ODOLEZ GORRITUTAKO ORBANA NAHI DUT IDATZI
Clarice Lispector

Quero escrever o borrão vermelho de sangue
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020

 

Odolez gorritutako orbana  nahi dut idatzi

odol tantak eta koaguloak jarioan

barrutik barrura.

Urre-horiz idatzi nahi dut

izpi zeharrargiz

bost axola

ulertzen ez bazait.

Ez dut galtzekorik.

Beti bizi izan nauen

bortxaren alde egiten dut trabes,

garrasi garratz eta zorrotz eta luzea,

bota ez nuen garrasia

gizalege fatsuaren erruz.

 

Hemen doa baina ene orroa

nire errai sakonak urratuz

hil-hats  desiratua jaiotzen den horretan.

Mundua hartu nahi dut

garrasiak eragindako lurrikararekin.

Nire bizitzaren klimaxa heriotza izango da.

 

Ideiak idatzi nahi ditut

hitzik xahutu gabe.

Biluzik egotea baino ez zait geratzen:

ez daukat besterik galtzeko.

 

ODOLEZ GORRITUTAKO ORBANA NAHI DUT IDATZI
Clarice Lispector

Quero escrever o borrão vermelho de sangue
euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2020