GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Breslau, 1918ko maiatzak 12

 

      Sonia:

 

      Zure gutunak hainbeste poztu nau segidan erantzuten ari naizela. Ikusten al duzu ze gozamena den eta zenbat indarberritzen duen Lorategi Botanikora joateak! Zergatik ez duzu gehiagotan profitatzen? Eta zure gozamenaren partaide egin nazakezu, batez ere, zure zirrarak hain bizi eta koloretsu deskribatzen dizkidazunean. Bai, ezagutzen ditut loretan dauden pinuaren gerba miresgarriak, errubiaren gorria dutenak. Halako edertasunekoak dira, loraketa betean dauden landare gehienak lez, ozta-ozta sinesten duzu begiek dakusatena. Gerba gorri horiek lore emeak dira, haietatik pinaburu handiak jaioko dira, beren punta lurrerantz iraultzen da, astunak direlako. Alboan gerba arrak daude, gutxi nabarmentzen dira, urre koloreko polena hedatzen dute gerba laruek. Ez dut ezagutzen akazia mota bat bezala deskribatzen duzun pettoria. Zer esan nahi duzu, hosto pinatuak eta lore papilionazeoak dituela «akazia» deitzen dugun zuhaitzak bezala? Jakingo duzu arrunki horrela deitzen dugun zuhaitza ez dela akazia bat, baizik eta robinia bat. Mimosa adibidez, benetako akazia bat da; sufre tonuko horia dute beren loreek eta airea usaineztatzen dute, baina ez dut pentsatzen mimosa Berlingo gune irekietan hazi daitekeenik, leku beroetako landarea baita. Korsikan Ajaccioko enparantzan abenduan loratzen ziren mimosak ikusi izan ditut, neurrigabekoak ziren... Zoritxarrez, hemen zuhaitzen hostotzak urrutitik bakarrik ikus ditzaket, nire leihotik, eta beren gainaldea hauteman dezaket hormaren gainetik. Beren forma eta koloreagatik zein motatakoak diren asmatzen saiatzen naiz, eta uste dut oro har, ez naizela asko erratzen. Joan zen egunean norbaitek hautsitako adar bat ekarri zuen, bere irudi bitxiak guztiok harritu gintuen. Beren jatorriaz galdetu genuen. Zumar baten adarra zen. Gogora zaitez Sudendeko kalean nola erakutsi nizkizun fruitu txiki, arrosa hits, arinki berdexkez estalitako zumarrak, maiatza zen ere. Liluratuta egon zinen ikuskizun harrigarri horrekin. Hemen, jendeak dozenaka urte daramatza zumarrez landatutako kale batean, inoiz ez dituzte zuhaitz hauek loretan behatu... Eta ez dira interesatzen animalien onuraz. Azken finean, hiritar gehienak benetako barbaroak dira.

      Aitzitik, nik, sakonean, lotura ia erikor bat daukat natura organikoarekin, nahiz eta gizatiarra naizen, ziurrenik nire nerbioen egoerak nolabaiteko lotura izango du. Leiho azpian kutturlio bikote batek kumea izan berria du —ez dago zalantzarik beste hirurak hilda daudela— txori txikiak korrika egiten daki jadanik. Agian ohartuko zinen kutturlioak barregarriak direla korrika egiten dutenean, pauso txiki azkarrez, bi hanken gainean jauzi egiten dute, txolarreek bezala. Txikiak hegan hasten dira ere, baina ez dute oraindik beren kabuz nahikoa janari aurkitzen (intsektu eta beldar txikiak), batez ere garai hain hotzetan. Hori dela eta, gauero patiora etortzen da, nire leiho azpira, oihu kexati zorrotzak botatzen ditu. Gurasoak agertzen dira berehala, ahopeka «ui-ui» kezkati batekin erantzuten die. Gero, alde guztietara korrika egiten dute, elikagaien bila, desesperaturik, ilunabar hotzean. Zerbait aurkitzen dutenean garrasika, goseti dagoen txikiarengana doaz berriro eta mokokoa ematen diote. Orain egoera hau gauero errepikatzen da, zortzi eta erdiak aldera. Nire leiho azpian garrasi zorrotz kezkatiak entzun eta gurasoen larritasuna, kezka dakusadanean, benetako atsekabea sentitzen dut. Ezin diet lagundu, kutturlioak oso beldurtiak baitira eta ogia botatzen zaienean ihes egiten dute, usoak eta txolarreak ostera, txakurrek lez jarraitzen naute jadanik. Onez esaten diot nire buruari irrigarria dela, ez naizela munduan zehar dabiltzan kutturlio guztien arduraduna eta ezin dudala negar egin jipoituak diren bufaloen zoriarengatik, egunero patiora beren zamarekin etortzen direnekin bezala. Horrek ez nau ezertan laguntzen eta benetan gaixotzen naiz gertaera horien lekuko naizenean. Arabar-zozoa isilik geratzen bada egun batzuetan ezin dut atsedenik aurkitu, zerbait gertatuko zitzaionaren beldurrez. Eta nire larritasunak dirau berak bere funtsik gabeko berriketa hasten duen arte. Era honela nire ziegatik, hari ikusezin batzuen bidez nago konektatuta samintzen nauten milaka izaki handi eta txikiekin, gerta dakiokeen guztia neure buruari leporatzen diodalarik... Zu ere txori eta izaki horien atal bat zara, nire sentiberatasuna ere hunkitzen duzu, urrutitik bada ere. Badakit zenbat pairatzen duzun ikusirik nola igarotzen diren urteak gupidarik gabe, «bizi» ezinik igarotzen da bizitza erremediorik gabe. Izan jasankorra eta eutsi kemenari. Biziko gara eta berebiziko gertaerak sortuko direla ikusiko dugu. Momentuz, mundu zaharraren eraisketaren lekuko gara, egunetik egunera pusketa bat erortzen da, eraiste berri bat, lur-jotze bat... Harrigarriena da jende gehiena ez dela ohartzen eta uste duela lurzoru irmoaren gainean dabilela...

      Sonia, ba al duzu edo lortu ahal zenidake Gil Blas eta Le diable boiteux?* Ez dut Lesage batere ezagutzen eta aspaldidanik irakurtzeko asmoa dut. Zuk irakurri al duzu? Besterik ezean, Reclam edizioan erosiko ditut liburu horiek. Bihotzez besarkatzen zaitut.

      Zure,

 

      Rosa

 

      Laster idatzi iezadazu Karlen berri emanez.

      Agian, Pfemfertek, Stijn Streuvelsen De vlaschaard* liburua izango du, beste flandestar bat hau ere. Liburua Inselek argitaratu du. Bikaina dela diote.

 

* Alain-Rene Lesage (1668-1748) nobelagile eta antzezle frantsesak argitaratu zuen L’histoire de Gil Blas de Santiiiane, 1715-1735. Luis Velez de Guevararen El diablo cojuelo (1641) eleberri bihurtu zuen Lesagek, frantsesez, 1707an: Le diable boiteux.

* Strijn Streuvels (1871-1969) idazle, antzezle eta itzultzaile flandestarra izan zen. De vlaschaard [Linozko zelaia] 1907an argitaratu zuen.

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019