1 Loan atsegin hartzen duen hura bezala atsegina pentsatze zorotik hartzen baitu, hala nago ni, hartu baitit aldi joanak asmamena, han beste onik ez dagoela, sentitzen dudalarik oinazea zelatan, jakinik haren mende ehortziko nautela. Etorkizunak ez dit onik eskuratuko iragan hura baitut niretzat hoberena.
Hortaz, ez naiz egungo aldiaren maitale, baizik iraganaren, joan-ezdeusa baita; pentsu horretan ene atsegina hartzen dut, baina hura galtzean, bizkortzen d(a) oinazea, heriora aspaldi epaitua bezala hura jakinak etsi ona eman baitio eta, barkamenean betan sinetsaraziz hilarazten baitute ezein oroipen gabe.
Jainkoak ailiotsa ene pentsua hilda bizia lo zorroan guztiz joan litzaidan! Arras gaizki bizi da duenak pentsatzea etsaitzat, bere mina gogoratzen diola; eta atseginen bat eman nahi badio, badaragoio ama semedunak lez, zeinak, haurrak lantuz badio galdegiten pozoia, hur(a) ukatzeko aski zentzu onik ez baitu.
Hobeko litzaidake min osoa pairatu hartan plazer apur bat nahastekatu baino, iragan plazeretik ilki behar dudala ikustea trabatzen didaten gaitz artean.
Oi, nire atsegina oinaze bihurtzen da eta da pena hantzen paus(u) apur batez gero, ahamen on baten truk bere jate guztia oinaze bilakatzen zaion eria legez.
Hala nola padarra, lur honetan zituen adiskideei mira egiten ez diena, eta denbora luze mortuan eramanik patuak haietako bat erakusten dio, eta, plazer joanak gogora ekartzean, orainaldi min dio bihurtzen iragana; baina hura joanda, larriminean datza; badoan ongiak du oihuka deitzen gaitza.
Andre zentzuz betea, maitasuna denean zahar, absentzia da hozkatzen duen harra, ez badio egiten aurre irmotasunak et(a) egiten entzungor, bekaitzaren bozari.
1 |