GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Wronke, 1917ko otsailak 18

 

      ...Marthak* labur kontatu dit nola Karl ikustera joan eta zer inpresio gogorra izan den zuretzat bera barrote atzean berrikustea, aspaldian ezerk ez nau hunkitu kontakizun horrek bezala. Zergatik ez didazu ezer esan? Nik zure sufrimendu guztien partaide izateko eskubidea dut, eta ez dut inork nire jabetzak murriztu ditzan nahi. Bestalde gertakizun honek, duela hamar urte, nire anaia-arrebak Varsoviako gotorlekuan ikusi nituenean gogorarazi dit. Han hari burdinez egindako kaiola bikoitz batean, alegia, kaiola handiago baten barruan dagoen kaiola txiki batean sartuta eraman ninduten eta bi hesi distiratsu horien artetik hitz egin behar nuen. Bisita hori sei eguneko grebaren ondoren gertatu zen, oso ahulduta nengoen, gotorlekua zuzentzen zuen kapitainak hitz egiteko lekuraino lagundu behar izan ninduen. Nire bi eskuekin eusten nion kaiolaren barroteetatik, zoologikoko animalia basati baten itxura nuen. Kaiola gelako ertz ilun batean geratzen zen, nire anaiak bere aurpegia burdin hesira hurbildu eta «Non zaude?» galdetzen zuen behin eta berriro, berak betaurrekoak garbitzen zituen malkoek ez ziotelako ikusten uzten. Zoriontsua izango nintzateke orain Luckaneko kaiolan egongo banintz Karli esperientzia hori saihesteko!

      Eskerrak eman nire partez Pfemferti* Galsworthyren liburuarengatik. Atzo bukatu nuen, pozik nago irakurri dudalako. Hala ere, egia esateko, eleberri hau ez zait The Man of Property bezain atsegina iruditu, gai sozialak erabili arren ala agian horregatik hain justu. Nobela batean nahiago dut nolakotasun artistikoa, gai sozialak baino. Hain zuzen The Man of Propertyn nekarazten nauena Galsworthyk erakusten duen izpiritua bera da. Honek ez zaitu harrituko. Baina Bernard Shaw eta Oscar Wilderen estiloko idazlea da, egun estilo hori oso zabaldua dago ingeles intelektualen artean: gizon oso argi bat, fina, baina gogaitua, munduan gertatzen den guztia eszeptizismo irribarretsu batekin begiratzen duena. Maiz algara ozenak botatzen ditut ikusirik nola Galsworthyk bere pertsonaiekin erabiltzen duen ironia sotila, asaldatu gabe. Hala ere, salbuespen bakanek izan ezik, ongi hezitako pertsona dotoreek ez diote inoiz isekarik egiten beren ingurukoei nahiz eta irrigarri ikusi, benetako artista batek ez ditu bere sortze lanak ironiaz begiratzen. Noski Sonia, honek ez du inolaz ere baztertzen estilo handiko satira, Gerhard Haupmannen* Emanuel Quint bezala adibidez, azken ehun urteetan gizarte modernoaz idatzi den satirarik eztenkarena dena. Baina Hauptmannek berak ez du irririk egiten. Azken finean bera hor dago, ezpain dardartiekin eta bere begi handi irekietako malkoen dirdirarekin. Galsworthy aldiz, bere aipamen espiritualekin, gau batez festa batean izan dezakedan mahaikide bat bezala irudikatzen dut, egongelara afaltzera sartzen den gonbidatu bakoitzari buruz belarrira ohar maleziatsuak xuxurlatzen dizkizuna.

      Gaur igandea da berriro, egunik makurrena espetxeratuentzat eta bakardadea jasaten duten guztientzat. Triste nago, baina bihotzez opa dizuet ez zuk eta ez Karlek ez dezazuela sentimendu bera izan. Laster idatzi noiz eta nora zoazen esanaz.

      Bihotzez besarkatzen zaitut. Agurrik kutunenak haurrentzat.

 

      Zure Rosa

      Pfemfertek beste liburu onen bat bidaliko dit? Behar bada Thomas Mannek idatzitakoren bat? Oraindik ez dut idazle honen ezer irakurri. Mesede bat eskatu behar dizut oraindik, eguzkiak itsutu egiten nau ateratzen naizenean. Postaz bidaliko al zenidake puntutxo beltzezko belo beltz metro bat? Mila esker aurrez.

 

* Martha Rosenbaum (1873-1942). Theresienstadt-eko kontzentrazio esparruan hil egin zen.

* Franz Pfemfert (1879-1954), idazlea eta argazkilaria.

* Gerhart Hauptmann (1862-1946) antzerkigile eta nobelista naturalistaren Der Narra in Christo Emanuel Quint lanaz ari da. 1912an Nobel saria jaso zuen.

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019