Alejandra Pizarnik. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 63.zkia
armiarma.eus, 2018

 

      Urruneko Rivne (Ukraina) hiritik senar-emazte judu errusiar-eslovakiarrak heldu ziren Buenos Airesera. Pozharniktarrek atzean utzi zituzten euren lurraldea, euren ohiturak, euren hizkuntza eta deitura bera; izan ere, adierazpen zailtasunengatik-edo Pizarnik deituraz geratu ziren erregistraturik Buenos Aireseko Avellaneda hirian kokatu zirenean.

     Urte bi geroago, 1936ko apirilaren 29an, Flora Alejandra Pizarnik jaio zen. Buma deitzen zioten umetan familia barruan; Blimele eskola judutarrean; Flora gaztaro argentinarrean; Sasha izena hartzen zuen fantasia errusiarretan. Baina Alejandra aukeratu zuen berak literaturan, Alejandra bere transgresioetan, Alejandra bere ahotsetan.

     Horrela adierazi zuen Izen bakarra poeman:

 

alejandra alejandra

azpian neu nago

alejandra

 

     Bigarren Mundu Gerran Pizarniktarren aitaren eta amaren aldeko familia suntsitu egin zuten sarraski eremuetan, horrela txikitatik markatua geratu zen heriotza eta oinazea Alejandraren bizipenetan. Nerabezaroan, akneak, txurrunak eta toteltasunak eragina izan zuten haren izaera ahulean. Horrek bakartzera, eta bere itxura fisikoarekin obsesionatzera eraman zuen. Nahasmendu horiek direla-eta, Alejandra anfetaminak, analgesikoak eta lo-eragileak (larregi) hartzen hasi zen.

     Bere lanbidea eta etorkizuna erabakitzeko zalantzan ibili zen. Filosofia eta Kazetaritza ikasketak hasi zituen, baina ez zituen amaitu. Pintura eta marrazki zaletasunak bultzatuta, Juan Batlle margolari surrealistaren lantegian sartu zen. Denbora gutxirako, hala ere; poesiarako grina eta lehia beste ezer baino handiagoa zen, eta bide horri ekin gura izan zion osoro.

     50eko urteetan porteñoen giro bohemioan  barneratu zen, eta sarritan joaten zen Oliverio  Girondo poetaren etxetzarrera. Hango gela nagusian Buenos Aireseko literatura jende gehiena batzen zen, eta Poesia Buenos Aires eta Sur talde ospetsuetako kideen laguna izan zen.

     Haren belaunaldiko artista askori bezala Parisek erakarpen eta lilura berezia eragiten zion. Benetako poeta izateko hara joan behar zuen. Horrela erabakita, 1960tik 1964ra han bizi izan zen. Artikuluak, kritikak eta poemak publikatu zituen hainbat aldizkaritan, eta Henri Michaux, Antonin Artaud, Aime Cesaire eta Ives Bonnefoyren lanak itzuli zituen. Frantziako Literatura Garaikideko eta Erlijioaren Historiako ikasketak egin zituen Sorbonako unibertsitatean. Intelektual eta artista asko ezagutu zituen, eta Octavio Paz mexikarraren eta Julio Cortazar argentinarraren adiskide mina egin zen (aditu askoren ustez, Alejandra dago Rayuelako “la Maga” izeneko pertsonaiaren atzean). Urritasun handiarekin, baina zoriontsua izan zen Parisen, eta poeta bezala heldutasuna lortu zuen. Han idatzi zuen 1962an bere obrarik onenetakoa den Árbol de Diana (Dianaren zuhaitza). Baina dena ez zen zoriontasuna izan; orban bat, zauri bat ere azaldu zitzaion gero eta ageriago, gero eta beltzago: gaixotasun psikikoa, zoratzeko beldurra, larritasuna...

     1964an Argentinara itzuli zen, eta bere obra ezagunenak argitaratu zituen orduan: Los trabajos y las noches (Lanak eta gauak, 1965), Extracción de la piedra de locura (Zoramen-harriaren erauzketa, 1968), eta El infierno musical (Infernu musikala, 1971) poema liburuak, eta hitz lauz idatzitako La condesa sangrienta (Kondesa odoltsua, 1966).

     1969an Guggenheim beka garrantzitsua eman zioten, eta 1971n Fulbright izenekoa, baina uko egin behar izan zion azken horri osasun arazoengatik.

     1972an, klinika psikiatriko batean egon ondoren, hogeita hamasei urte zituela, bere buruaz beste egitea erabaki zuen.

 

Alejandra Pizarnik. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz&Mintz, 63.zkia
armiarma.eus, 2018