Sherko Bekas (1940-2013)
sarrera laburra

 

     Kurdistango poeta garrantzitsuenetakoa izan da Sherko Bekas, belaunaldi oso bat hazi da haren poemak irakurtzen eta entzuten. Hego (Irakeko) Kurdistanen jaio zen, Suleymaniyan, 1940an; Fayak Bekas poetaren semea zen. Kurdistango askapen mugimenduko kidea izan zen 1965etik, Kurdistango Ahotsa irratian lanean. 1986an, Saddam Husseinek Anfal kanpaina abiarazita, Suediara erbesteratu zen. Kurdistanera itzuli zen 1992an, eta Kurdistango lehen Gobernu autonomoko kultura ministroa izan zen. 2013ko abuztuaren 4an Estokolmon hil zen. Sulaymaniya hiriko Azadi (Askatasuna) parkean ehortziko dutela iragarri du Kurdistango gobernuak.

     Sarri elkarren aurka egoten diren alderdi kurduak batu ditu idazlearen heriotzak. Bekasen aldeko oharrak argitara eman dituzte Kurdistango lehendakari Masud Barzanik eta KDP haren alderdiak, Jalal Talabani Irakeko lehendakariaren PUK alderdiak, baita PDKI Irango Kurdistango mugimendu historikoak eta Abdulla Ocalanen ideologiak batzen duen KCK ere. KCKn biltzen dira, besteak beste, PKK gerrilla eta Rojava-n (Siriako Kurdistanen) agintea hartu duen PYD alderdia.

     Bekas literatura kurduaren berritzaile garrantzitsuenetakoa izan da. 1971n, ordura arteko egitura zurrunak, errima tartean, hautsi zituen, eta Rûwange izeneko elementua ekarri zion literaturari. Ikuspegia esan nahi du Rûwangek. 1975ean “poster poemak” idazten hasi zen; eskulturatik eta pinturatik hartutako hitza da. Poema horietako gehienak laburrak dira, ustez objektu txiki edo hutsalak ditu protagonista, eta bizitasuna ematen die. Sinpletasun horretatik fantasiara, jakinminera eta ustekabera darama poema Bekasek. Eskualdeko literatur kritikariek As-sahil mumtana' , "gauza sinple atzemanezina" definitu dute.

     Sherko Bekasen lanak arabieraz, suedieraz, danieraz, nederlanderaz, italieraz, frantsesez, alemanez eta ingelesez eman dituzte. 1987 Tucholsky saria eman zion Estokolmon Suediko PEN Klubak, eta Florentziako hirian askatasunaren saria ere jaso zuen. Milango ohorezko hiritar ere izendatu zuten; irakurraldiak egin izan zituen Eskandinaviako herrialdeetan, Estatu Batuetan, Errusian, Erresuma Batuan, Alemanian, Austrian eta Suitzan.

     Idazle emankorra izan da Sherko Bekas, mila orrialde baino gehiagoko bi liburukitan bildu zituzten bere poema gehienak. Minbiziak heriotza ekarri arte egon da idazten, 2013 honetan bertan, Parisen hildako PKKko hiru kideen omenezko poema idatzi du, baita Siriako gerrari buruzkorik ere. Hala, Masud Barzani Hego Kurdistango presidenteari kritika egin dio Siriako Kurdistanekiko muga ixteagatik.

 

Sherko Bekas (1940-2013)
sarrera laburra