Espainia
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013

 

Badira bi egun atertu gabe, eta leihoa

zabaltzean dirdirka dira Parisko teilatuak;

hodei bat dut mahai gainean, argiaren

bustia labainka doakit masailean behera.

 

Etxeen gaindi egonik, hondoenean nago;

kedarrari blai egindako garaia dario,

eta ni lokatz astunaren lotsa naiz,

eta iluntze lohiak dakartzan albisteena.

 

Oi, gerla ulugile eta hegal beltzeko,

auzo herritik hegan zatozena!

Orain ez da inor ez ereiten ez uzta eginean,

ez da mahats biltze gehiago izango.

 

Ez txiorik txoriak, ez eguzkirik zeruak,

amek ere ez dakarte umerik,

ibaien emana baino ez dagoeneko,

Espainia, dena odol eta bits.

 

Soldadu osteak helduko dira, baina,

indar oldea, ezerezetik trumilka,

mea-zuloetatik aterako dira,

soroen zauriek sortaraziko dituzte.

 

Herri osoak dituzu, Askatasuna, aldarrika,

gaur bazkalostean, zugatik da kantua,

Parisko behartsuek, aurpegiak euriak bustirik,

zure borrokari diote hitz larriz kantatzen.

 

                                                        1937

 

Espainia
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013