|
Jenerala bere labirintoan
Arriskurik handiena oinez ibiltzea zen, ez erortzeko arriskuarengatik, baizik eta kostatzen zitzaion nekea gehiegi ageri zitzaiolako. Aldiz, etxeko eskailerak igo eta jaisteko ulergarria zen norbaitek laguntzea, nahiz eta bera bakarrik ere gai izan horretarako. Hala ere, benetan arrimu-beso bat behar izan zuenean ez zuen onartu inork ematerik. «Eskerrik asko», esaten zuen, «baina oraindik gauza naiz». Egun batean ez zen gauza izan. Eskaileratan behera jaistera zihoala mundua ezabatu zitzaion. «Neure oinetatik beretatik erori nintzen, eta nola ez nekiela eta erdi-hilik», kontatu zion adiskide bati. Okerrago izan zen: mirariz ez zen hil, zeren zorabioak eskaileren muturrean bertan jota utzi baitzuen, eta gorputzaren arintasunak ez zion piririka joaten utzi. Gastelbondo doktoreak presaz eraman zuen San Nicolasko Sakana antzinakora Bartolomé Linaresen kotxean, zeinak bere etxean ostatatu baitzuen aurreko bidaia batean, eta Kale Zabalera ematen zuen logela handi eta ongi aireztatua baitzeukion prestaturik. Bidean ezkerreko malko-guruinetik sosegurik ematen ez zion gai lodi bat zornatzen hasi zitzaion. Guztiaz at egin zuen bidaia, eta batzuetan errezatzen ari zela ematen zuen, nahiz eta egiatan bere poema kuttunenen bertso osoak ahopean esaten ari izan. Medikuak mukizapi batez garbitzen zion begia, berak egiten ez zuelako harriturik, hain zelatia baitzen bere buruaren txukuntasunean. Hiriaren sarrera aldera ernatu zen, behi izutu saldo bat kotxearekin tupust egiteko zorian egon zenean, eta azkenik parrokoaren berlina irauli zutenean. Hau itzulipurdi bat airean egin eta salto batez zutitu zen, ileetaraino hondarrez zuri, eta bekokia eta eskuak odoletan zituela. Inarrositik suspertu zenean, granadariek pasabidea urratu behar izan zuten istripuaz gozatzea besterik nahi ez zuten oinezko nagien eta haur biluzien artean, kotxearen erdi-itzaletan eseritako hildako bat zirudien pasaiari hura nor zen hurrik ematen ez ziotelarik. Medikuak apaiza, apezpikuek jeneralaren kontra kurpitoetatik trumoika ari ziren eta framazon irriskoitzat eskomika jaso zuen garaietan haren aldeko izan ziren gutxietako bat bezala aurkeztu zuen. Jeneralak ez zirudien gertatuaz jabetzen zenik, eta parrokoaren sotanan odola ikustean soilik hartu zuen munduaren kontzientzia, eta honek bere autoritatea baliaraz zezala eskatu zion, behiak solte ibili ez zitezen bide publikoan hainbeste kotxerekin arriskurik gabe oinez ibiltzea jadanik ezinezkoa zen hiri batean. «Ez beza bizitza garraztu Zure Erreberentziak», esan zion berak begiratu gabe. «Herrialde guztia berdin dago». Hamaiketako eguzkia geldi zegoen kaleetako hareatza zabal eta soiletan, eta hiri osoa bero-lamaratan zegoen. Jenerala poztu egin zen erorikotik suspertzeko adina denboraz baino gehiagoz bertan egon behar ez zuelako, eta lako, ezen frantses eskuliburuak esaten baitzuen alditxartzea ona zela behazunaren humoreak irabiatu eta urdaila garbitzeko. Zartakotik laster suspertu zen, baina ez zen hain erraza izan itsasontzia eta eguraldi txarra ados jartzea. Gorputzaren desobedientziarekin haserre bizitan, jeneralak ez zuen izan indarrik ezein jarduera politiko edo gizartekotarako, eta bisitarik hartzen bazuen beren adioak esatera hiritik igarotzen ziren adiskide zahar pertsonalenak ziren. Etxea hedatsua eta freskoa zen, azaroak aukera ematen zueneraino, eta jabeek familiako ospitale bihurtu zuten berarentzat. Bartolomé Molinares gerrek hainbat lur joarazitakoren arteko bat zen, eta hauek utzi zioten gauza bakarra posta-administrari kargua izan zen, zeina soldatarik gabe betetzen baitzuen azken hamar urteetan. Hain zen gizon onbera, non jeneralak aitatxo deitzen baitzion aurreko bidaiatik, Beronen emazteak, pinpirina eta matriarka-bokazio menperagaitzekoak, Europako itsasontzietan ongi saltzen zituen bolatxozko enkajeak ehuntzen ematen zituen bere orduak, baina jenerala iritsi zenetik bere denbora guztia eskaini zion. Halako punturaino, non Fernanda Barrigarekin gatazkan sartu baitzen dilistei oliba-olioa botatzen zielako, bularreko gaitzetarako ona zela konbentziturik, eta jeneralak derrigorrean jaten zituen esker onez. Egun haietan jenerala gaitzien izan zitzaiona malko-guruinaren zornadura izan zen, zeinak umore goibelean egonarazi baitzuen, harik eta kamamila-urezko kolirioen aurrean amore eman zuen arte. Orduan karta-partidetan berriro esku hartu zuen, nahiz eta kontsolamendu iraizekoa izan eltxoen tormentua eta arratseko tristurentzat. Damuzko bere krisialdi urrietako batean, etxeko jabeekin txantxetan eta benetan eztabaidan, harriturik utzi zituen akordio on batek mila auzi irabazik baino gehiago balio zuelako sententziaz. «Politikan ere bai?», galdetu zuen Molinares jaunak. «Politikan batez ere», esan zuen jeneralak. «Santanderrekin ez konpondu izanak galdu gaitu guztiok». «Adiskideak geratzen diren bitartean geratzen da itxaropenik ere», esan zuen Molinaresek. «Erabat alderantzitara», esan zuen jeneralak. Nire etsaien makurkeria ez baizik eta nire adiskideen dilijentziak bukatu dit aintza. Berauek izan ziren Ocañako Konbentzioaren hondamenean sarrarazi nindutenak, monarkiaren kontu horretan katigatu nindutenak, aurrena berrautatua izatera behartu nindutenak gero uko eragin zidaten