IRAKASLEAK
Nicanor Parra

Los profesores, 1985
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Zoratu egin gintuzten irakasleek

harira ez zetozen galderekin

nola batzen diren zenbaki konplexuak

ba ote den armiarmarik ilargian

tsarraren familia zelan hil zen

ba ote liteke ahoa itxita kantatzerik?

nork margotu zizkion bigoteak Giocondari

zer izen duten Jerusalemgo biztanleek

airean oxigenoa denetz

zenbat diren Kristoren apostoluak

zein den katixima hitzaren esanahia

Kristok gurutzean zer esan zuen

nork idatzi zuen Madame Bovary

Cervantesek non idatzi zuen Kixotea

nola hil zuen Davidek Goliat erraldoia

filosofia hitzaren etimologia

Venezuelako hiriburuaren izena

noiz heldu ziren espainiarrak Txilera

 

Inork ez du esango gure irakasleak

entziklopedia ibiltariak zirena

doi-doi kontrakoa baizik:

lehen hezkuntzalari apalak

edo bigarren hezkuntzalariak ez dut ongi gogoan

—bastoidunak eta lebitadunak hori bai

mende hasieran gauden ezkero—

ez zuten zertan lan hori hartu

guri horrela lan egin arazten

ezin aitortuzko arrazoiengatik ez bada:

zer dela eta halako mania pedagogikoa

halako krudeltasuna hutsunerik beltzenean!

 

Tigrearen hortzeria

enararen izen zientifikoa

hotsandiko mezak zenbat zati dituen

sufre dioxidoaren formula zein den

nola batzen diren izendatzaile desberdineko zatikiak

hausnarkarien urdaila

Felipe II.aren arbola genealogikoa

Nurembergeko Maisu Kantariak

San Mateoren Ebanjelioa

bost poeta finlandiarren izenak

etimologia hitzaren etimologia

 

Unibertsoaren grabitazio legea

zein familiakoa den behia

nola deitzen diren intsektuen hegalak

zein familiakoa den ornitorrinkoa

bi eta hiruren arteko multiplo komunetan txikiena

argian ilunpea den ala ez

eguzki sistemaren jatorria

anfibioen arnas aparatua

arrainenak baizik ez diren organoak

elementuen sistema periodikoa

Apokalipsiaren Lau Zaldunak-en egilea

is-pi-la-tze deritzon fenomenoa zertan den

zenbat denbora behar duen tren batek ilargira heltzeko

nola esaten den arbela frantsesez

azpimarra itzazu kontsonantez amaitutako hitzak

 

Kontuon egia zen

gu diferentzian jesarriak ginela

nork hartu behar zuen galdera haiekin lanik

onenean ere dardara ahul bat baino ez

buruko min apur bat ez besterik

kontuon egiazko egia zen

gu ekintza pertsonak ginela

gure begietan munduak

futbol baloi baten tamaina zuen

eta hura ostikatzea zen gure eromena

gure nerabe izateko arrazoia

iluntzera arte iraun zuten txapelketak izan ziren

gaur ere neure burua ikusten dut

baloi ikusezinaren atzetik ia gauez

adobezko murruen kontra ez jotzeko

hontza edo saguzar izan beharra zegoen

horixe zen gure mundua

gure irakasleen galderak

lorios irristatzen ziren gure belarrietan

ahatearen bizkarrean ura legez

unibertsoaren sosegua aztoratu barik:

lorearen zati osagarriak

zein familiakoa den erdinubea

ozonoa prestatzeko metodoa

Balmacedaren testamentu politikoa

Cancha Rayadako ezustea

armada askatzailea nondik sartu zen

nekazaritzarako intsektu kaltegarriak

Cid-en Poema nola hasten den

marraztu ezazu txirrika diferentzial bat

eta zehaztu haren oreka baldintza

 

Irakurle adeitsuak ulertuko du

bidezkoa zenetik gora eskatzen zitzaigula

behar-beharrezkoa zena baino gehiago:

hodei baten altuera erabaki?

piramide baten bolumena kalkulatu?

biren erro koadroa zenbaki irrazionala dela frogatu?

Jorge Manriqueren Koplak buruz ikasi?

ez guri etorri koplekin gero

gaur txapelketa bat erabaki beharra dugu

baina ondoren idatzizko azterketak izaten ziren

eta segidan ahozko azterketak

(ceren hantic vqhen baytuc behar duyan thornuya)

xede hobea merezi zuen erregulartasunaz:

 

argiaren teoria elektromagnetikoa

zein den trobadorearen eta koblakariaren arteko aldea

arrautzak saltzen direla esatea zuzena al da?

badakizu artesiar putzua zer den?

sailka itzazu Txileko txoriak

Manuel Rodriguezen hilketa

Guyana Frantsesaren independentzia

Simon Bolivar heroi edo antiheroi

O'Higgins-en abdikazio hitzaldia

bonbilla bat baino eskegiago zaudete

 

Irakasleek arrazoia zuten:

egiazki-egiazki

burmuinak sudurretatik ihes egiten zigun

—ikustekoa zen gure hortz-haginen karraska—

zeren ondorio diren ortzadarraren koloreak

Magdeburgoko hemisferioak

enararen izen zientifikoa

igelaren metaformosia

zer den Kant-entzat inperatibo kategorikoa

nola bihurtu peso txiletarrak libera esterlina

nork sartu zuen kolibria Txilen

zergatik ez den erortzen Pisako Dorrea

zergatik ez duten lur jotzen Babiloniako Lorategi Eskegiek

zergatik ilargia ez da lurrera amiltzen?

Ñubleko probintziako departamenduak

nola ebazten den angelu zuzenaren trisekzioa

poliedro erregularrak zenbat eta zeintzuk diren

honek ez daki ezeren arrastorik ere

 

Galdera burugabe haiei erantzun baino

nahiago nukeen lurrak irentsi banindu

areago bi egunez behin halabeharrez jasanarazten

zizkiguten hitzaldi moralizatzaileen ondotik

ba al dakizue Estatuari zenbat kostatzen zaion

unibertsitatetik irten berria den

Txileko herritar bakoitza?

sei penikeko milioi bat peso!

 

Sei penikeko milioi bat peso

eta atzamarraz guri destatzen jarraitzen zuten:

nola azaltzen den paradoxa hidrostatikoa

nola ugaltzen den garoa

zerrenda itzazu Txileko sumendiak

zein den munduko ibai luzeena

nola ugaltzen diren elefanteak

josteko makinaren asmatzailea

baloi aerostatikoen asmatzailea

bonbilla bat baino eskegiago zaudete

etxera alde egin beharko duzue

eta zuen ahaldunekin batera itzuli

Instituzio honetako Zuzendariarekin solastatzera

 

Eta bien bitartean Lehen Mundu Gerra

Eta bien bitartean Bigarren Mundu Gerra

Nerabezaroa patioaren sakonean

Gaztaroa mahaiaren azpian

Helduaroa ezagutu gabekoa

Zahartzaroa

                 bere intsektu hegalekin.

 

IRAKASLEAK
Nicanor Parra

Los profesores, 1985
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014