Stanley Hook zapoaren omenezko auhena
Juan Gelman

euskaratzailea: Kevin Heredia
Berria, 2007-12-23

 

stanley hook Melody Springera iritsi zen ostegun gau batez
zapo bat eskuan
«oh zapoa» esaten zion «nire
zapotxo mina mortala eta morala eta korala
muga ororen ezaxola
izaera triste eta suminak astindu gabea» esaten zion

«oh hezetasuneko zalditxo kantaria oh esmeralda zatia»
esaten zion stanley hookek eskuan zeraman zapoari
eta denek ulertu zuten berak maitatzen zuela eskutan
zeraman zapoa
geografia soziologia demografia klimatologia ezaugarrien
landa
ezein izaeraren landa

«aizu» esaten zuen «heriotza dago
eta bizitza gau eta egun itzala eta argia»
esaten zuen stanley hookek «eta halere maitatzen zaitut zapoa
arrosa goiztiarrak maitatzen nituen bezala Lesbosko andre hori
baina gehiago eta zure usaina
ederragoa da usai zaitzakedalako»
zioen stanley hookek eta eztarria ukitzen zuen
bularra grisa jarri eta sartu eta aurrera egiten zuen ilunabarra
karrakatzen bezala
grisa memoria zatarra bihotza
«aizu zapoa» esaten zion zorua seinalatuz
«beheko senideak suminduta daude halaber ez diote elkarri
hitz erdirik esaten»
esaten zuen stanley hookek «a ze tristura ikaragarria» zioen
jendearen harriduraren aurrean
jendearen isiltasunaren distirak
eguzkia lez jartzen zena

gau hartan noski stanley hook hil egin zen
lehenago ukabilkada
ikaragarriak jo zituen gelako hormetan

bere buruaren omenez
bitartean zapoa bakarrik zapoa zapo osoa
ostegunarekin jarraitzen zuen

hau guztia egia da:
hilezkorra balitz bezala bizi denik bada
beste zenbaitzuek beren burua zaintzen dute merezi balute bezala
eta stanley hooken zapoa bakarrik geratu zen.

 

Stanley Hook zapoaren omenezko auhena
Juan Gelman

euskaratzailea: Kevin Heredia
Berria, 2007-12-23