Lirika modernoaren aita. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 56, 2014
armiarma.eus, 2017

 

     Baudelairek poeta madarikatuaren eta dandy aristokratikoaren aurpegi biak izan zituen. Bietan gizarte hipokrita eta boterezalearenganako erdeinua erakusten zuen.

Parisen jaio zen 1821ean. Sei urte zituela, aita hil zitzaion, eta ama berriz ezkondu zen militar batekin , Charlesek sekula onartu ez zuen ugazaita gorrotatuarekin. Ikastetxean ikasle argia izan zen,  baina diziplina gabea.  Parisko unibertsitate garaian bizimodu bohemioa eta familiarentzat eskandalugarria izan zuen.  Aitak utzitako ondarea barra-barra eralgi ostean,  egoera estu eta larrian bizi izan zen: osasunik gabe, dirurik gabe, eta egonkortasun psikologikorik gabe. Hala ere, arte kritiko zorrotza izan zen, eta Edgar Allan Poeren obraren itzulpen bikaina egin zuen. 1857an Gaizkiaren loreak poema liburua argitaratu zuen.  Liburu hori dela eta, auzira eraman zuten, moralaren kontra egindako laidoengatik. Isuna ordaintzera kondenatu zuten, eta, gainera,  sei poema kendu behar izan zituen. Charlesek ez zuen etsi, eta jarraitu zuen liburua poema berriekin osatzen. Geroago, Belgikara joan zen, liburuak argitaratzeko laguntza bila, baina ez zuen lortu, eta, etsita, Parisera itzuli zen. Ordurako pairatzen zuen sifiliak oinaze larriak sortzen zizkion. Urtebeteko elbarritasuna jasan ostean, 1867an hil zen, Parisen bertan. Azkenean, “bizitzatik, jasan ezineko bizitzatik” jare.

    Charles Baudelaire XX. mendeko lirika modernoaren aita da. Berarengan batu ziren aurreko joera poetiko nagusiak, eta beragandik sortu ziren etorkizuneko poesiaren bideak (Sinbolismotik Surrealismoraino).

    Alde batetik, izaera erromantiko berezkoa zuen (barne urratua, gogo-ilundura, gaitz edo infinitura ihes egin nahia…); baina bestetik, zentzu kritikoak, poemen intentsitate eta betegintzarreak, eta, batez ere, gizakiaren eta hiriaren ikuspegi modernoak gainditu egiten dute erromantizismoaren samurkeria.

    Baditu bere poesietan Parnasianismoaren ezaugarri formal batzuk: sentsualtasuna, neurri eta errimen aberastasuna, aipamen mitologikoak… Hala ere, parnasianoen bideetatik urruntzen da barne-mundu konplexuaren erabilera poetikoan.

Eskuarki, sinbolismoaren aitzindaritzat hartzen da Baudelaire, eta mugimenduaren ordezkarien artean kokatzen da. Egia da Korrespondentziak izeneko poeman poesia sinbolistaren klabeak eskaintzen dizkigula: errealitate idealaren eta materialaren arteko harremana. Halaber, egia da sinbolismoan nabarmentzen den musikaltasuna, eta, oro har, zentzumenen mundua azaltzen dela, formak, koloreak, lurrinak harrigarriro elkartuz. Baina Baudelaire Sinbolismoaz haratago doa gaien sakontasunean eta barruko kontraste bortitzetan: Jainkoa eta Satan, ederra eta ezaina, bekatua eta ordaina…

Baudelaireren poemen egiturak eta zehaztasunak klasikoen artean ere jartzen dute, baina haren espiritu alatuaren adierazpenak XX. mendeko poesia iragartzen duen irrazionaltasunez beteta daude.

    Gaizkiaren loreak poema-bildumaz gainera, badauka prosa poetikoan idatzitako beste lan aipagarri bat ere: Petits poèmes en prose delakoa edo Le Spleen de Paris (Jean-Baptiste Orpustanek Poema xipiak laxoan edo Parisko gogo ilundura izenburupean euskarara itzulia). Bertan hiriaren errealitate anizkuna azaltzen da: ibiltari bakartia eta jende elia; lorategiak, teilatuak eta teilatupeak,; kafe-etxeak, kabaretak…

 

Lirika modernoaren aita. Aurkezpena
Xabier Boveda

Idatz & Mintz, 56, 2014
armiarma.eus, 2017