arrazoi berez, eta orain preso naukate jadanik ezer galdu ez zaidan herrialde honetan». Euria betikotu egin zen, eta umeldura oroimenean pitzatuak irekitzen hasita zegoen. Beroa hain zen bizia, gauez ere, non jeneralak behin baino gehiagotan aldatu behar izaten zuen alkandora zopatua. «Bainu-marian kuzinatua sentitzen naiz», kexatzen zen. Arratsalde batean hiru ordu baino gehiago egin zituen balkoian eserita, eta auzategi pobreetako zaborrak», etxeko lanabesak, etxeak errotik erauzi nahi zituen euri-jasa sismiko batek uhaitzak arrastaturiko animalien gorpuak kaletik pasatzen ikusiz. Juan Glen komandantea, hiriko prefektua, ekaitzaren erdian agertu zen Visbal jaunaren zerbitzuko emakume bat arrastatu zuelako albistearekin, jeneralak Soledaden moztuak zituen ileak erliki sakratu bezala saltzen ari zelako. Beste behin berea zen guztia okasioko merkantzia bihurtzen zelako deskontsolamenduak deprimitu zuen. «Dagoeneko hil banintz bezala tratatzen naute», esan zuen. Molinares andreak kulunkaulkia joko-mahaira arrimatua zuen hitzik ez galtzeko. «Zaren bezala tratatzen zaituzte», esan zuen: «santua bezala». «Tira», esan zuen berak, «horrela bada, jaregin dezatela errugabe gajo hori». Ez zuen gehiago irakurri. Gutunik idatzi behar baldin bazuen aski izaten zuen Fernandorik instrukzioak ematea, eta errubrikatu behar zituen bakanak ere ez zituen berrikusten. Kaleetako harea-basamortua begiesten ematen zituen goizak, urketa-astoa pasatzen, eguzkiak xigorturiko muxarrak saltzen zituen emakume beltz lotsagabe eta zoriontsua, eskoletako haurrak hamaikak puntuan, eliza-ataritik bedeinkatzen zuen eta berotan urtzen zen parrokoa trapuzkoa sotana adabakiz betearekin ikusiz. Arratsaldeko ordu batean, besteak siestan zeuden bitartean, kainu ustelduen hegitik joaten zen itzal soilaz merkatuko harrapari-aldrak uxatuz, erdi-hilik eta zibilez ezagutzen zuten bakanak han-hemenka agurtuz, eta granadarien kuarteleraino iristen zen, ibai-portuaren aurrez aurre zegoen baharekezko estalperaino. Kezkaturik zeukan troparen moralak, gogaitak korromiatua, eta honi begi-bistakoegia zeritzon kuartelen desordenuan, zeinen kiratsa jasanezina izateraino iritsi baitzen. Baina orduaren sargoriarengatik txundimen-egoeran zegoela zirudien sarjentu batek egiaz zanpaturik utzi zuen. «Ez gauzka moralak izorraturik, Gorentasuna», esan zion. «Gonorrea baizik». Orduan soilik jakin zuen. Bertako medikuek permanganatozko aiuta eta esne-azukrezko aringarriekin beren zientzia agorturik, agintari militarren eskutan jarri zuten arazoa, eta hauek ez ziren ados jarri egin behar zutenaz. Hiri guztia ordurako jakinaren gainean zegoen mehatxatzen zuen arriskuaz, eta errepublikaren armada aintzatsua izurriaren mandataritzat ikusten zuten. Jeneralak, beldur zena baino gutxiago alarmaturik, ukaldi batez ebatzi zuen erabateko berrogeialdiaz. Albiste on zein txarren gabezia etsigarria izaten hasi zenean, zaldizko geznari batek Montilla jeneralaren mandatu ilun bat eraman zion Santa Martatik: «Gizona jadanik gurea da eta izapideak bide onetik doaz». Jeneralak hain estrainioa iritzi zion mezuari, eta hain irregularra moduari, non garrantzi handieneko estatu nagusiko arazo bezala ulertu baitzuen. Eta behar bada Riohachako kanpainarekin zerikusia zuena bezala, inork ulertu nahi ez zuen lehentasun historikoa egozten ziolarik. Normala zen garai hartan mandatuak aldrebestea eta segurtasun-arrazoiengatik berriemate militarrak nahas-mahastuak izatea, Espainiaren kontrako lehen konspirazioetan hain baliagarriak izan ziren mezu zifratuzko sistemak bukatu zituen gobernuen zabarkeriaz geroztik. Militarrek engainatzen zutelako ideia aspaldiko kezka zuen, zeina Montillak partekatzen baitzuen, eta honek gehiago konplikatu zuen mandatuaren enigma eta larriagotu egin zuen jeneralaren artegatasuna. Orduan José Palacios bidali zuen Santa Martara, fruituak eta lekari freskoak eta jerez lehor eta garagardo zurizko botila banaka batzuk lortzeko kalamatrikarekin, zeinak ez baitziren aurkitzen tokiko merkatuan. Baina benetako asmoa misterioa deszifratzea zen. Oso soila izan zen: Montillak esan nahi zuen Miranda Lynsayren senarra Hondako kartzelatik Cartagenarakora aldatu zutela, eta indultua egun batzuetako kontua zela. Jenerala hain defraudaturik sentitzen enigmaren erraztasunarekin, non ez baitzen alaitu ere egin Jamaikako bere salbatzaileari egin zion ongiaz ere. Santa Martako apezpikuak jakinarazi zion azaroaren lehenetan, bere eskuz eta letraz idatziriko txartelean, bera zela La Ciénaga albo-herriko suharrak baretu berri zituena bere bitartekotza apostolikoaz, non aurreko astean errebolta zibila baten saioa egin baitzen Riohacharen alde. Jeneralak ere bere eskuz eskertu zion, eta gauza bera egin zezala eskatu zion Montillari, baina ez zuen atsegin izan zorra kobratzera apezpikua aurreratu zitzaioneko era. Bera eta Estévez monsinorearen arteko harremanak ez ziren inoiz jariakorrak izan. Artzain onaren bere makila otzanaren pean, apezpikua politikari grinatsua sen, baina argi urrikoa, bere bihotzaren barrenean errepublikari kontrajarria eta jeneralaren pentsamendu politikoarekin zerikusia zuen guztiari. Kongresu Miresgarrian, zeinaren presidenteorde izan baitzen, ongi ulertua zuen Sucreren botereari trabak jartzeko