DIANAREN ZUHAITZA
Alejandra Pizarnik

Árbol de Diana, 1962
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 63. zkia
armiarma.eus, 2018

 

1

 

Jauzi egin dut neure baitatik egunsentira.
Neure gorputza argiaren ondoan laga
eta jaiotzen denaren tristura kantatu dut

 

2


Hauek dira proposatzen dizkigun bertsioak:
zulo bat, horma dardarati bat…

 

3


soilik egarria
isiltasuna
bidaunerik ez
kontuz nirekin maite hori
kontuz desertuan emakume isilarekin
ontzi hutsa duen emakume bidaiariarekin
eta haren itzalaren itzalarekin.

 

4


                                Alabaina:
Nork utziko dio eskua murgiltzeari
neska txiki ahantziarentzako zerga bila. Hotzak
ordainduko du. Haizeak ordainduko du. Euriak ordainduko du.
Inusturiak ordainduko du.

Aurorari eta Julio Cortazarri

 

5

 

begi irekiko bizitza labur bakar baten
minutu baten truke
minutu batez lore txikiak
garunean dantzan ikusteagatik
hitzak mutu baten ahoan bezala

 

6

 

bera bere oroimenaren
paradisuan biluzten da
berak ez daki bere ikuskarien
patu basatia
bera existitzen ez dena
izendatzen ez jakitearen beldur da

 

7


Jauzi egiten du atorra sugarretan duela
ilargirik ilargi
itzalik itzal.
Urruneko heriotzaz hiltzen da
haizea maite duena.

 

8

 

Oroimen argitua, lorioa non noraezean dabilen
itxaroten dudanaren itzala. Ez da egia
etorriko dela. Ez da egia etorriko ez dela.

 

9


Hezur hauek gauean dirdirka
hitz hauek harribitxiak bezalakoak
txori harri bihurtu baten eztarri bizian
berde maite-maite hau
lila bero hau
bihotz soilik misteriotsu hau.

 

10


haize leun bat
begitarte tolestuz betea
maitatzeko objektuen itxuran ebakitzen dudana

 

11


orain
           ordu xalo honetan
izan nintzena eta biok
ene begiradaren atalasean jarri gara

 

12

 

ez gehiago neskato baten metamorfosi gozorik;
zetaz lo-ibiltari orain lainoaren erlaitzean

haren esku arnasadunaren itzartzea
haizetara irekitzen den lorearena

 

13


mundu honetako hitzekin azaltzea
nigandik ontzi bat abiatu zela ni barruan eramanda

 

14


Ez diodan poema,
merezi ez dudana.
Bi izateko beldurra
ispilura bidean:
norbaitek nire barruan lotan
jan eta edan egiten nau.

 

15


Bitxia desohitzea
jaio nintzen orduaz.
Bitxia ez jardutea gehiago
heldu berriaren langintzan.

 

16


zure etxea eraiki duzu
zure txoriak lumatu dituzu
haizea zeure hezurrekin
kolpatu duzu
bakarrik amaitu duzu
inork hasi ez zuena

 

17


Egunak non urruneko hitz bat nitaz jabetzen den. Banoa egun horietan

lo-ibiltari eta garbi. Automata ederrak bere burua xaramelatzen du,

xarmatzen du, kantuak eta kontuak esaten dizkio: hari zurrunen habia

non dantza egiten dudan eta negar egiten dudan nire hileta ugarietan.

(Emakume hura bere ispilu sutua da, bere itxarotea sutegi hotzetan,

bere osagai mistikoa, gau zurbilean bakarrik hazten diren bere izenen larruketa)

 

18

 

gauzen isiltasunaz dakien

poema batek bezala

hitz egiten duzu ni ez ikustearren

 

19

 

nireetan tatuaturik ditudan

begiak dakuskidanean

 

20


dio ez dakiela maitasunaren heriotzaren beldurraz
dio maitasunaren heriotzaren beldur dela
dio maitasuna heriotza dela beldurra dela
dio heriotza beldurra dela maitasuna dela
dio ez dakiela

 

Laure Batailloni

 

21

 

hainbeste jaio naiz
eta bitan pairatu
hemengo eta hango oroimenean

 

22


gauean
ispilu bat neskato hilarentzat
errautsezko ispilu bat

 

23


begirada bat estoldatik
munduaren ikuspegi bat izan daiteke
matxinada arrosa bati begiak haustu arte

begiratzean datza

 

24

 

(Wolsen marrazki bat)

 

harri hauek itzalak gatibatzen dituzte

eta isiluneaz kontu emanarazten

hari hauek begirada negarrarekin lotzen dute

 

25

 

(Goya erakusketa)

 

gauean zulo bat

aingeru batek behingoan inbaditua

 

26

 

(Kleeren marrazki bat)

 

gaueko jauregiak

edertasuna isiotzen duenean

            ispiluak sakatuko ditugu

gure aurpegiek idoloen gisa kantatu arte

 

27

loreen gaineko egunsentiaren ukaldi batek

bertan behera utzi nau ezerezez eta argi liliz mozkorturik

mugiezinez eta uste osoz mozkorturik

 

28

 

gauzen isilunea iruten duten

izenetatik urruntzen zara

 

29

 

Andre Pieyre de Mandiarguesi

 

Hemen esku bat saman dugula bizi gara. Absentziaren oinazeaz

euriak asmatu eta hitzak ehotzen zituztenek

bazekiten ezer ez zela posible. Horregatik haien otoitzetan

lanbroarekin maitemindutako eskuen hotsa aditzen zen.

 

30

 

negu ikaragarrian

hegoen eresia eurian

laino hatzak uraren memorian

 

31

 

Begiak itxi eta ez irekitzea zin egin. Kanpoan erlojuz eta

zuhurtziatik jaiotako lorez elikatzen diren bitartean.

Baina begiak itxita eta oinaze benetan handiegia dugula

ispiluak sakatzen ditugu hitz ahaztuak magikoki entzun arte.

 

32


Izurrilekua non neska lokartuak lasai jaten duen
bere gauerdiko bihotza

 

33

 

inoiz
                   agian inoiz
joan egingo naiz geratu barik
                   joan doanaren gisa joango naiz

 

34


bidaiari txikia
bere heriotza azalduz hiltzen zen

animalia nostalgiko jakintsuek
haren gorputz beroa bisitatzen zuten

 

35

 

Bizia, ene bizia, zeure buruari jausten utzi, utzi min hartzen, ene bizia,

utzi suz uztartzen, isilune xaloz, harri berdez gaueko etxean, zeure

buruari jausten eta min hartzen utzi, ene bizi horrek.

Ester Singerri

 

36

 

denboraren kaiolan

neska lokartua begira ari da bere begietara

 

haizeak hostoen

erantzun apala dakarkio

Alain Glassi

 

37

 

edozein eremu debekatuz harago
ispilu bat dago gure gardentasun tristearentzat

 

38


Kantu damutu hau nire poemen atzean dut zelatan
kantu honek ezeztatu egiten nau, isilarazi egiten nau.

 

DIANAREN ZUHAITZA
Alejandra Pizarnik

Árbol de Diana, 1962
euskaratzailea: Xabier Boveda
Idatz&Mintz, 63. zkia
armiarma.eus, 2018