HIRIA
Abdul Hadi Sadoun

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Eta hiria orain,

marra okerra nire eskuetan,

desengainuen kale-zirkilua.

 

Ate honetatik ateratzen naiz egunari ongi-etorria egitera

eta ate beretik egiten diet agur

anbarezko festan blaituriko ilunabarrei.

 

Harri honen aurrean

pilatzen dut hatsa beste zekorketa baterako.

 

Egun nahasi eta kirrinkatsua da:

nire patuen plangintza egiten ari da ezerezaren saskian.

 

Hemen nire urratsek

beren labirinto betierekoak marrazten dituzte.

 

Ilunabar grisa  

nire biharko egunak bilduko duen frutaren zain dago.

 

Hemen nire hodeiak murriztu egiten dira,

ekinaldi gordinen itzala.

 

Beldurrak lotzen gaitu, ez amodioak, maitea,

horregatik besarkatzen dugu elkar etengabe.

 

HIRIA
Abdul Hadi Sadoun

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019