4.
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014

 

Bere etxean geunden

eta, beraz, berari zegokion mahai-buru izatea.

 

Umeok txokolatezko turroia

irensteko geneukan grinari

begira-begira zegoen

 

eta eskutan hartzen zuen

ardo kopa.

 

Bat-batean, ahotsa altxatu zuen.

 

Eguberritako afaloste hartan entzun nion.

Bera ume zela, herriko denda batean,

ziba handi bat zeukaten salgai,

sua pizteko pinaburu bat bezain lodia.

 

Ez dut gogoan zenbat balio zuen.

Errealak aipatzen zituen berak, nik

inoiz ezagutu ez nituen txanpon haiek.

 

Baina grabatuta gelditu zitzaidan

bi urte behar izan zituela diru hura biltzeko.

 

Hatzez inguratzen zuen kopa,

bera zen istorioaren jabe.

Eta hala kontatu zuen, berari

garrantzizko zitzaizkion xehetasunak nabarmenduz,

eta garrantzigabe iruditzen zitzaizkionak isilduz.

Bihurritu egiten zuen kontakizuna,

berak erabakitzen zuen haren esanahia.

 

Horregatik, apenas esan zuen gauza handirik

dirua lortzeko egin zituenei buruz.

Borroka azpimarratzea zen garrantzitsua,

heldu nahi zuen lekura heldu zela zehaztea.

 

Eta azkenean,

poltsikoak arakatuta sosak bildu

eta salmahai gainean jarri zituenean,

begira gelditu zitzaion dendaria.

Eta emakume hark esan ziona

kontatu zuen, nik

denboran zeharreko zulo batetik begiratzen nuen bitartean,

desmemoriaren kandelaren ondoan

kemenaren oinkada pera eroritako

herentzia baten augurioa azalduko baligu bezala:

 

Baina, mutiko, txanpon hauek jadanik ez dute balio.

 

4.
Arsenio Iglesias

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2014