HIRU EMAKUME
Mohammed el-Kurd

Rifqa, Katakrak, 2024
euskaratzailea: Eider Beobide Urkizar
armiarma.eus, 2024

 

Atlanta—emakumea,

ile beltza eta azal beltza,

larrialdi-gelara joan da zubi azpian

non haren aldakak guztiz ireki zituen

gizonak zeinak batzuetan ziren haren osabak,

                      batzuetan ziren haren maitaleak,

                      batzuetan ziren haren hautua.

Istilu bat hedatu da haren eztarrian:

biraoz eta danborrez egindako poesia.

Planeta berri bat dago haren sabelean

sandia osoak irenstearen antza du.

Gizonek, hatz-koskorrak irekita eta bilatuz,

                      bultzatzeko esan diote.

Negarrez eta espaloia sehaskatuz,

                      estatistika bat atera du.

 

Jerusalem—emakumea,

oliba koloreko azala eta oliba saltzailea,

kontrolgune militarreko burdin barrari egiten dio kosk.

Ozeanoa isuri da, ezegonkor.

Emakumeak ez emaginak ez erizainak

                                   haren inguruan bildu dira,

jainkoak bihurtu dira, ur beroa eta guraizeak sortuz.

Haren ahoa ozena da kantuekin:

Jainkoak libra gaitzala zure ukabiletik eta libra zaitzala zure baletatik.

Soldaduak esan dio anbulantzia iristeko aukerak

hutsalak direla, igarotzeko baimena beharrezkoa da.

Emakumeek, suminduta eta dardarka,

                                  bultzatzeko esan diote.

           Segurtasun mehatxu bat atera du;

           hark ikusi duen lehen gauza bala-zulo bat da.

 

Gaza—emakumea,

bulldozerrek hodeietan deskantsatzen duten lekuan bizi da.

Haren ospitaleko ohea haren etxeko hondakinak dira,

senarragandik ez du odoleztatutako bizar bat besterik.

Ez du inguruan zuhaitzetako hozkailuak besterik,

                                                altzari zikinak,

                            bizitza puskak, desitxuratuta.

Hormigoizko arrezifeari eusten dio

manta bat balitz bezala, Mariaren salbia balitz bezala.

Ez dago bizitzarik bultzarik gabe, ez da bizitzarik setioan.

Haren mihia minaretea da kantatuz Jainkoaren izena

                                                 otoitza haserrean.

Suziriek, euriaren pare, bultzatzeko esan diote.

Haren izterrak zabalik, zeru more bat ateraz,

                                  hondakinez beteta eta isilik.

              Emakumeak negar egiten du,

              beste norbaiten heriotza negartzeko

              ezintasunaz egiten du negar.

              Zilbor-hestea imajinatzen du,

              urka bat.

 

HIRU EMAKUME
Mohammed el-Kurd

Rifqa, Katakrak, 2024
euskaratzailea: Eider Beobide Urkizar
armiarma.eus, 2024