AITA SANTU BATI
Pier Paolo Pasolini

A un papa
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

Zu hil baino egun batzuk lehenago, herioak

zure garaikide batengan jarriak zituen begiak;

hogei urterekin, zu ikaslea zinen, bera peoia;

zu noble eta aberatsa, bera mutiko plebeioa;

baina egun berberek urreztatu dute zuen gainean

hainbeste berritzen ari zen Erroma zaharra.

Ikusi ditut gorpuzkiak, Zucchetto gaixoa.

Hordirik zebilen gauez merkatuen inguruan,

eta San Paolotik zetorren tranbiak jo eta herrestan

eraman zuen bide-tarte batean platanondoen artean;

han gelditu zen zenbait orduz, gurpilen azpian;

batzuk inguruan metatu ziren behatzeko,

isilik: berandu zen, oinezko askorik ez.

Zu existitzen zarelako dagoen gizonetako batek,

polizia zahar batek, hantustez neurria galduta,

oihu egiten zien alderatzen zirenei: "Utikan, arraioa!"

Gero anbulantzia etorri zen bila;

jendea lekutu, piltzarren bat geratu zen han eta hemen,

eta aurrerago, gaueko taberna bateko jabeak

—ezagutzen baitzuen— esan zion etorri berri bati

Zucchetto tranbiaren azpian zela eroria, hilik.

Handik gutxira, zu zinen zendua; Zucchetto zen beste bat

Erromako zure giza erkidego zabalean,

gizajo mozkor bat, familiarik eta ohantzerik gabea,

gautxori usua, auskalo nola biziko zena.

Zuk tutik ez zenekien hartaz, eta tutik ez dakizu

bere moduko milaka kristauz.

Agian gordinki ari naiz galdezka nire kautan zergatik

Zucchetto bezalako jendeak ez zuen zure amodioa merezi.

Parte txarreko toki batzuetan amak eta haurrak

antzinako hauts, behialako lohi batean bizi dira.

Zu bizi zinen lekutik ez oso urrunera,

Done Petriren kupula ederra begi-bistan,

Gelsomino da toki horietako bat...

Harrobiak erdibitutako mendia, eta, haren oinetan,

putzu baten eta etxe berrien ilara baten artean,

eraikin ziztrinen multzo bat, etxeak gabe txerrikortak.

Aski zatekeen zure keinu, hitz bat,

zure seme-alaba horiek izan zezaten etxea;

baina ez zenuen keinurik egin, ez hitzik esan.

Inork ez zizun eskatzen barkatzeko Marx!

Milaka urtetik besteratzen den baga eskerga batek

harengandik, haren erlijioarengandik zintuen bereizten;

baina zure erlijioan ez al da errukiaz mintzatzen?

Milaka gizaki zure aitasantutza-aldian,

zure begien aurrean, bizi izan dira ukuilu eta txerrikortetan.

Bazenekien: bekatu egitea ez da gaitz egitea;

on ez egitea, horra zer den bekatu egitea.

On egin zenezakeen erruz! Eta ez zenuen egin:

ez da izan zu baino bekatari handiagorik.

 

AITA SANTU BATI
Pier Paolo Pasolini

A un papa
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023