25
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002

 

Ez dut galdu iragan    denbor(a) atsegin haren

oroimena; uste dut    itzulezina dela.

Hura banu, mesede    handi nuke, Errukik

bailituzke egingo    onezkoak zurekin.

Maiteko nindukezu    aspaldian bezala,

noiz nigatiko pena    aitortzen baitzenidan.

Orain maite baitzaitut    inoiz bain(o) areago

itzul zaitez, mesedez,    hatsarreko puntura.

 

Lehen baino naukazu    desiraz beteago,

eta desira hori    ez da sekula hilko,

nire gorputzak baitu   irmoki atxikiko,

et(a) ez dio egingo    aurre adimenduak.

Desira nazaz(u) orain    behinola bezala,

os(o) asetzen ninduen   nahitasunarekin.

Orain maite baitzaitut   inoiz bain(o) areago,

itzul zaitez mesedez    hatsarreko puntura.

 

Eta bidezko bazen   maitatu(a) izan nendin,

orain ere da bide:    ene begiak dio

maiz minez negarretan   minki ar(i) izan dela,

eta, are negarrik    gabe, goibel nintzela.

Et(a) arrai Te Deum-a    zenuen kantatzen zuk.

Biraoak kantatzen    nik malkoen artean.

Orain maite baitzaitut   inoiz bain(o) areago,

itzul zaitez mesedez    hatsarreko puntura.

 

Atsekabe joanak    ez ditut kontatuko

fede onik ez baitut    zureganik izango;

maitatzen ez duenak    besteren(a) ezin senti,

ez baitio behatzen    alaiak tristeari.

Egun baten herenez    maitatuko bazenu

kitatuko zenuke    nik zugatik jasana.

Orain maite baitzaitut   inoiz bain(o) areago,

itzul zaitez mesedez    hatsarreko puntura.

 

Dei egin nahi diet   aitzineko guztiei

Amodiok zienei    bihotza maitemindu,

eta orain daudenei   eta etortzekoei

ene kexa dezaten    adi ene hitzean;

eta zugan balego   ezagutza apur bat,

goiz batean eginaz    damuturik zeundeke.

Orain maite baitzaitut   inoiz bain(o) areago,

itzul zaitez mesedez   hatsarreko puntura.

 

Andre zentzuz betea,    ene bihotza iker

ezazu, et(a) ikus han   maitasun fingabea.

Orain maite baitzaitut    inoiz bain(o) areago,

itzul zaitez mesedez   hatsarreko puntura.

 

25
Ausias March

euskaratzailea: Ibon Sarasola
Hegats, 30, 2002