bere misio erregetiarra, eta efikaziaz baino malezia gehiagoz baliarazi izan zuen, bai dignatarien hautapenean eta bai Venezuelarekiko gatazkaren konponketa adiskidekor bat entseatzeko biek batera burutu zuten misioan. Molinares senar-emazteak, bai baitzekiten tirabira haien berri, ez ziren harritu ezta gutxiagorik ere lauren askarian, jeneralak bere parabola profetazko batekin hartu zituenean: «Zer izango da gure seme-alabez apezpiku baten eginbidez iraultzak amaitzen diren herrialde batean?» Molinares andreak ahakar afektuzkoz baina irmoz ihardetsi zion: «Zure Gorentasunak arrazoi balu ere, ez dut jakin nahi», esan zuen. «Katoliko lehengoetarikoak gara». Bera berehalakoan birgaitu zen: «Zalantzarik gabe apezpiku jauna baino askoz gehiago, ze berak ez baitu La Ciénagan bakea ezarri Jainkoaren maitasunarengatik, baizik eta Cartagenaren kontrako gerran bere eliztarrei elkarturik eustearren». «Hemen ere Cartagenaren tiraniaren kontra gaude», esan zuen Molinares jaunak. «Badakit», esan zuen berak. «Kolonbiar bakoitza herrialde etsai bat da». Soledadetik, jeneralak eskatua zion Montillara itsasontzi arin bat bidal ziezaiola Sabanillako albo-portura, alditxartzearen bitartez behazuna kanporatzearen bere proiekturako. Montilla atzeratu egin zen atsegin ematen, zeren don Joaquín de Mier, Elbers komodoroaren partaidea zen espainiar errepublikarrak Magdalena ibaian aldian behineko zerbitzuak eskaintzen zituen bapore-ontzietako bat agindua baitzion. Hau ezinezkoa gertatu zenez, Montillak merkatalontzi ingeles bat bidali zuen azaroaren erdi aldera Santa Martara aurrez gaztigatu gabe. Jakin zuen bezain laster, jeneralak aditzera eman zuen herrialdetik alde egiteko baliatuko zela abaguneaz. «Edonora joateko prest nago hemen ez hiltzearren», esan zuen. Gero dardara eragin zion Camille itxaroten zeukalako presagioak, horizontea arakatuz lorezko balkoi batean itsasoaren aurrez aurre, eta hasperen egin zuen: «Jamaikan maite naute». Instrukzioak eman zizkion José Palaciosi ekipaia egiten has zedin, eta gau hartan oso berandura arte egon zen kosta ahala kosta eraman nahi zituen paper batzuk bilatu nahian. Hain nekaturik geratu zen, non hiru orduz lo egin baitzuen. Egunsentian, ordurako begiak zabaldurik, José Palaciosek santutegia kantatu zionean soilik hartu zuen non zegoen kontzientzia. «Santa Martan nengoela amets egin dut», esan zuen berak. «Oso hiri garbia zen, etxe zuri eta berdinekikoa, baina mendiak ez zuen itsasoa ikustea eragozten zuen». «Orduan ez zen Santa Marta», esan zuen José Palaciosek. «Caracas zen». Zeren jeneralaren ametsak agertua baitzion ez zirela Jamaikara joango. Fernando goizean goizetik portuan zegoen bidaiako xehetasunak konpontzen, eta itzultzean osaba Wilsoni gutun bat diktatzen aurkitu zuen, zeinean eskatzen baitzion Urdanetari herrialdetik alde egiteko pasaporte berri bat, zeren gobernua kargugabetuarenak ez baitzuen baliorik. Hauxe izan zen bidaia kantzelatzeko eman zuen argibide bakarra. Hala ere, guztiak bat etorri ziren egiazko arrazoia goiz hartan Riohachako operazioei buruz hartutako albisteak izan zirela, aurrekoak okerragotzea besterik ez baitzuten egiten. Aberria zatika erortzen ari zen ozeano batetik bestera, gerrate zibilaren mamua sarraskia egiten ari zen haren herexetan, eta ezer ez zitzaion jeneralari gaitziago ondikoari txiri egitea baino. Ez dago sakrifiziorik Riohacha salbatzearren jasateko prest ez gaudenik», esan zuen. Gastelbondo doktorea, are kezkatuago gaixoaren kezkengatik bere eritasun berrerosezinengatik baino, zen egiarekin hitz egiten zekien bakarra hilduratu gabe. «Mundua amaitzen, eta zu Riohachatik esekita», esan zion. «Inoiz ez genuen horrelako ohorerik amets egin». Ihardespena berehalakoa izan zen: «Riohachatik esekita dago munduaren zoria». Benetan sinesten zuen, eta ez zuen disimulatzerik lortzen jadanik Maracaibo hartzeko epe aurreikusiaren barruan zeudelako artegatasuna, eta hala ere inoiz baino urrunago zeuden garaipenetik. Eta abendua hurbiltzen ari zen heinean topaziozko bere arratsaldeekin, Riohacha eta agian kostalde guztia galtzearen beldur ez ezik, Venezuelak bere ilusioen azken aztarnarainokoak errausteko espedizio bat armatu ote zuen beldurra ere bazuen. Eguraldia aldatzen hasia zegoen aurreko asteaz geroztik, eta lehen pesadunbrezko euriak izan ziren tokian orain zeru gardena eta gau izarratuak ireki ziren. Jeneralak munduko miragarriez at iraun zuen, batzuetan hamakan sorturik, batzuetan kartetan jokatuz bere zoriaz kezkatu gabe. Handik gutxira, aretoan jolasean ari ziren bitartean, itsas arrosazko brisa batek kendu zizkien kartak eskuetatik eta saltarazi zituen leihoetako morroiloak. Molinares andrea, urte-giro probidentzialaren iragarpen goiztiarrak asaldaturik, esklamatu zuen: «Abendua da!» Wilson eta José Laurencio Silva presaka ixtera jo zuten brisari etxea eramaten ez uzteko. Jenerala izan zen bere ideia finkoan sorturik iraun zuen bakarra. «Abendua dagoeneko, eta lehengoan jarraitzen dugu», esan zuen. Arrazoiarekin esaten da hobe dela sarjentu txarrak izatea jeneral alferrak baino». Jokoan jarraitu zuen, eta partidaren erdian bere kartak alde batera utzi eta esan zion José Laurencio Silvari bidaiatzeko guztia presta zezala. Wilson jenerala, aurreko egunean bigarren