BIZITASUN ETSIA
Pier Paolo Pasolini

Una disperata vitalità
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

III

 

Jada gure artean ez daudenak!

Historiaren hats berri batek beste bizitza batzuetara

eramanak, beren gaztetasun errugabean!

 

Gogoan dut... amodio batengatik izan zen,

erabat hartzen baitzituen nire begi gaztainkarak

eta galtza zintzoak, etxea eta landa-aldea, goizeko eta

arratseko eguzkia... Friuliko larunbat ederretan...

igandeetan... A! ezin dut hitz hori

ahoskatu ere egin, grina birjinena,

 

nire heriotzarena (ubide lehor

udaberri-lorez mukuru batean ikusia,

urreak astindutako aihen-ilaren artean,

 

landetxe ilunen ondoan, urdin bikainaren kontra).

 

Gogoan dut amodio munstrozko horretan

garrasi ere egiten nuela oinazez,

«seme-alaben seme-alabengan»

eguzkiak distira egingo zuen igandeengatik!

 

Negar egiten nuen, Casarsako etzalekuan,

pixa- eta gobada-usaina zerion logelan,

ezin gehiagoan distiratzen zuten igande haietan...

 

Malko ez sinestekoak! Ez bakarrik

galtzen nuenagatik, distiraren gelditasun

suharreko une hartan, baita galdu

 

behar nuenagatik ere! Noiz-eta gazte berriak

—gogoan erabili ere ezin nituenak,

garai hartan galtza zuriak eta jaka ingelesak

 

soinean eta lili bat botoi-zuloan, edo

seme-alaben adeitasunez erabilitako

ezkontza-arropa beltzez janzten zirenen hain berdinak—

 

bizi izango zirenean etorkizuneko bizitzen Casarsan

—aldaezin, bere haitzekin eta hil-hurren den

ur urrekaraz estaliko zuen eguzkiarekin...—.

 

Oinaze hiltzailearen bulkada epileptiko

batek jota protesta egiten nuen,

biziarteko espetxe-zigorrera kondenatuak nola,

logelan giltzapetuz,

beste inork jakin gabe,

garrasi egiten,

lisaburdinaren erredurek belztutako

mantekin ahoa estalita,

nire gaztaroko loreen gerizpe nituen

familia-manta kuttunekin.

Eta bazkalondo edo arrats batean,

garrasika joan nintzen lasterka,

igandeko kaleetan barrena, partidaren ondoren,

hilerri zaharrera, han, trenbidearen atzean,

eta behin eta berriz egin nuen,

odola atera arte, bizitzan den

ekintzarik gozoena, bakarrik,

zurezko gurutzeetan izenik ez zuten

soldadu italiar edo alemaniarren

bizpahiru hilobiren lur-piloaren gainean

—han baitzeutzan, aurreko gerratik lurperatuta—.

 

Eta, gero, gauez, malko lehorren artean,

kolore berde-grisaxkako oihalez jantzitako

ezezagun gaixo haien gorputz odoltsuak

 

mordoka etorri ziren biluzik eta

hustuta lo nentzan oheraino,

odolez zikintzera egunsentira arte.

 

Hogei urte nituen, ezta ere, hemezortzi,

hemeretzi... eta mende bete igaroa zen

bizirik nengoenetik, mundualdi oso bat,

 

oinazeak hartuta, ezin izango niolakoan

nire amodioa inori eman, ez bazen

nire eskuari, ubideetako belarrari

 

edo agian abandonatutako hilobi bateko lurrari...

Hogei urte eta, bere giza historiarekin eta

poesia-zikloarekin, bizialdi bat burutua zen.

 

BIZITASUN ETSIA
Pier Paolo Pasolini

Una disperata vitalità
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023