19.
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014

 

Joan egingo zela

jakin zuen egunean,

telefono deien

eta zorionen eta besarkaden

eta muxuen aurretik,

liburutegian geratu zuen autoa.

 

Jaistean,

berokiaren hegalak altxa,

eta desitxuratutako zebrabide bat gurutzatu zuen:

 

bi urte lehenago barrikada batek su hartu zuen bertan.

Egun hartan bihurritu zuen suak asfaltoa

eta erabat konpondu gabe utzi zuten geroztik;

aurrekontu eskasen batek

mantendu zion aipamena zoruan

langile borrokari.

 

Gorrituta zituen belarriak

udazken beteko hotzagatik,

baina eskailerak igo, eta atea ireki zuenean,

hango aireak, berogailu

eta isiltasun aire trinko hark,

artilezko eskuz hartu zuen.

 

Aldi hartan, beste aldietan ez bezala,

atzean utzi zituen poesiari eskainitako apalak.

Eta galdutako tituluen artean bilatu zuen

hamazazpi urterekin

Venezia uztea erabaki zuen

gizon hari buruzko liburua.

 

Bidaiarien

izaeraz jakin beharra zuelako

bilatu zuen,

ezinbestean deskubritu nahi zuelako

alde egitearen ederra.

 

 

Lau ordu eman zituen han eserita.

 

Eta liburu hartan kontatutako guztien artean,

garrantzi gabeko datu bat

besterik ez zuen gorde beretzat,

poltsikoan sartutako maskor bat bezala:

 

gustatu zitzaion

Marco Poloren hirugarren alabaren izena

Moretta.

 

19.
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014