aldiz bere ekipaia ontzitik eraitsi zuena, zur eta lur geratu zen. «Ontzia alde egina da», esan zuen. Jeneralak bazekien. «Hori ez zen ona», esan zuen. Riohachara joan behar da, ea lortzen dugun gure jeneral leinargiek azkenean irabaztera deliberatzen diren». Mahaitik alde egin baino lehen etxeko jabeen aurrean bere burua zuribidetzera beharturik aurkitu zen. «Orain ia ez da gerraren premia ere», esan zien, «ohore-auzia baizik». Honela abenduaren lehendabiziko goizeko zortzietan Manuel bergantinean ontziratu zen, zeina Joaquín de Mier jaunak bere eskura jarri batzuen nahi zuenerako: behazuna iraizteko ostera bat egin zezan, edo San Pedro Alejandrinoko bere azukre-olan ezti zedin bere gaitz ugari eta ezin konta ahala nahigabetatik suspertzeko, edo zuzenean Riohacharaino joan zedin beste behin Mariken berrerospena entseatzeko. Maríano Montilla jeneralak, José María Carreño jeneralarekin batera bergantinean irtsi zenak, Estatu Batuetako Grampus fragatak ere Manuel eskoltatzea lortu zuen, zeinak ongi artilatua egoteaz gainera, Night doktorea zirujau on bat baitzeukan bere baitan. Hala ere, jenerala aurkitzen zeneko egoera tamalgarria ikusi zuenean ez zuen gidatu nahi izan Night doktorearen irizpide soilez, eta tokiko bere medikuari ere kontsulta egin zion. «Ez dut uste itsasaldia bera ere jasango duenik», esan zuen Gastelbondo doktoreak. «Baina doala: edozer da hobe honela bizi izatea baino». Zingira Handiko kainuak geldo eta beroak ziren, eta lurrun hilgarriak zeritzoten, beraz itsaso zabaletik joan ziren iparraldeko lehen alisioak baliaraziz, zeinak urte hartan aurreratuak eta onberak izan baitziren. Bela koadroekiko bergantina, ongi zaindua eta beretzat ganbarote bat prest zeukana, garbia eta erosoa zen, eta nabigatzeko modu alaia zuen. Jenerala gogo onez ontziratu zen, eta ontzi gainean egon nahi izan zuen Magdalenako ibai Handiaren uharana ikusteko, zeinaren lohiak errauts-kolorea ematen baitzien urei itsaso barruan barna legoa asko egin arte. Panazko fraka zahar batzuk jantziak zituen, txano andetarra eta fragatako kapitainak oparitu zion ingeles armadako jaka bat, eta bere itxura hobetu egiten zen eguzki betean brisa bandolariarekin. Bere ohoretan, fragatako tripulatzaileek marrazo erraldoi bat harrapatu zuten, zeinaren sabelean aurkitu baitzituzten, kirkileriazko beste gauza batzuen artean, zaldun-ezproi batzuk. Berak turista-pozkarioz gozatzen zuen guztiaz, harik eta nekeak menperatu eta bere ariman murgildu zen arte. Orduan seinale bat egin zion José Palaciosi hurbil zedin, eta belarrira esan zion: «Ordu honetan aitatxo Molinares koltxoia erretzen eta koilarak lurperatzen ari da, nonbait». Eguerdi aldera uharrezko hedadura handi bat zen Zingira Handiaren aurretik igaro ziren, non zeruko txori guztiak elkarren lehian ari baitziren urre koloreko muxarrasarda bat harrapatzen. Gesalezko lautada irazekian zingira eta itsasoaren artean, argia gardenagoa eta airea garbiagoa zen tokian, arrantzaleen herritxoak zeuden atarietan tretzak lehortzeko hedatuak zituztela, eta La Ciénaga populazio misteriotsutik harantzago, zeinaren mamu egunezkoek beren zientziaz dudarazi egin baitzituzten Humboldten dizipuluak. Zingira Handiaz bestaldetik Sierra Nevadaren izotz betierekozko koroa ageri zen. Bergantin bozkariotsua, ia hegaz ura ukituz belen isiltasunean, hain zen arina eta egonkoia, non ez baitzion eragin jeneralari behazuna iraizteko gorputzeko deskonposadura desiratua. Hala ere, geroago itsasoraino aurreratzen zen mendizerraren zurkaitz batetik igaro ziren, eta urak laztu egin ziren eta brisa kizkurtu. Jeneralak gero eta itxaropen handiagoarekin ikusi zituen aldaketa haiek, ze mundua biraka hasi baitzen buruaren gainetik biribilean hegaz zebiltzan hegazti sarraskizaleekin, eta izerdi izoztuak blaitu zion alkandora eta begiak malkoz bete zitzaizkion. Montillak eta Wilsonek eutsi egin behar izan zioten, zeren hain ilauna zegoen, non itsas kolpe batek kareletik atera baitzezakeen. Ilunabarrean, Santa Marta badiako ubatuan sartu zirenean, jadanik ez zitzaion ezer geratzen iraizteko gorputz hondatuan, eta unaturik zegoen kapitainaren literan, hiltamuan, baina amets beteen horditasunarekin. Montilla jenerala hainbeste ikaratu zen bere egoeraz, non ontzitik eraitsi baino lehen berriro Night doktoreari ikusarazi baitzion, eta honek beso-aulki batean lehorrera eraman zezatela erabaki zuen. Jite ofizialeko edozertaz samarioek zuten berezko axolagabeziaz gainera, beste zio batzuek argitzen zuten hain jende gutxi itxaroten egotea ontziralekuan. Santa Marta hiririk zailenetakoa izana zen errepublikaren kausara seduzitzen. Boyacáko batailarekin independentzia zigilatu eta gero ere, Sámano erregeordea bertan babestu zen Espainiatiko errefortzuen zain. Jenerala bera ahalegindu izan zen behin baino gehiagotan askatzen, eta Montillak soilik lortu zuen ordurako errepublika erroturik zegoenean. Erregetiarren herrari Cartagenari, erdiko boterearen kuttuna zenari, guztiek zioten kontrakarra gehitzen zitzaion, eta jeneralak jakin gabe sustatzen zuen cartagenatarrenganako bere grinaz. Ziorik sendoena, hala ere, baita berari atxeki askoren artean ere, José Prudencio Padillaren exekuzio sumarioa izan zen, zeina Piar jenerala bezain mulatoa baitzen zumarrari