TESTAMENTUKO BERTSOAK
Pier Paolo Pasolini

Versi del testamento
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

Bakardadea: oso indartsu izan behar da

bakardadea maitatzeko; hanka arinak eduki

eta sasoi ederrean egon; hotzeria, sukarra edo

eztarriko lakarra izateko arriskutik itzuri; ez izan

beldur lapurrei eta hiltzaileei; oinez ibili behar bada

arratsalde osoan edo ia gauera arte,

aise egiten jakin behar da; ez dago non eseri,

batez ere neguan; haizea belar bustiaren gainean ufaka,

eta harritzarrak zabor artean heze eta lokazturik daudela;

ez da batere erosoa, horretaz ez dago zalantzarik,

egun eta gau oso bat duzu aurretik

inolako betebehar edo mugarik gabe, ez besterik.

Sexua aitzakia bat da. Enkontruak sarritan izan arren

—baita neguan ere, haizeak astindutako kaleetan,

zabor-pilen artean, eraikin urrunen kontra,

sarri—, bakardadearen uneak dira, ez besterik;

zenbat eta bero eta biziago izan gorputz liraina,

haziz igurtzi eta badoana,

orduan eta hotz eta izugarriago inguruko basamortu maitea;

horrexek betetzen zaitu pozez, haize miragarri batek nola,

ez gero lekutzen denaren irribarre xaloak

edo hantuste uherrak; gaztetasun izugarri gaztea

darama berekin; eta gizagabea da horretan,

ez baitu uzten arrastorik, edo, hobeto esanda,

arrasto bakarra, beti bera, urtaroa edozein dela.

Mutil bat bere lehen maitasun-minetan

munduaren emankortasuna besterik ez da.

Mundua iristen da berarekin; agertu eta desagertzen da,

mudatzen den forma bat nola. Gauza guztiak bere horretan geratzen dira,

eta, hiri erdia korrituta ere, ez duzu berriz aurkituko;

ekintza bete da, bera errepikatzea erritu bat da. Beraz...

bakardadea are handiagoa da jende-saldo oso bat badago,

nor bere txandaren zain: handitzen da desagertzeen kopurua

—alde egitea ihes egitea da—, eta hurrengo enkontrua orainari dagokio,

betebehar edo hiltzeko desirari eskainitako sakrifizio baten gisa.

Zahartzean, berriz, nekea sentitzen hasten zara,

batez ere afalondoan,

ezer aldatu ez zaizula; orduan hutsagatik ez duzu garrasi edo negar egiten;

eta hori ikaragarria litzateke nekea besterik ez balitz,

eta agian gose pixka bat. Ikaragarria, esan nahiko bailuke

zure bakardade-nahia ezin izango dela gehiago ase,

eta orduan zer espero dezakezu, bakardadetzat hartzen ez dena

egiazko bakardadea bada, onartu ezin duzuna?

Munduko ezein afari, bazkari edo pozbide ezin daiteke alderatu

kale txirotuetan egindako ibilaldi amaigabe batekin,

non zorigaiztoko eta indartsu izan behar den, zakurren anaia.

 

TESTAMENTUKO BERTSOAK
Pier Paolo Pasolini

Versi del testamento
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023