GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019

 

Wronke, 1917ko urtarrilak 15

 

      ...A! Zer une mingarria igaro dudan gaur. 3:19 minutuan lokomotora baten txistuak ohartarazi nau Mathilde bazihoala. Murruaren sakonera korrika egin dut, kaiolatuta dagoen abere bat bezala, ohiko «ibilaldia» egin eta deseginez. Uzkurturik neukan bihotza ni ere ezin nintzela joan konturatu naizenean. O! Nik ere alde egin nahi dut! Baina horrek ez du axola. Nire bihotzak kolpe bat hartu du, gero lasaitu da; ohituta dago esandakoa egiten ondo hesitutako txakur batek bezala. Ez dezagun nitaz gehiago hitz egin.

      Gogoratzen al zara Sonia, zer asmo genituen gatazka bukatzen zenerako? Hegoaldera elkarrekin bidaiatzea. Eta egingo dugu! Badakit, zure ametsik kutunena dela nirekin Italiara joatea, zuretzat hori dela onena. Baina nik Korsikaraino eramango zaitut. Italia baino hobeagoa da oraindik. Han Europa ahaztuko duzu, Europa modernoa gutxienez. Imajina ezazu paisaia zabal bikain bat haranak eta mendi ingeradak zehaztasun handiarekin elkar ebakitzen. Goiko aldean haitz sail, soil, biluziak, nobleziaz betetako kolore grisdunak; beheko aldean olibondoak, gerezi-erramu oparoak, ehun urteko gaztainak. Eta dena dago historiaurreko isiltasun batekin inguratua: ez dago pertsonen ahotsik, ezta txorien oihurik ere, non edo non harrien artean labaintzen den errekaren doinua dago ala goi-goian haitzen arrakalen artetik dabilen haizearen xuxurla, Ulisesen haize oihala puztu zuen berdina. Pertsonak aurkitzen dituzuenean paisaiarekin bat datozela ohartzen zara. Adibidez, bat-batean, bidearen bihurgune batean ilara bat agertzen da (korsikarrak beti ilaran ibiltzen dira, bata bestearen ondoren eta ez taldean gure laborariak bezala). Normalki ilara horietako batekin topo egiten duzunean lehenik zakur bat ikusiko duzu jauzika, gero pauso geldoan doan ahuntz bat ala gaztainaz betetako zakuez zamatutako asto txiki bat ikusiko duzu, jarraian mando handi bat, emakume bat saiheska eserita daramana, emakumeak hankak zintzilik izango ditu eta haur bat izango du beso artean. Andrea tente mantenduko da, altzifre bat bezain lirain, geldi. Bere ondoan gizon bizardun bat doa, pauso lasai irmoarekin. Biak isilik daude. Familia Santua ikusten ari zarela pentsa dezakezu. Une oro halako egoerak aurki ditzakezu. Horrelako ikuskizun baten aurren, hunkiturik, belaunikatzeko gogoa sentitzen nuen, nire gogoaren aurka. Hau da beti nire baitan sortzen zaidan sentimendua edertasun perfektuaren aurrean nagoenean. Korsikan Bibliak eta Antzinateak bizirik diraute. Neu joan nintzen bezala joan behar dugu: irla guztia oinez zeharkatuz, gauero leku desberdin batean lo eginez, goizetan nahiko goiz alde egingo dugu, eguzkia ateratzen den ordurako bidean egoteko. Proiektu hau ez al da erakargarria zuretzat? Zoriontsu izango naiz zure gidaria izanda.

      Asko irakurri, izpirituarekin ere aurrera egin behar dugu, eta zu hori egiteko gai zara: oraindik gaztea eta malgua zara. Eta orain bukatu behar dut. Egun alaia eta lasaia igaro.

 

      Zure Rosa

 

GUTUNAK SOPHIE LIEBKNECHTI
Rosa Luxemburg

Kartzelako gutunak Sophie Liebknechti
Katakrak, 2018
euskaratzailea: Amaia Lasa
armiarma.eus, 2019