gari eska beharraren beharrez. Petralkeria areagotu egin zen Urdanetak, herio-epaia eman zuen gerra-kontseiluaren presidenteak boterea hartzean. Beraz katedraleko kanpaiek ez zuten dandara jo ohizkoa zenez, eta inork ez zuen jakin zergatik, eta diosalezko kanoikadak ez ziren disparatu Morroko gotorlekuan, zeren bolbora bustita agertu baitzen goizean artsenalean. Soldaduak arestira arte lanean arituak ziren jeneralak katedralaren saihetsean ikatzez idatziriko «Gora José Prudencio» letraunea ikus ez zezan. Bere heldueraren jakinerazpen ofizialek ozta-ozta hunkitu zituzten portuan itxaroten zeuden apurrak. Absentziarik nabariena Estévez apezpikuarena izan zen, jakinarazi nagusienen arteko lehena eta behinenarena. Don Joaquín Mierrek bere urte ugarien azkenera arte gogoan izango zuen lehen gaueko lozorroan andatan ontzitik eraitsi zuten laborrizko izakia, artilezkoa manta batean bildua, txano bat zuela bekainetaraino sarturiko beste baten gainean, eta bizi-hats bat doi-doi zuela. Hala ere, gehien gogoratu zuena bere esku irazekia izan zen, bere arnasa gaitza, guztiak, banan-banan, beren titulu eta izen osoekin agurtzeko andak utzi zitueneko prestutasun supernaturala, oinen gainean ozta-ozta iraunez bere edekanen laguntzarekin. Gero airean berlinara jaso zezaten utzi zuen eta eserlekuan amildu zen, buruan indarrik gabe bizkartokian arrimatzeko, baina begiak gale zituela, berarentzat leihoaren aurretik behingoz eta sekula ez arte igarotzen ari zen bizitzatik esekita. Kotxe-ilarak aduna zaharreko etxeraino soilik zeharkatu behar izan zuen etorbidea, zeina erreserbaturik baitzeukan. Zortziak jotzear zeuden, eta asteazkena zen, baina larunbat-kutsu bat zegoen badiako pasealekuan abenduko lehen brisengatik. Kaleak hedatsuak eta zikinak ziren, eta balkoi korrituekiko etxe harlanduzkoak herrialdearen gainerakoan baino hobeki kontserbatuak zeuden. Familia osoek altzariak atereak zituzten espaloietan esertzeko, eta batzuek kalearen erdian egin zieten abegia bisitariei. Zuhaitzen arteko ipurtargi-hodeiek farolena baino erlantz fosforeszente biziagoz argitzen zuten itsasoko etorbidea. Aduana zaharreko etxea herrialdean eraikitako antzinakoena zen, berrehun eta laurogeita hemeretzi urte lehenago, eta errestauraturik zegoen. Jeneralari bigarren solairuko logela prestatu zioten, baina berak nahiago izan zuen denbora gehienean areto nagusian geratu, non baitzeuden hamaka esekitzeko txinga bakarrak. Han zegoen halaber kaoba landuzko mahaitzar takarra, zeinaren gainean, hamasei egun geroago ezarriko baitzuten agerian eta zuzi irazekien artean bere gorpu baltsamoztatua, bere arrangoko kasaka urdinarekin urre gorrizko zortzi botoiak gabe, norbaitek heriotzako nahas-mahasean erauziko zizkionak. Berak soilik ez bide zuen sinesten destino hartatik hain hurbil zegoenik. Aldiz, Alexander Prosper Révérend doktoreak, gaueko bederatzietan Montillak presaka deitu zuen mediku frantsesak, ez zuen izan pultsua hartu beharrik urteak zirela hiltzen hasita zegoela konturatzeko. Lepoaren mengeltasuna, bularraren uzkurdura eta aurpegiaren horitasunarengatik pentsatu zuen kausarik handiena birika kaltetuak zirela, eta hurrengo egunetako bere behaketek berretsi egingo zuten. Bakarka egin zion sarrerako itaunketan, erdi-espainieraz, erdi-frantsesez, egiaztatu zuen gaixoak asmamen aparta zeukala sintomak okertzeko eta mina gaiztotzeko, eta arnasa apurra kontsultakoan eztulik ez egitearen eta karkaxa ez iraiztearen ahaleginean joaten zitzaiola. Lehen begiratuko diagnostikoa berretsi egin zion azterketa klinikoak. Baina gau hartako bere buletin medikuzkotik, hurrengo hamabost egunetan argitara emango zituen hogeita hamahiruetako lehenetik, hainbesteko garrantzia egotzi zien gorputzeko ondikoei nola tormentu moralari. Révérend doktoreak hogeita hamalau urte zituen eta bere buruarekiko segurua zen, ikasia eta ongi jantzia. Sei urte lehenago iritsia zen, Frantziako tronuan Borbondarrak errestauratuak izan zirelako desliluraturik, eta gaztelania zuzen eta jariakorra hitz egiten eta idazten zuen, baina jeneralak lehen abagunea aprobetxatu zuen bere frantses onaren froga bat emateko. Doktoreak airean harrapatu zuen. «Zure Gorentasunak Parisko doinua du», esan zion. «Rue Viviennekoa», esan zuen berak animatuz. «Nola dakizu?» «Pertsona bat Parisko zein kantoitan hazia den igartzeko gai jotzen dun neure burua, doinu soiletik», esan zuen medikuak. «Nahiz eta oso nagusi izan arte Normandiako herritxo batean jaioa eta hazia izan». «Gazta onak baina ardo txarra», esan zuen jeneralak. «Baliteke hori izatea gure osasun onaren sekretua», esan zuen medikuak. Bihotzaren haur-alderdia minik gabe pultsatuz irabazi zion konfiantza. Areago irabazi zion oraindik, ze sendagai berriak errezetatu ordez Gastelbondo doktoreak eztula samurtzeko prestatua zion jarabetik koilarakada bat eman baitzion bere eskuz, eta pastilla lasaigarri bat, zeina erresistentziarik gabe hartu baitzuen lo egiteko zeukan gogoarengatik. Guztiaz hizketan jarraitu zuten apur batean loeraginkariak bere efektua egin zuen arte, eta medikua oin-puntetan irten zen gelatik. Montilla jeneralak bere etxeraino lagundu zuen beste ofizial batzuekin, eta alarmatu egin zen doktoreak esan zionean jantzita lo egiteko asmoa zuela edozein