19. Joan egingo zela jakin zuen egunean, telefono deien eta zorionen eta besarkaden eta muxuen aurretik, liburutegian geratu zuen autoa.
Jaistean, berokiaren hegalak altxa, eta desitxuratutako zebrabide bat gurutzatu zuen:
bi urte lehenago barrikada batek su hartu zuen bertan. Egun hartan bihurritu zuen suak asfaltoa eta erabat konpondu gabe utzi zuten geroztik; aurrekontu eskasen batek mantendu zion aipamena zoruan langile borrokari.
Gorrituta zituen belarriak udazken beteko hotzagatik, baina eskailerak igo, eta atea ireki zuenean, hango aireak, berogailu eta isiltasun aire trinko hark, artilezko eskuz hartu zuen.
Aldi hartan, beste aldietan ez bezala, atzean utzi zituen poesiari eskainitako apalak. Eta galdutako tituluen artean bilatu zuen hamazazpi urterekin Venezia uztea erabaki zuen gizon hari buruzko liburua.
Bidaiarien izaeraz jakin beharra zuelako bilatu zuen, ezinbestean deskubritu nahi zuelako alde egitearen ederra.
Lau ordu eman zituen han eserita.
Eta liburu hartan kontatutako guztien artean, garrantzi gabeko datu bat besterik ez zuen gorde beretzat, poltsikoan sartutako maskor bat bezala:
gustatu zitzaion Marco Poloren hirugarren alabaren izena Moretta.
19. |