PRESTATYN EGUZKITSUA
Philip Larkin

Sunny Prestatyn
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
armiarma.eus, 2023

 

Zatoz Prestatyn-go eguzkitara

zioen, irribarrez, posterreko neskak

harearen gainean belauniko

satin zuri itsatsia soinean.

Bazirudien atzean zituen kostalde

puska eta hotel palmeraduna

izterretik atera eta lepo atzean bildutako

besoetaraino hedatzen zitzaizkiola.

 

Martxoko egun batean zartatu zuten.

Aste pare batean akastu zizkioten

hortzak eta hazarazi begiak;

sastatu zizkioten, sastatu ere,

titi handiak, zarramazkatu hankartea,

izterpean, zangalatraba, zirriborroa egin:

buztan lodi bat eta potroak.

 

Sinadura Titch Thomas. Norbaitek

labana-edo erabiliko zuen irribarre

bibotedunaren ezpainak zulatzeko.

Onegia bizitza honetarako.

Handik gutxira, zeharkako urratu handi batek

eskua eta urdin pixka bat baizik ez zituen utzi.

Minbiziari aurre egin ageri da orain.

 

PRESTATYN EGUZKITSUA
Philip Larkin

Sunny Prestatyn
euskaratzailea: Juanjo Olasagarre
armiarma.eus, 2023