ordutan presaz dei egiten bazioten. Révérend eta Night ez ziren ados jarri astean zehar izan zituzten zenbait bileratan. Révérend konbentziturik zegoen jeneralak biriketako lesio bate zeukala, zeinaren jatorria gaizki sendaturiko katarroa baitzen. Larruazalaren koloretik eta arratseko sukarrengatik, Night doktorea konbentziturik zegoen paludismo kronikoa zela. Bat zetozen, hala ere, egoeraren larritasunean. Beste mediku batzuengana jo zuten liskarra ebazteko, baina Santa Martako hiruak, eta probintziako beste batzuk, uko egin zioten etortzeari argibiderik eman gabe. Beraz Révérend eta Night doktoreek konpromisozko tratamendu bat akordatu zuten katarroarentzako bular-baltsamo eta malariarentzako kinina-papeletak erabiliz. Gaixoaren egoera artean gehiago narriotu zen asteburuan, medikuen bizkar, bere kontura eta arriskura edan zuen basokada bat asteme-esnerengatik. Amak epela hartu ohi zuen erle-eztiarekin, eta oso txikia zela edanarazten zion eztula eztitzeko. Baina zapore baltsamozko hark, bere oroitzapenik antzinakoenekin hain estuki asoziaturik zegoenak, behazuna irabiatu eta gorputza ondoeztu zion, eta hainbesteko jausialdia izan zuen, non Night doktoreak aurreratu egin baitzuen bere bidaia Jamaikatik espezialista bat bidaltzeko. Bi bidali zituen era guztietako baliabideekin, eta bizkortasun sinestezinez bere garairako, baina beranduegi. Guztiarekin ere, jeneralaren aldarte-egoera ez zetorren bat jausialdiarekin, ze hiltzen zeukaten gaitzak ondoez hutsalak bailiren jokatzen baitzuen. Gauak iratzarrik ematen zituen hamakan Morroko gotorlekuan faroak ematen zituen birei begira, minak jasanez intziriekin bere burua ez salatzeko, berak munduko ederrentzat joa zuen badiaren distiratik bista aldendu gabe. «Min ematen didate begiek hainbeste begiratzeagatik», esaten zuen. Egunean zehar, ahaleginak egiten zituen beste garai batzuetako bere prestutasuna erakusteko, eta Ibarrari, Fernandori, Wilsoni, hurbilen zegoenari, dei egiten zien jadanik diktatzeko egonarririk ez zuen gutunei buruz instrukzioak emateko. José Palaciosek soilik izan zuen bihotza nahikoa luzido presa haiek jadanik postrimeriaz biziatuak zeudela konturatzeko. Ze bere ahaideen destinoari buruzko xedapenak baitziren, eta Santa Martan ez zeuden batzuenei buruzkoak ere bai. Ahaztu zuen José Santana jenerala, bere idazkari ohiarekiko kalapita, eta kargu bat lortu zion kanpo-zerbitzuan bere ezkonberri-bizitzaz goza zezan. José Mana Carreño jeneralari, zeinaren bihotz onaz laudorio mereziak egiten baitzituen, urteekin Venezuelako presidente karguduna izatera eramango zuen bidean jarri zuen. Eskatu zizkion Urdanetari zerbitzu-gutunak Andrés Ibarra eta José Laurencio Silvarentzat, etorkizunean gutxienez soldata erregular bat izan ahal zezaten. Silva jeneral buruzagi eta gerra eta marina-idazkari izatera iritsi zen bere herrialdean, eta laurogeita bi urterekin hil zen, hainbesteko beldurra izan zien lausoez bista lanbroturik, eta baliaezintasun-zedula batetik bizi izanez, zeina lortu baitzuen bere orbain ugariez gerra-merituak frogatzeko eginbide gaitzen buruan. Jenerala ahalegindu zen Pedro Briceño ere konbentzitzen Nueva Granadar itzul zedin gerra-ministerioaz jabetzera, baina historiaren presak ez zion astirik eman. Fernando bere ilobari testamentuzko legatu bat egin zion administrazio publikoan bide on bat errazteko. Diego Ibarra jeneralari, bere lehen edekana eta hitanoz hitz egiten zien eta pribatuan eta jendaurrean hitanoz hitz egiten zien pertsona gutxietakoa izan zenari, Venezuelan baino baliagarriago izan zedin tokiren batera lekuz aldatzeko kontseilua eman zion. Justo Briceño jeneralari berari ere, zeinarekin nahigabeturik jarraitzen baitzuen egun haietan, bere bizitzako azken mesedea eskatuko zion herio-ohean. Agian bere ofizialek ez zuten inoiz imajinatu banaketa hark zer puntutaraino bateratzen zituen beren destinoak. Ezen guztiek partekatuko baitzuten onerako zein txarrerako beren bizitzen gainerakoan, berriro Venezuelan elkarrekin egotearen ironia historikoa, bost urte geroago, Pedro Carujo komandantearen ondoan abentura militar batean borrokan integrazioaren ideia bolivartarraren alde. Jadanik ez ziren maniobra politikoak baizik eta umezurtzen aldeko xedapen testamentuzkoak, eta Wilsonek berretsi egin zuen azkenean jeneralak Urdanetarentzako gutun batean diktatu zuen aitorpen harrigarri batez: «Riohachakoa galdurik dago». Arratsalde hartan bertan hartu zuen jeneralak Estévez apezpikuaren, aurresanezinaren, txartel bat, zeinak eskatzen baitzion bere zuzemen garaiak tartejar zitzala gobernari zentralaren aurrean Santa Marta eta Riohacha departamendu deklaratuak izan zitezen, eta horrela akabera emateko Cartagenarekiko zuen liskar historikoari. Jeneralak desadorezko seinale bat egin zion José Laurencio Silvari honek gutuna irakurtzea amaitu zuenean. «Kolonbiarrei bururatzen zaizkien ideia guztiak banatzekoak dira», esan zion. Geroago, atzeratutako korrespondentzia Fernandorekin despatxatzen ari zela, oraindik mingotsagoa izan zen. «Erantzun ere ez egin», esan zion. «Itxaron dezatela nik hiru lur karga gainean izan arte gogoak ematen diena egin dezaten». Klimaz aldatzeko bere artegatasun iraunkorrak erotzeko zorian zeukan. Eguraldia umela bazen lehorragoa nahi zuen, hotza