Zazpigarren egloga
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013

 

Begira, badator ilunabarra; eta barrakoiak, txarrantxaz apain

haritzezko hesi basak, ur azalean dira, iluntzeak irentsiak.

Gure gatibutza hau —begirada astiro aldentzen da leiho-markotik— eta

txarrantxa tenkatua, arrazoiak berak baizik ez ditu gordetzen.

Begira maitea, gure ametsa bera ere, horrela baino ez da askatzen;

gure gorputz hautsiak ametsak libratzen ditu, askatzaile zoragarri horrek,

eta ordu honetantxe hartzen du esparruak itzulerako bidea.

 

Zarpail, kaskarra motz, zurrungaka, euren begientzat gordean den

sorterrirantz doaz gatibuak Serbiako gailur itsuen gaindi.

Gordean den herri hori! Etxea, oraindik han da?

Ez dute bonbek ezabatu? Han da, irten ginenean bezala?

Intzirika den ezkerreko hau, zotinka den eskuineko hau,

itzuliko dira inoiz euren etxeetara?

Esadazu, bada oraindik etxerik han,

egloga hau ulertzeko gai den etxerik?

 

Azenturik gabe, bertso-lerroz bertso-lerro haztamuka

idazten dut poema hau ilunpetan, ene biziaren irudira,

itsumandoka, paper gainean arrastaka, beldarra legez.

Eskuargiak, liburuak, dena kendu digute zaindariek,

posta ere ez da heltzen —behelainoa baino ez gure barrakoi gainera—.

 

Zurrumurru eta bizkarroi artean, hemen bizi dira frantsesak,

poloniarrak, italiar zaratatsuak, serbiar disidenteak, mendietako judu

malenkoniatsuak, hebaindutako gorputz zailduak, eta hala ere

bizitza bera bizi dutenak, berri onen, emakume hitz gozoen,

etorkizun gizatiar eta librearen zain direnak,

amaiera heldu artean, ilunpe trinkoan bilduak, miraria noiz iritsiko.

 

Ohol gainean nago etzanda, mamorro arteko animalia gatibu.

Hasi da arkakusoen erasoa, baina eulien armadak etsi egin dio.

Begira, badator gaua, gatibutza egun bat motzagoa da, eta halaxe

da bizia bera ere. Kanpoan lo dago dena. Ilargiak argitzen du

ingurua: txarrantxa berriro ere tenk haren argitan, eta leihoen bestaldean,

batetik bestera dabiltzan zaindarien itzal armatuak

hormaren kontra, gauaren hotsak inguruan.

 

Esparrua lo dago —ikusten, maitea?—, ametsen burrunba entzuten da;

zurrungaka den hori asaldatu eta bestaldera etzan da kamainan,

loak hartu du ostera ere, zurbil. Eserita, neu bakarrik nago itzarririk,

ezpainetan zigarro mutur batek ordezkatzen du zure musuen usaina,

eta ez dator lasaituko nindukeen loa,

zu gabetanik ezin bainaiz ez hil ez bizi.

 

                                                            Lager Heidenau

                                                            Zagubica osteko mendietan

                                                            1944ko uztaila

 

Zazpigarren egloga
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013