76
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Zein tokitan d(u) izango   pausu ene pentsuak?

Non hartuko du ene   nahiak atsegina?

Plomuz sakontasuna   neurtzen dut, eta ez

dut porturik aurkitzen    pausatzer(a) ausartzeko.

Lehen haize orotik    babesten ninduena,

hondartz(a) anker mortua   da orain nirekiko;

alderrai nabil etxe    perilgabean zehar;

zeregin asko dago,    nagi nentzan aurkintzan.

 

Non da atsegin hura,    pentsatzen nuenean

maitatzen ninduela    ulertzen ninduenak?

Haren et(a) ene nahi    osoak, begiratzen

ez zidan maitatzetik    indarraren neurrira.

Maitasunak aditzen    ematen duen ikur

oro, hargan bizi da,    egintzekin batean.

Nor d(a) amorearekin    hain trebea izanik

haren sentimen(a) ezin    bere dezakeena?

 

Jada munduan ezerk    mina ezin dit kendu,

galdua da ja nire   bizitzatik poz oro,

adiskideei diet    tristeziaz idazten,

ez dut astirik nire    onera bihurtzeko.

Hainbat nau balakatu    tristurak, non ad(i) edo

entzun dezakedana    gertatzen baitzait triste,

hain non trantze    honetan larri zait sinestea

tristura saihestea    eginkizun dudala.

 

Amodiok, gog(o) irmoz    nahi duenez gero

haren atseginen zain    zoroki egon nadin

(eta, hortaz, etsia    munduaz har dezadan,

maitasun gabe baitzait    atsegin oro laido),

Jainko egileari    arima gomendatzen

diot, asturugaitzak    jotako gorputz(a) utziz;

ez doa jada honen    nahiaren hatzean,

horrengatik nabarmen   oinazez bizi baita.

 

Hala nol(a) agureak    bizialdia baitu

eman alai, ikasi    zuen antze batean,

eta halabeharrez    hartaz dute gabetzen

(ez daki zertan ari   bere bizibidean),

hala nik er(e) ez dakit    bizitza nol(a) eraman,

itxi(a) ikusten baitut    Maitasunen atea,

ez dakit best(e) ezertan    eta borondateak

ez du nahi, dezadan    alda ene ohitza.

 

Oi, Amodio zoro,    arriskatzen da, nahi

duenak mait(e) andre bat    bertuteen kariaz;

bizi et(a) egoerak    zintzotzen dute noski,

baina, zein izango da    hala biziko dena?

 

76
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002