NIRE HERIOTZAREN EGUNA
Pier Paolo Pasolini

Il dì da la me muàrt
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

Hiri batean, Triesten edo Udinen,

ezkien etorbide batean,

udaberrian hostoek

kolorea mudatzen dutenean,

hilik eroriko naiz

horail eta garai

galdatan den eguzkipean,

eta betazalak itxiko ditut

zerua utzirik bere distiran.

 

Ezki berde epel baten azpian

eroriko naiz herio beltzean,

zeinak barreiatuko dituen

ezkiak eta eguzkia.

Gazte ederrek

korri egingo dute

nik galdu berriko argian,

eskoletatik kanpo hegan,

ile-kizkurrak kopetan.

 

Ni gaztea izango naiz oraindik,

alkandora argi bat soinean,

nire ile leuna euri gisa eroriz

hauts mingotsaren gainean.

Bero egongo naiz oraindik,

eta mutiko batek lasterka

etorbide epelean

eskua pausatuko dit

altzo kristalezkoan.

 

NIRE HERIOTZAREN EGUNA
Pier Paolo Pasolini

Il dì da la me muàrt
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023