bazen epela nahi zuen, menditarra bazen itsastarra nahi zuen. Honek sosegu-eza atergabea elikatzen zion airea sartzeko leihoa ireki zezatela aginduz, berriro itxi zezatela, poltrona argiari bizkarra emanez jar zezatela, berriro bestaldera, eta geratzen zitzaizkion indar urriekin hamakan kulunkatuz soilik arintzen zela zirudien. Santa Martako egunak hain goibelak bihurtu ziren, non jeneralak sosegu apur bat berreskuratu zuenean eta Mier jaunaren landetxera joateko prestutasuna berragertu zuenean, Révérend doktoreak izan lehena bihotz ematen, itzulera gabeko jausialdi baten azken zantzuak zirela haiek jabeturik. Bidai bezperan adiskide bati idatzi zion: «Beranduen hilabete pare baten barruan hilko naiz». Agerpen bat izan zen guztientzat, zeren oso gutxitan bere bizitzan, eta gutxiago azken urteetan, entzun baitzitzaion heriotzaren aipamenik. San Pedro Alejandrinoren La Florida, Sierra Nevadaren hegaletan Santa Martatik legoa batera, azukre-kanaberazko landadi bat zen panelak egiteko ola batekin Mier jaunaren berlinan, jeneralak bide haustua egin zuen hamar egun geroago alderantzizko zentzuan bera gabeko gorpuak egingo zuena, etzeetako bere manta zaharrean bildurik idi-gurdi baten gainean. Etxea ikusi baino askoz lehenago sentitu zuen melaza beroz asetako brisa, eta bakardadearen segaden mende erori zen. «San Mateoko usaina da», hasperen egin zuen. San Mateoko azukre-ola, Caracasetik hogeita lau legoatara, bere lehen-minen erdigunea zuen. Hantxe gertatu zen aitazurtz hiru urterekin, amazurtz bederatzirekin, eta alargun hogeirekin. Espainian ezkondua zen aristokrazia kriolloko ahaide zuen neskatila eder batekin», eta bere orduko ilusio bakarra berarekin zoriontsu izatea zuen bere fortuna neurri gabea sustatzen zuen bitartean bizitzen eta etxaldeen jaun bezala San Mateoko azukre-olan. Inoiz ez zen ziurtasunez finkatu ezteietatik zortzi hilabetera gertatu zen emaztearen heriotza sukar hilkor batek eragina izan zen ala etxeko ezbehar batek. Beretzat jaiotza historikoa izan zen, ze atsegin mundutarrek itsuturiko eta politikari inolako xolarik ez zion señorito kolonial bat izana baitzen, eta harez gero iragaitzarik gabe beti izan zen gizon bihurtu zen. Ez zuen sekula gehiago hitz egin bere emazte hilaz, ez zuen sekula gehiago gogoratu, ez zuen sekula gehiago ordeztu nahi izan. Bere bizitzako ia gau guztietan amets egin zuen San Mateoko etxearekin, eta sarritan amets egiten zuen aitarekin eta amarekin eta bere anai-arrebetako bakoitzarekin, baina inoiz ez emaztearekin, zeren ahazmendu itxi baten hondoan ehortzi baitzuen bera gabe bizitzen jarraitu ahal izateko baliabide zakar bezala. Une batez bere oroimena irabiatzea lortu zuen gauza bakarra San Pedro Alejandrinoko melaza-usaina izan zen, gupidazko begirada bat ere eskaini ez zioten boluetako esklaboen izukaiztasuna, bera hartzeko zuriz pintatu berria zegoen etxearen inguruko zuhaitz eskergak, destino ezinbesteko batek hiltzera zeraman bere bizitzako beste azukre-ola. «María Teresa Rodríguez del Toro y Alayza zuen izena», esan zuen bat-batean. Mier jauna distraiturik zegoen. «Nor da?», galdetu zuen. «Nire emaztea izan zena», esan zuen berak, eta berehalakoan erreakzionatu zuen: «Baina ahaztu ezazu, mesedez: nire haurtzaroko ezbehar bat izan zen». Ez zuen besterik esan. Izendatu zioten logelak oroimenaren beste errebelatze bat sortu zion, arreta xehe batez aztertu zuelarik, gauza bakoitzari agerpen bat baileritzon. Markesinazko oheaz gainera kaobazko arasa bat zegoen, gau-mahai bat, hau ere kaobazkoa, marmolezko estalkiarekin eta belusa gorriz forraturiko poltrona bat. Horman leihoaren ondoan zenbaki erromatarrekiko erloju oktogonal bat zegoen ordu bata eta zazpietan gelditua. «Lehen hemen egonak gara», esan zuen. Geroago, José Palaciosek erlojuari korda eman eta egiazko orduan jarri zuenean, jenerala hamakan etzan zen lo egiten ahaleginduz minutu bat besterik ez bazen ere. Orduan soilik ikusi zuen Sierra Nevada leihotik, aratz eta urdin, koadro esekia bezala, eta beste hainbat bizitzatako beste hainbat gelatan galdu zitzaion oroimena. «Inoiz ez nintzen neure etxetik honen hurbil sentitu», esan zuen. San Pedro Alejandrinoko lehen gauean ongi lo egin zuen, eta biharamunean bere oinazeetatik suspertua zirudien halako punturaino, non boluetan zehar ibilaldi bat egin baitzuen, miretsi zuen idien enda ona, dastatu zuen eztia, eta harritu zituen guztiak azukre-olako arteei buruzko bere jakituriarekin. Montilla jeneralak, halako aldaketaz harriturik, egiaz mintza zekiola eskatu zion Révérend doktoreari, eta honek argitu zion jeneralaren hobekuntza imajinarioa sarri gertatzen da hilzorikoen artean. Azkena egun kontua zen, ordutakoa agian. Albiste txarrak konkorturik, Montillak ukabilkada bat eman zion horma biluziari, eta eskua zartzakatu zuen. Sekula gehiago, bere bizitzaren enparauan, ez zen izango lehengoa bera. Askotan esan izan zion gezurra jeneralari, beti fede onez eta politika xeheko arrazoiengatik. Harez gero karitatez esan zion gezurra, eta zentzu horretan eman zizkien instrukzioak berarenganako irispidea zutenei. Aste hartan gobernuaren kontrako jarduerengatik iraitzitako zortzi ofizial arrango handiko iritsi ziren Santa Martara. Berauen artean gesta askatzaileko handietako batzuk