EZ NABIGATZAILEAK
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014

 

1- Etorrera

 

Egia zioten zurrumurruek.

Ontziak muturra gerturatzen du

errautsez egindako herrialde beltzera

eta hodeien disposizioaren gainean

luzatzen da abere basatiaren bizkarra.

 

Eta orain badakigu

zuzen zirela leiendak, eta nik

brankan zabaltzen ditut eskuak

ze nire herrialdean

ezezaguna da zeruaren neurria.

 

Behorren errezelo indartsuaz

uzten dute muinoek milika ditzaten,

hartu nau irlak.

 

 

Jakizue,

burdina menderatzen duen herrialde batetik nator.

 

Eta marinel deitzen dugu geure burua, baina han

inguratu egin daiteke itsasoa.

Zeremonia mahai bat bezala,

mendien uhatea.

Horregatik ez dugu ageri

aurpegietako larruan itsasoaren pasartea.

 

Eta hona nator hodeien sumendira eta lurra

irakin osteko mahats-bilketa dakart nire atzean,

ardo geldoa nire atzean, gizonen badietako saldan

izurdeen lo eragile dena:

Uretan egindako lehen bidaia haren

motiboak.

 

Horregatik,

hatzen zurruntasuna izango da nire sinboloa,

hala ezagutuko nauzu, hala ezagutuko duzu nigan

nire ardo eta izurde eta burdin

herria eta lurrak

inguratutako ozeanoaren titulua.

 

 

2- Han

 

Urruneko omen diren herrien bateratzea

kontatzen duten leiendek behar duten

epika falta da.

 

Ze bestelakoa da nire jarrera, hau zen

bilatzen nuen istantea eta heldu da,

eta topaketa horri eskaini dizkiot

adore guztia eta

makalaldi guztiak,

eta egonaldi osoa falta da oraindik baina iruditzen zait

agortu egin ditudala jadanik bisitaren motiboak

eta hiltzen igartzen dut neure burua

orain, hurbiltzeko momentuan,

eta beste ezer ez da beharrezko.

 

Baina hor zaude,

hor daude irlako muinoak,

topaketa handira bultzatzen gaituztela.

Deskripzioek ez dute tarterik. Elkar begiratzen dugu.

 

Eta gogoratzen dut, koldarki, zure arbasoek

sustraien garaian inoratu egin zutela

edo baztertu, bestela, nabigazioa

eta agian ez zeudela ongietorriak egitera ohituta.

 

Zuk ere pentsatzen duzu

zer presentzia duten orain behinolako oinek?

Zuk ere hori darabilzu gogoan? Herrialde honetan ere

gisa horretan pentsatzen da?

 

 

Niri dagokidanez, eta

beti nire ardura gisa sentitu dudan

nireen estandarteari dagokionez,

Atlantikoaren inguruko kontakizunen

zaintza eta erreferentzia dakart.

Munduko munstroetara ematen duen luzapena da zure irla.

Eta etor daitezela goxotasunez

ozeanoak gure oinetara.

 

Baina

zugan beltza ere nabarmentzen da, konnotazioz

erabat biluzturik,

eta su-eten baten modukoa da.

Begien luzera.

 

Eta zure biltzaile eskuak

aitzindarien oinordeko

beroak dira

eta ni, bidaiaren eramailea, teknikoa,

aditua, irakaslea, nekatuta nator jadanik

eta ez dakit, inoiz

ez dut jakin.

 

 

3. Eguzkiaren zoramena

 

Zuen errotak ezagutu nahi ditut,

zuen

oparotasun erritualak,

materia primaren asimilazioa.

 

Zuk nabigatzen ez dutenen errege zaharraren izena daramazu,

amildegiez mende askotara, irlaren izena daramazu.

Eta zure muskuluen guneren batean dago

sumendiarekiko lotura ere.

 

 

Hala ere,

tradizio gehiago gorde dut nik

nire beldur guztietan.

 

Horretara nator,

 

 

Sumendiari beldurra galtzera nator.

Munduko munstroei beldurra galtzera nator.

 

Eta egonaldi osoa gelditzen da oraindik eta hil

edo sekula ez itzultzeko arriskua dut, baina

 

hantxe nago, nire zibilizazioaren

beldurren biltoki den irla urrunean,

eta bitartean, entzun egiten da inaugurazio danborren

orroa.

 

EZ NABIGATZAILEAK
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014