MOISESIK EZ SETIOAN
Mohammed el-Kurd

Rifqa, Katakrak, 2024
euskaratzailea: Eider Beobide Urkizar
armiarma.eus, 2024

 

2014ko uztailaren 16an, bederatzi eta hamalau urte

bitarteko lau mutil hil zituen Israelgo itsas armadak

Gazako hondartzan futbolean jokatzen ari zirela. 

 

Izan da Gazan hilobi gehiagorik ez zegoelako

ekarri gaituzuela hondartzara hiltzera?

 

Izan da gure etxeetan gu ere eraiste-hondakin bihurtzea,

gure lehengusuak, gure etorkizunekoak, gure jainkoak

bezala, nekagarria litzatekeelako?

 

Izan da gure hilobiek hilobiak behar dituztelako eta

gure hilarriek etxeak?

 

Izan da gure aitek atsekabe gehiago behar zutelako?

 

Adarrak ginen haizean,

gure poztasuna itsasertzaren aurka apurtuz.

Futboleko baloia gure oinen artean

gu futbola ginen haien oinen artean.

Tokirik ez ihes egiteko. Moisesik ez setioan.

Olatuak elkarri josita, bordatuta, ehunduta

ibilezin, zatiezin, pasabidea—sinesgaitz,

egun gehienetan aldez aurretik egiten dugu negar.

 

Hodeietara begiratu genuen, hodeietara igo ginen.

Hemen, bi eguzki ezagutzen ditugu:

lurraren laguna eta fosforo zuria.

Hemen, bi gauza ezagutzen ditugu:

heriotza eta lehenagoko azken arnasak.

 

Zer esaten diezu umeei haientzat Itsaso Gorria

banatzen ez denean?

 

MOISESIK EZ SETIOAN
Mohammed el-Kurd

Rifqa, Katakrak, 2024
euskaratzailea: Eider Beobide Urkizar
armiarma.eus, 2024