101
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Germanian elbarri    dagoen euskaldunak,

ez baitu, eri bada,    adierazten ahal,

sendagailurik ezin    diezaioke eman

inongo sendagilek,    ez bad(a) Espainiakoa,

haren gaitzaz baituke    ezagutze haboro

eta hob(e) ulertuko    du haren nolakoa.

Hala, bada, ni arrotz    lekuan naiz jarria

non zuk beste inork ez    laguntzen ahal bainau.

 

Hain begi ahaltsuak    ikusi nituen nik

mina ematen eta    atsegina agintzen,

halako kemena nik    imajinat(u) ene gain,

non ene gazteluan   jopu izan bainintzen.

Keinu bat nik ikusi   nuen, ahots bat entzun

gorputz sotil batena;    et(a) armadun gizon bat

beldur nezakeela   zin egingo nuen hau,

haren oinetaratu   nintzen gudurik gabe.

 

Hala nola umea bere   kalean zehar

ongi baitak(i) ibiltzen    bere adinerako,

menturaz haitz artean    burua badakusa,

beldur baita: ez daki    zangoa non ezarri;

aurrera jotzea, ez    baitakusa oinatzik,

ez du nahi, et(a) ezin   bide laurik erabil;

itzultzen er(e) ez daki,    bestek eraman baitu

berak, berez, bidea    ibilik(o) ez baitzuen.

 

Ene begiek egin    dute horren bokata,

nah(i) izan dute ene    sentsuek han nahasi;

ni penaz nago, baina    ezin dut aurre egin,

penarekin plazeren   bat, han nahasi baita.

Amodiok nahi nau,    Fortunak nau aldentzen:

halako kontrakoak    ezin ditut gainditu.

Amodio gabe ez   duket sendagailurik

esan zaidazu, bada,    nitaz zer uste duzun!

 

Lotan, iratzarririk,    badut apet(a) ikusten

nor maite dudan, nor den,    zer bali(o) ote duen,

eta habor(o) aurkitu,    handiago zait mina,

pentsuak eragiten    baitit zoraldi gaitza,

bai, eta hain handia,    non haren erdeinua

el(e) urri, den gisako    maila, maite baititut

gehiago frantsesen    errege izan baino,

eta bertan nadila hil,    gezurra badiot!

 

Zure nahi ezak dit    pizten ene nahia

eta zure begiek    hauts(i) ene babeskia.

pentsuak garaitu nau    jada, azpijanean:

Zure zuhurtziaren    atxilo beldurti naiz.

Zure keinuak dizkit    egintzak bararazten

eta ene nahia, ezin du    barat(u) ezerk

Negutean kiskaltzen,    udan berorik gabe

arriskuok didate    sari txar ekarriko.

 

Eder zentzudun hori,    zernahi lan txiki da

ene lehiarako   zu urrun ikustean

zeren zure hurrean    ezerk ezin nau histu

eta zugandik urrun    on oro nekedun da.

 

101
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002