ORDUTIK EZER GERTATUKO EZ BALITZ BEZALA
Abdul Hadi Sadoun

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Ordutik ezer gertatuko ez balitz bezala.

Orain dela mendeak ikusi izan bazintut bezala hain txikia ez nintzenean eta gauzak hain handiak. Beste bizitza batean elkar topatuko bagenu bezala, intuizioaren alondegietan bata bestearen bila olgetan. Batak besteari diosal adeitsua egingo bagenio bezala, besteak ere batari bihozki. Zu bazina bezala ni, eta ni zu, betiko. Ezer gertatuko ez balitz bezala, eta dena gertatzen da bat-batean. Eta urrunetik txalo egingo banizu bezala. Eta zuk betiko jokoa irakasten didazu. Ordutik ezer gertatuko ez balitz bezala.

Dena ideia batetik sortuko balitz bezala, ideia garbi, ezinbesteko batetik, eta zu nire begi itsutuen aurrean etzaten zara. Orain ez zara beste istorio bat soilik, baina hemen nago gorputzaren irrika guztiarekin, iristen naiz behako bat egitera zure sustraiaren leinuan ezkutatzen duzunari, bidaldiaren lasterbideetan lurrak goratzen dituen memorien bila.

Zure begiek abentura antzinakoak gutiziatzen zituzten, zure paisaiak astitsuki sumatuko balira bezala sentitzen naizelarik, ilusio kolorgeak nire bista setati eta lausotuaren azpian.

 

Zu

Zuhaitz sekretu bateko ideia sekretua;

Ideia ez-sekretu baten hazi bateko zuhaitz sekretua;

 

Zu

  Irudi

             Luzexka

                     Eta nire mihia

                                        Soka bat

                                                 Etzanda

                                                      Zure

                                                          Hasperenen

                                                                        Airean.

 

ORDUTIK EZER GERTATUKO EZ BALITZ BEZALA
Abdul Hadi Sadoun

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019