Nik ez dakit...
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013

 

Nik ez dakit zer den besteentzat lurralde hau,

baina herri txiki hau da nirea, sugarrek mehatxupean dutena,

herri txiki hau da nire haurtzaroa kulunkatzen duena.

Lur honetan sortua naiz, adar samurrak zuhaitzetatik legez,

eta hala espero dut, egunen batean nire gorpua bertan uztea.

Egunen batean landareak nire azpian etzaten direnean,

adiskideak balira bezalaxe agurtuko ditut, ezagutzen ditut

euren izenak, badakit nolako loreak dituzten.

Hemen etxean nago, ezagutzen dut bidean dabilen jendea,

badakit nora doazen —eta zergatik—, udako arratsalde batean

horma margotzen ari direla eguzkiak minez bustitako sugarrez.

Pilotuak zeru gainetik, gerra-mapa baino ez du ikusten,

ez daki esaten non den Mihaly Vörösmarty-ren etxea.

Zer identifika dezake? Barrakoi ilunak eta lantegi batzuk?

Nik kanpandorreak, idiak, etxaldeak, kilkerrak eta erleak

ikusten ditudanean, berak, kameraz bestalde,

fabrikak eta soloak zelatatzen ditu.

Baina nik nekazaria ikusten dut, ikara betean uztagatik,

kantuan ari den artzaina, mahastiak eta baso bat,

eta amona bat hilobi artean alarguntasunari negarrez.

Eta han goitik zartatu beharreko trenbidea dena

bide-aldatzeko seinale bat da egiaz, bere orratz-zainarekin,

banderatxo gorria duela eskuan, ume saldoa inguruan.

Lantegiko patioko ardi-txakur handi bat dabil garagarrak irabazten

hauts artean; eta han, parkean, garai bateko amodioen arrastoa,

eta umetako musuen ahogozoa —eztiarena, ahabiena oraino nire ahoan—,

eta bidean, eskolakoak atzeratze aldera, harri baten gainera igo nintzen

goiz batez: begira! Hona harria, pilotuak ikusi ezin duen magia,

zergatik, eta hegazkinean daramatzan tresnek ezin kokatu dutelako.

Egiaz, beste herri asko bezalaxe, geu gara errudunak,

badakigu zer egin dugun gaizki, badakigu nola eta non.

Baina bada hemen errurik gabeko bizitzarik ere,

poesiaz eta irritsez beteak, eta haur jaioberriak,

errukirako ahalmen itzela dutenak

—haiek zainduko dute argialdi hau babesleku ilunetan,

harik eta beste behin bakeak atzamarraz gure herri hau erakutsi arte,

orduan erantzungo diete ahots tolesgabe eta argiz gure hitz itoei.

 

Estal gaitzazu zure hegal zabalokin, gauaren hodei babesle horrek.

 

                                                                   1944ko urtarrilaren 17an

 

Nik ez dakit...
Miklos Radnoti

euskaratzailea: Iñigo Aranbarri
armiarma.eus, 2013