ERROMAKO AZPIPROLETARIOEN ABERASTASUN-NAHIA
Pier Paolo Pasolini

Il desiderio di ricchezza del sottoproletariato romano
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

Beha nago gizon hauei: nirea

ez bezalako bizitza batean heziak,

hain bestelakoa den historia baten emaitza,

eta berriz elkartuta, anaituta ia, hemen,

Erromaren azken forma historikoan.

Beha nago: guztiei darie labanaz

lo dagien artzainaren jitea; beren

urinetan ilundura trinkoa da hedatzen,

Belliren ikterizia pontifikala,

ez purpura, ezpada gorrixka motela,

behazun egosia. Azpiko arropa,

fin eta zikin; begietan, ironia,

bere kar heze, gorri, lohia iragaziz.

Arratsean daude erakusgai,

lur eremuetan ia, isilean galdutako

kalezuloz, murruz, ezkaratz

eta leihatilez egindako erreserbetan.

Egiaz, beren grinen artean lehena,

aberasteko desira: beren lohadar

garbitu gabeak bezain likitsa,

ostendua, eta, aldi berean, agerikoa,

batere ahalkerik gabea; nola

ahalkerik gabeko harraparia —aurrez

dastatuz mokadua mantso jira-hegaka—,

edo otsoa edo armiarma; dirua gutiziatuz,

ijitoek, mertzenarioek, putek bezala:

arranguraz, ez badute; lausengu zitalak

ahoan, eskuratzeko; plautinoki loriatzen,

patrikak beterik badituzte.

Lanean arituz gero —abere-hiltzaile mafioso,

zabor-biltzaile anker, saltzaile maritxu,

tranbialari sumindu, kale-saltzaile tisiko,

zakurrak bezain peoi on—,

lapur-itxura ere badute:

maltzurkeria gehiegi zain horietan...

 

Amen sabeletik dira irten,

espaloi edo historiaurreko belazeetan berriz

elkartzeko, eta historia guztietatik bazter

nahi dituen erregistro batean dituzte inskribatu...

Aberasteko duten nahia, beraz,

gizatxarrena da, aristokratikoa.

Nirearen antzekoa. Bakoitzak berea gogoan,

apustu estugarria irabazteko, esateko: "Eginda",

errege-imintzio batekin...

Gure esperantza ere itsua da:

estetikan oinarritua nirea, anarkikoa haiena.

Pinpirinak zein azpiproletarioak

sentimenduen ordena hierarkiko bera

dute zain: biak historiatik kanpo, sexu

eta bihotzaz gain bestelako itzurbiderik

ez duen, zentzumenez gain bestelako

sakontasunik ez duen munduan.

Non poza poz den, oinazea oinaze.

 

ERROMAKO AZPIPROLETARIOEN ABERASTASUN-NAHIA
Pier Paolo Pasolini

Il desiderio di ricchezza del sottoproletariato romano
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023