IRAILA
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014

 

Nik ez nekien:

portuko argiak pizten direnean,

joan egiten dira ontzi batzuk

itzuli ordez.

 

Gaua kanpoan emango dute.

Goizez itzuliko dira —esan zuen neskak.

 

Seselleko hareatzan gaude eserita.

Gure aurrean, pausatuta dago itsasoa

botila baten barruan balego bezala.

 

Gustatuko litzaidake haiekin joatea,

nola aritzen diren ikusteko —esan zuen.

 

Zortzi eta erdiak izango dira eta jadanik

sortu da eguzkia Ares herri gainean

eta hor bukatu da uda.

 

            ...nola aritzen diren ikusteko.

 

Bera ezagutu baino lehen sasoi batez

Anne Bancroften modura imajinatzen nuen

mediak bere hanka luzeetan behera irristarazten

eta ni Dustin Hoffman zurbil bat nintzen ate ondoan,

txikia eta buru handia,

eskuak tente, sorbaldak uzkur

eta oinak

elkarri itsatsita.

 

Gero jakin nuen uda

hurrengo egunean amaitzen zela benetan,

baina ezinbesteko bat etortze planetarioa merezi zuen ordukoak.

 

Zeren Seselleko arrats hark

ematen zuen tronpetaz inguratutako ipuin baterako

eta munduak, horrela sortua izan baitzen,

memoriari onartzen diolako lizentzia

udazkeneko lehen eguna besterik gabe aldatzeko.

 

            Bihar eguzki izango da eta irailak ez du iraungo

            betirako. Bukatu nahi zenuke uda oinetan

            Seselleko area sentituz?

 

gogoratzen naiz zurekin, noski,

itsasoa gustatzen zaizu

eta paseoan patinatzea.

 

IRAILA
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014