TIBERIADE ETA ITSASOAREN ARTEKO 85 KILOMETROETAN
Pier Paolo Pasolini

Lungo gli 85 km tra Tiberiade e il mare
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023

 

Tiberiade eta itsasoaren arteko 85 kilometroetan.

Olibondoak birlandatuta, ilun,

errudun edo beldur denak duen etsaitasunez.

Arabiarren haurrek, horiek bai,

barre egiten dute, tentelki barre,

ergelkeria hunkigarri batez,

gure gixagaixoen gisa;

herri gosetiaren txakurkumeak,

giza begi ederrekiko basapiztiatxoak:

behazuna bezain beltz, barrez betetzen,

breazko betileen hesiaren atzean,

azukrea, loreen beroa bailiran.

Irri alferrikakoa, patu bakarrarekin jaio denarena.

Neskatoek —barrez, soilik irribarre egiten dietelako—

burua mugitzen, soinetik aske balego bezala,

senak aginduta barretik dantzara joz.

Eta hemen, hauts gaitzez orbandutako

olibondo israeldarren atzean, zur eta

xaflazko etxeak, etxola zoriontsuak.

Baina hemen ere, eskualdearen erdian,

Ciociarian beneditarren komentu bat nola,

kibbutz baten kontzentrazio-eraikina.

Gazte gaixoak, horkoak, barre egiten ez dutenak.

……………………………………………………………

Autoaren kapotan bermatu bitartean

—ikastunaren zeinu zintzoa,

Jainkoaren lekuen bilatzaile zalantzati—,

badator, gamelu pare baten atzetik,

autoen klaxonaren, nagusi diren

mitoen doinuan, gazte arabiar bat,

jeans eta elastiko zuria soinean,

eskuak aldaken kontra estuturik,

hebilla handia zilborraren azpian,

eta galtzen gerria erorita,

pisu uher batek abaildurik nola.

Harrizko hortzekin. Bere aurpegia

hebrear garenok dugunaren berdina da.

Baina gurean, ai, ez dago amorrurik,

ez gorrotorik, ezta amorru edo

gorrotorako aukerarik ere.

Berak badu. Gizona den moduan.

Bere ziurtasun existentzialak

aurpegiratzen digu, eztiki, arrazaren

krudelkeria, guri, hebrearrei, are israeldarrei,

mitoen ezintasunarekin,

armak eskuan estuturik, desio baitugu

azkenik arrazoimenaren indarkeriak

izan dezan amorru eta gorrotoaren umiltasuna.

 

TIBERIADE ETA ITSASOAREN ARTEKO 85 KILOMETROETAN
Pier Paolo Pasolini

Lungo gli 85 km tra Tiberiade e il mare
euskaratzailea: Irene Hurtado de Saratxo Mendieta
armiarma.eus, 2023