NEU DUT ETXE
Pita Amor

Yo soy mi propia casa
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

I

 

Biribila nuen etxea

bakardade biribilekoa:

betetzen zuen airea

armonia biribila zen

estura arnas ezinekoa.

 

Goizak ziren gau

gauak zorabio

nahigabeak ederki ekarriak

pozak arrunt gaizki bizituak.

 

Eta giro biribil horretatik

biribil bere ezean,

bihotza irten zen zauriz

eta kontzientzia kezkati.

Oroitza batek zuen iraun:

biribila, biribila ezereza.

 

II

 

Mailarik gabeko zurubi

zaizkit nahigabeak niri,

munduari ordain sari emandako

desengainu kate

 

Bestelakoa dute forma

eta bestelakoa ñabardura,

baina urtez urte loturik

nire nahigabeak edo engainuak

mintasun sail bat iduri

zurubi dira nire barrura.

 

III

 

Gauzez dudan ideia biribilean

gauzatzen dira nire kezkak nire gaitzak

izan ere, geometrikoki

berdinak zaizkit handia eta txikia

izatez, garrantzi berekoak baitira

izanik, tamainek ez dute proportziorik

ez direnez neurtzen dimentsio arau

eta direnak dira osoak direlako,

biribilki desberdinak baina.

 

IV

 

Kanpora ari naiz emanez

eta itotzen ari naiz barrenez.

Mundua biribil bat baino ez da

eta munduari behar nioke

osotasuna eskatu, alferrez.

 

Osotasuna behar nuke

nik neure baitan gauzatu

negargarrizko hainbeste grina,

uxatzearen uxatzez

handituz doan nire banitate hau,

horrela izateko ahal ase

nire arima.

 

V

 

Nire garun barrokoari dario

osorik neure arima

alabaina nire gorputzak

bietan hartu nahi du mendeku.

 

Nire izate osoa dabil bila

gauzatzen ez den amaiera

baina nire arima egiten da lerratu

eta egiten ditu biak liberatu

igarriz direla guztiz

urpe hartzeko erribera.

 

VI

 

Txokona eta konkorra naiz

aldibereko mundu erdi bi

kanpora erakusten dudan uherra

eta barruan daramadan neurea.

Nire bi bihurgune erdi

zein baino zein nigan,

sakontasunei eta arinkeriei

eman diet neure muina.

 

Eta hain etxaide izan nituen

zuririk eta beltzik gogorrenak

non batera nituen ikasi

zeru eta infernu makurrak.

 

NEU DUT ETXE
Pita Amor

Yo soy mi propia casa
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018