu zen; ilunabar espektral bat ikusi genuen, kolore apalekoa, lurraren gainean; zapi gris lodi batzuk zerutik zintzilik egongo balira bezala. Euriak tanta jario gozo etengabeak botatzen zituen hostoen gainean; une batetik bestera purpura koloreko argi izpi meheek sutu zuten berun gris koloreko zerua, trumoiak urruti zeuden, eta burrunbak hondartzara hiltzera doazen azken olatuak bezalakoak ziren. Bat-batean mamu itxurazko paisai horren erdian, urretxindorraren kantuak durundi egin zuen astigarraren gainean, nire leiho aurrean. Euriaren erdian, ekaitzen argi mehearen eta trumoien artean, hoskera argia zuen kanpaia baten soinua zuen.

      Txoriak mozkor balego bezala kantatzen zuen, deabrutua balego bezala, bere ahotsarekin trumoien soinua estali zuen, ilunabarra argitu nahi balu bezala. Ez dut inoiz gauza ederragorik entzun. Zeru hondoaren gainean gris beruna eta purpura kolorea txandatzen ziren, bere kantua zilarra bezain distiratsua zen. Guzti hau hain zen misteriotsua, sinetsi ezinezko edertasuna zuela. Eta nik, oharkabean, Goetheren poema baten azken bertso horiek errepikatu nituen: «O! Hemen egongo bazina!»*

      Beti zurea,

 

      Rosa

 

*Goetheren olerkia Nähe des Geliebten (maite duzunarenganako hurbiltasuna) da

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019