GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Wronke, 1917ko maiatzak 19

 

      ...Zer ikuskizun zoragarria! Hemen, dena landarez, lorez beteta dago. Gaztainondoak beren apaindura oparo freskagarriz birjantzi dira, andere-mahatsek izar txiki horiak dituzte, hosto gorrixkak dauzkan gereziondoa loretan dago jadanik eta elorria laster hasiko da. Gaur Luise Kautsky* ni ikustera etorri da, alde egiterakoan oroiloreak eta pentsamendu pilo bat utzi dizkit, landatu egin ditut. Marra zuzen batek berezitako bi talde txikitan ipini ditut, pentsamenduak eta oroiloreak txandatuz. Ia ezin dut sinetsi, lehenengo aldia da landatzen dudala eta dena ongi gelditu da. Mendekosterako nire leiho aurrea lorez beteta izango dut.

      Hemen txori berri andana dago. Egunero, inoiz ikusi ez dudan espezie berri bat ezagutzen dut. Gogoratzen al zara, goiz hartaz, Karlekin batera urretxindorra entzutera Lorategi Botanikora joan ginenean, neurrigabeko zuhaitz bat ere ikusi genuen hostorik gabea, baina lore zuri txiki distiratsuz erabat estalia zegoen. Buru hauste ederra izan genuen zer zuhaitz mota zen jakin nahian, ziur baikinen ez zela fruta-arbola eta loreak bitxi xamarrak ziren. Orain badakit! Zurzuri bat da eta «loreak» hosto berriak besterik ez dira. Bai! Zurzurien hosto helduak azpialdea zuria eta behealdea berde iluna dute, berriak aldiz bi aldeetatik ilaun zuriz gaineztatuta daude, eguzkitan lore zuriak balira bezala distiratzen dute. Mota honetako makal handi bat daukat nire lorategi txikian eta txori abeslari gehienentzat gogokoena da, bertan kokatzen dira beti. Gogoratzen al zara egun hartan zuek biok nola igaro zenuten arratsaldea nirekin? Hain eguraldi ederra egiten zuen! Orrialde batzuk ozenki irakurri genituen, gauerdian, agur esateko momentuan, jasmin usain zoragarria sartzen zen irekita zegoen leihotik, nik hainbat maite dudan poema espainiar hau irakurri nizuen:

 

      Goraipatua izan bedi mundua sortu duena!

      Bere bidez bikaintasuna edonon gauzatzen da!

      Berak sortu du itsasoa eta bertako hondorik gabeko leizeak,

 

      berak sortu itsasontziak zeharkatu ahal izateko.

      Berak sortu paradisua eta argi ezilkorrak.

      Berak sortu du lurra eta zure aurpegia!*

 

      A! Sonia, ez baduzu poema hau Wolfek musikatua entzun, ezin duzu ulertu zein grina sutsua gordetzen duten azkeneko bi hitz soil horiek.

      Idazten dizudan une berean erlastar lodi bat sartu berri da gelan, bere ahots apalez dena betetzen du. Zein ederra den! Zer bizi poz sakona adierazten duen musika honek non garrak, udarako beroak eta loreen usainak dardararazten duten.

      Sonia, izan konfiantza, arin-arin idatz egidazu. Faltan zaitut.

 

      Zure,

 

      Rosa

 

* Luise Kautsky (ezkongabe zela Ronsperger, 1864-1944) USPD Alderdi Sozialdemokrata Independenteko kide nabarmenetako bat izan zen eta baita Karl Kautsky filosofo, kazetari eta teorialari marxistaren emaztea ere. Intentsitate handiko korrespondentzia izan zuen Luxemburgekin eta 1923an argitaratzea erabaki zuen, beren harremana azaltzen zuen hitzaurre eta hitzoste batekin. 1929an Rosa Luxemburg gogoan zuen liburu bat idatzi zuen. Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hil egin zen. Marx, Lafargue, Murray edota Boudin-en lanak alemanera itzuli zituen.

* Berez Toscanako olerki herrikoi bat da. Paul Heysek (1830-1914) itzuli zuen alemanera eta Hugo Wolfek abesti bat egin zuen (Italienisches Liederbuch, 4. zkia)

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019