GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Breslau, 1917ko azaroak 24

 

      ...Uste baduzu aurreiritziak ditudala poeta modernoekiko oker zaude. Duela hamabost bat urte inguru Dehmelek* hitz lauz idatzitako lan bat gogoz irakurri nuen. Maite zuen emakume baten heriotzaz ziharduen. Ez dut oroimen zehatzagorik, baina miresgarria aurkitu nuen poema hori.40 Oraindik buruz dakit d’Arno Holzeren Phantasus. Era berean, Johann Schlaferen Fruhlingek gogobete ninduen. Gero alde batera utzi eta Goethe eta Morickera itzuli naiz berriro. Nik ez dut Hofmannsthal ulertzen; ez dut Stefan George ezagutzen, egia da, beraietaz pixka bat mesfidatzen naizela, formari ematen dioten nagusitasunarengatik, beren adierazpenetako baliabide poetikoengatik ere. Munduari buruz duten ikuspegiari handitasuna eta nobletasuna falta zaiela iruditzen zait. Gabezia hauek ez dute oihartzunik nire izpirituan eta edertasun formalegi hori karikatura bat bihurtzen da. Orokorrean modu miresgarrian erakusten dituzte gogo aldarteak, baina gogo aldarteak ez dira aski pertsona bat sortzeko.

      Sonia, orain arratsalde zoragarriak ditugu; udaberrian gaudela esango genuke. Laurak aldera, patiora jaisten naiz, gaua dator, nire bizitzaren itxura ezatsegina iluntasunaren estalki misteriotsuan lausotzen dakusat; zerua aldiz, urdin argi dago eta bizi-bizi agertzen da ilargi zilartu eta argi bat da teilatu gainean. Egunero, ordu honetan ehunka bele-mika patioaren gainetik igarotzen dira, hegaldi sakabanatuetan, landara doaz berriro gauerako aterpea emango dien zuhaitzen bila. Astiro astintzen dituzte beren hegoak dei bitxiak elkar trukatuz. Egunez, beren ehizakia harrapatzerakoan, botatzen dituzten «kra-kra» zorrotzetatik erabat desberdinak dira. Orain oihu leundua besterik ez da, estutua, eztarriko doinu sakona, metalezko bala batek lez kolpatzen nauena. Bele-mikek «kau-kau» egiten dute bata bestearen ondoren igortzen, jolasten ari direla dirudi, airean bihurgune bat marrazturik balak elkarri botaaz. Pentsa daiteke egunean zehar geratutakoaz dihardutela, beren erara. Bele-mika hauek oso serioak eta garrantzitsuak iruditzen zaizkit arratsero beren ohiko bide markatua egiten dutenean; begirune handia diet hegazti handi hauei, burua luzatuz begiratzen ditut, amaierara arte. Ondoren, batera edo bestera noa iluntasunean, espetxeratuak lanpetuta ikusten ditut oraindik patioan, itzal zalantzatiak bezala lerraturik. Nire amets-irudiekin bakarrik ikusezin geratu naizelako pozik sentitzen naiz, igarotzen diren bele-mikekin ezkutuko agurrak trukatzen ditut, hain da atsegina udaberriko airearen leuntasuna. Gero, espetxeratuak eltzekada astunekin (gaueko soparekin) zamatuta patioa igarotzen dute eta eraikuntzan sartzen dira, binaka, pausoka, hamar bikote bata bestearen atzetik; ni naiz ibilaldia ixten duena. Argiak emeki-emeki itzaltzen dira patioan eta ekonomatoaren eraikuntzan. Sartzen naiz, ateak sarrailarekin ixten dira buelta bikoitza emanez; eguna amaitu da. Hansen heriotzak sortzen didan mina izan arren ongizate sentipen bat dut. Egia esan, bera hilik ez dagoen ametsezko mundu batean bizi naiz. Bera presente daukat beti, maiz berari buruz pentsatzen dudanean irribarre egiten diot.

      Sonia, osasuntsu izan zaitezela nahi dut. Asko pozten nau zu berriro ikusteak. Arin idatzi, besterik ezean bide ofizialetik, aukera hobeago baten zain. Besarkatzen zaitut.

      Zure

 

      Rosa

 

* Richard Dehmel (1863-1920), agian Die drei Schwestern ipuinari buruz ari da, ala Beschworung poemari buruz.

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019