TESTA
Nicanor Parra

Test, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014

 

Antipoeta zer den:

errauts eta zerraldo kutxen saleroslea?

ezertan sinesten ez duen apaiza?

bere burua kolokan jartzen duen jenerala?

zahartzaroaz eta heriotzaz ere

barre egiten duen eskale arlotea?

aldarte mingotseko solaskidea?

amildegi ertzean den dantzaria?

jende guztia maite duen nartzisista?

berariaz doilorra den

adar-jotzaile odolgosea?

aulki batean lo dagoen poeta?

garai modernoetako alkimista?

sakelako iraultzailea?

burges tipia?

hitzontzia?

               jainkoa?

                          inuzentea?

Txileko Santiagoko laboraria?

azpimarra ezazu zure ustez zuzena den esaldia.

 

Antipoesia zer den:

te kikara baten barruko ekaitza?

harkaitz baten gaineko elur orbana?

Salvatierra aitak uste duen bezala

pertsonen eskrezioz betetako erretilua?

egia dioen ispilua?

Idazleen Elkarteko Presidentearen masailean

jotako zaplaztekoa?

(Jaunaren erresuma santuan bego)

poeta gazteei egindako ohartarazpena?

turrustaz dabilen hilkutxa?

indar zentrifugoz dabilen hilkutxa?

parafina gasez dabilen hilkutxa?

hildakorik gabeko hil beila?

 

gurutze batez adieraz ezazu

zure ustez zuzena den definizioa.

 

TESTA
Nicanor Parra

Test, 1969
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2014