Gutariko bat baino ez
Sherko Bekas

euskaratzailea: Urtzi Urrutikoetxea
armiarma.eus, 2013

 

Ilunabarra zen,

doi-doi egin genuen ihes,

baina egun hartako euriak legez,

guk ere ez genuen gelditzerik.

Malko-katea bat bezala ibili ginen,

eta ke jarioak legez,

mendi batera

igo ginen.

Mela-mela bustita geunden,

zangoak gure gorputzen uharka genituen,

gure umeak: enarak

gure emakumeak: udazkeneko zuhaitzak,

gure zaharrak: zaldi akituak.

Gutariko denak mela-mela: ur-erretenak.

Aterki azpiko bat izan ezik,

ez zitzaion euri-tantarik jausten.

Gutariko lasaiena ere bazen:

haurra zen,

nire emaztearen umetokiak babestua!

 

Gutariko bat baino ez
Sherko Bekas

euskaratzailea: Urtzi Urrutikoetxea
armiarma.eus, 2013