GAILURRA
Geo Bogza

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018

 

Baso ertzetik mendi bizkarrak ageri ziren,

eta gero, urrunago, gailurra, harri erpin helgaitza.

Uda hartan, gorantz eta gorantz behin eta berriz,

harkaitzik harkaitz lau pataka, oinak odoletan

eta belaunak urraturik berdingabeko irrikan,

goreneraino helduak ziren hartzen batzuk.

Halako poza iritsi izanak,

besarkatu egiten zuten elkar,

sorbaldan jo, denak orro, txalo,

eta garailearen distira begietan.

Bazuten zerk ernegatu ordea:

arrano batek, haitzean tinko atxikia,

malenkonia handian ikuskatzen zituen

inguruko haranak eta gailurrak.

— Izaki bitxia —hartzek oihu—,

nolatan ez zaude pozak gainezka?

— Zuek —arranoak, burua jiratuz—

behetik gora iritsi zarete hona,

baina ni goitik behera naiz iritsi.

Eta bere malenkonia handian baitaratu zen ostera.

 

GAILURRA
Geo Bogza

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2018