39
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Ene esanak aintzat    har ez bitza alaiak

edo aldiren batez    triste izan ez denak,

eta gaizkiengatik    grinek hartua denak

toki ilunean ez    bez(a) ezkuta tristura;

pentsu asaldatua    bez(a) irakur hitzotan,

antze gabe ehoak    burutik joan denak.

Eta min horretara    bulkatzen nauen kausa

Amodiok badaki,    bera baita zioa.

 

Zati bat, ez txikia,    aurkitua izan da

atsegin handikoa,    tristearen pentsuan

eta orok banaute    min handiz begietsi

plazera izan zuen    ene arimak lagun.

Amodio sotilki    nigan bizi denean,

halako plazera dut    non ez bainaiz munduan

eta, ber(e) obra sakon    ikusi nahi dudanez

minarekin nahaste    atsegina hartzen dut.

 

Eremutar bizitza    laster no(a) egitera

Amodioren jaiak    hobeki ospatzeko

hain bizitza arrotza    ez bez(a) inork deitora

bere gorterako dei    baitagit Amodiok.

Eta nik, soilik berez    maitatzen dudan honek,

ematen ahal didan    doe(a) ukatu gabe,

haren tristezian dut    atsegin etsitzea

eta bai bizitzea    tristatua betiko.

 

Ene adimendutik   ez dut baztertzen ahal

egia dela, eta   lagunkide hobea

haren goibeltasuna    ezein atsegin baino,

beti eskaintzen baitu   ahultze eztitsua.

Ene atseginaren    alderdiren bat bada

gizon tristatu orok   hartzen duena, zeina,

oinazean,negarrak   bihotz-arintzenago

baitu, mund(u) osoaren    urrikalmenak baino.

 

Agirakatuko nau,    nik uste, jende askok

hain goratzen dudanez    bizimolde tristea;

baina nik, haren aintza    begietsia baitut,

haren gaitza nahi dut,    plazera dakarrenez.

Eskarmentu(a) izan ezik   ezin daiteke jakin

maitatze soilean den    plazer guztiz handia

benetako maitale   izanik, eta hala

burua ikusirik,    maite duenarentzat

 

Lahar artean lili,    Jaunak diezazula

ager, nola zugatik    burura heldu naizen;

ene ahalmenez nau    Amodiok lurrera

muga gabe ahaldun    den bere hura gabe.

 

39
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002