46
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Bela-haizeek bete    bitzat(e) ene nahiak

zalantzazko bideak    itsasotik eginik.

Enbat(a) eta Mendebal   haien aurka dakuskit

baina Afrikar eta    Eki haizeak alde

dituzte, et(a) orobat    haien lagun Hegoa,

eskatzen baitiote    apalki Iparrari

alde izan dezaten    eraunsten duenean.

 

Suan eltzeak legez    Itsasok dirakike

berezko kolorea    et(a) itxura aldatuz,

eta azalduko du    gaizkinahi handia

gainean jartzen zaion   zernahi gauzarentzat;

arrain hand(i) eta txikik    ihes egingo dute

eta gordelekuak    bilatuko dituzte

hazleku izan duten   itsasoar(i) ihesi,

lehorrera joango    dira salbamen bila.

 

Erromes guztiak zin    bater(a) egingo dute

et(a) ezkozko doeak   ugari promestuko;

izuak argitara    erakarriko ditu

aitor-entzuleari    isildu ezkutuak.

Arriskuan inoiz ez   zaituztet ahaztuko

aitzitik, eskatuko    diot, batu gaituen

Jaunari, ez dakidan    borondatea ibi,

eta izango zaitut    aurrean aldi oro.

 

Herioren beldur naiz    aldara bainazake

zugandik, hiltzen baitu    Heriok Amodio;

baina ez dut nik uste    nire maitasuna goi

dezakeen, holako    aldaramendu batek.

Zure maitasun gezak   nau, bai, goganbehartzen,

ni hiltzean ez ote    nauen ahaztuk(o) arras.

Pentsu honek soilik dit   plazera eragozten

-gu bizirik ez baitut    uste gertatuko den-;

 

ni hilik, gal dezazun    maitatze ahalmena,

eta hura guztia   hira bilaka dadin,

eta ni, hertsatua   lur hau betan uztera,

nire gaitz(a) izango da   zu ez begiestea.

Oi, Jauna, zergatik ez    du Amodiok finik,

hartatik hur bakarka    bainintzatek(e) egongo?

Nekike zenbat nauen    nahi zure nahiak

datorrenaren fio    eta beldur osoki.

 

Ni naiz maitatzailerik    suharrena munduan,

Jaunak bizia kendu    zion haren ondotik:

bizi bainaiz, et(a) ene    bihotza ez da doluz

heriotza bezainbat    haren minarengatik.

Amodioaren on    edo gaitzera prest naiz

baina nire patuak    ez narama hartara;

guztiz iratzarria,    zabaldurik atea,

aurkituko nau, baiki,    apalki erantzuten.

 

Garestiena gerta    dakidana nahi dut

et(a) itxaropen horrek   bihotza arintzen dit;

ez dut gogoko ene   bizia egotea

gaitz handitik osorik,    aitzitik etor bedi.

Orduan fede ez du    eman beharko inork

Amodiok nigandik    at egingo duenaz;

haren indarr(a) egintzek    agertuko baitute

eta ene esanak    eginek frogatuko.

 

Maite, sentitzenago    dut ezagutzen baino,

zatirik okerrena    geldituko zaidala;

zutaz soilik dakike   zu gabe dagoenak.

Dado jokoarena    duzu antza, betea.

 

46
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002