aurkitzen ziren: Nicolas Silva, Trinidad Portocarrero, Julian Infante. Montillak eskatu zuen albiste txarrak hiltamuko jeneralari ezkutatzeaz gainera onak hobetu ziezazkiotela, bere gaitz askoren artean larriena zuenarentzat aringarri bila. Haiek urrunago jo zuten, eta herrialdearen egoeraz hain berriemate adoretzailea egin zioten, non lortu baitzuten haren begietan beste garai batzuetako leinurua. Jeneralak, aste betez kantzelaturik zegoen Riohacharen gaiari heldu zion berriro, eta Venezuelaz hitz egin zuen ahalbide gain-gainekoaz bezala. «Inoiz ez dugu eduki parada hoberik berriro bide zuzenetik hasteko», esan zuen. Eta konbikzio ezeztaezinez amaitu zuen: «Nik Araguako harana berriro zapalduko dudan egunean, Venezuelako herri osoa altxatuko da nire alde». Arratsalde batean plan militar berri bat itxuratu zuen ofizial bisitarien aurrean, zeinek beren suhar gupidazkoaren laguntza eskuratu baitzioten. Hala ere, gau guztian jarraitu behar izan zioten entzuten nola iragartzen zuen tonu profetikoz beren sorburuetatik nola berreratuko zuten eta oraingoan betirako beren ilusioen inperio hedatsua. Montilla izan zen ero baten aldrebeskeriak entzuten zeudela uste izan zutenen txundimenari kontra egitera ausartu zen bakarra. «Kontuz», esan zien, «ze gauza bera uste izan zuten Casacoiman ere». Zeren inork ahaztu gabe baitzeukan 1817aren uztailaren 4a, jeneralak gaua Casacoimako zingiran murgildurik gaua eman behar izan zuenekoa, ofizial talde mugatu batekin, beraien artean Briceño Méndez zegoela, ia lurralde agerian ustekabez harrapatu zituzten espainiar tropetatik beren buruak salbatzeko. Erdi-biluzik, sukarrez dardarka, bat-batean oihuka iragartzen hasi zen, urratsez urrats, etorkizunean egingo zuen guztia: «Angostura berehala hartu, Andeetatik pasatu Nueva Granada askatzeko eta geroago Venezuela, Kolonbia fundatzeko, eta azkenik hegoaldeko lurralde neurri gabeak konkistatu Peruraino. Orduan Chimborazo eskalatuko dugu eta gailur elurtuetan Amerika handi, batu eta askatuaren bandera hirukoloretakoa landatuko dugu mendez mende», amaitu zuen. Orduan entzun ziotenek ere pentsatu zuten zentzua galdu zuela, eta hala ere hitzez hitz, urratsez urrats, bost urte baino gutxiagoan bete zen profezia izan zen. Zorigaitzez, San Pedro Alejandrinokoa bezpera txarretako ikuskaria besterik ez zen izan. Lehen astean atzeraturiko tormentuak batera oldartu zitzaizkion erabateko deuseztapen-bolada batean. Ordurako, jenerala hainbesteraino gutxiturik zegoen, non beste bira bat gehiago eman behar izan baitzieten alkandoraren eskubiturrei eta hazbete moztu panazko frakei. Gauaren hasieran ez zuen hiru ordu baino gehiago lo egiterik lortzen eta gainerakoa eztulak itorik pasatzen zuen, edo eldarnioak haluzinaturik, edo Santa Martan hasi eta hisitiagotuz joan zen zotin errepikariaz etsiturik. Arratsaldean, besteak erdi-lotan zeudela, mendi-zerraren gailur elurtuei leihotik begira entretenitzen zuen oinazea. Lau aldiz zeharkatua zeukan Atlantikoa eta lurralde askatuak beste inork inoiz egingo zuen baino gehiagotan zaldiz korrituak, eta hilburukorik inoiz egin gabe zegoen, garai hartarako gauza ohieza. Pedro Alcántara Herrán jeneralak iradokia zion Santa Fen bidaia prestatzean, bidaiari ororen arreta normala zelako argudioarekin, eta berak esana zion txantxetan baino areago benetan heriotza ez zegoela bere plan berehalakoetan. Hala ere, San Pedro Alejandrinon berak hartu zuen bere azken nahia eta azken proklamaren zirriborroak diktatzeko ekimena. Inoiz ez zen jakin egintza kontzientea izan zen, ala bere bihotz atsekabetuaren urrats faltsua. Nola Fernando gaixorik zegoen, José Laurencio Silvari diktatzen hasi zitzaion ohar sail deslotu samar bat zeinek areago adierazten baitzituzten bere desengainuak bere desirak baino: Amerika gobernagaitza da, iraultza bat zerbitzatzen duenak itsasoa goldatzen du, herrialde hau erremedio gabe eroriko da jendetza balaztagabearen eskuetan gero kolore eta arraza guztietako tiranoxka ia hautemangaitzengana pasatzeko, eta beste pentsamendu goibel asko zeinek jadanik barreiaturik zirkulatzen baitzuten adiskide ezberdinentzako gutunetan. Zenbait ordutan diktatzen jarraitu zuen, argi-ikusmenezko trantze batean bezala, eztulaldirako ia ozta-ozta etenez. José Laurencio Silvak ez zuen pausoari jarraitzerik lortu eta Andrés Ibarrak ezin izan zuen luzaroan egin ezkerraz idazteko ahalegina. Amanuentse eta edekan guztiak nekatu zirenean, Nicolas Maríano de Paz zalditeria-tenientea geratu zen zutik, zeinak zehaztasunez eta letra onez kopiatu baitzuen diktaketa papera iritsi zitzaion arte. Gehiago eskatu zuen, baina hainbeste berandutu zitzaizkion ekartzeko, non horman jarraitu zuen idazten ia bete arte. Jenerala hain eskerturik geratu zitzaion, non Lorenzo Cárcamo jeneralaren amodio-dueluetako bi pistolak oparitu baitzizkion. Bere azken nahia izan zuen bere gorpuzkinak Venezuelara eramanak izatea, Napoleonenak izan ziren bi liburuak Caracaseko Unibertsitatean gordetzea, José Palaciosi zortzi mila peso ematea bere zerbitzu iraunkorren eskergarritzat, Pavajeau jaunaren zainketapean Cartagenan utzitako paperak erreak izatea, Boliviako kongresuak nabarmendu zueneko domina bere jatorrizko tokira itzularaztea, mariskalak oparitu zion harribitxizko inkrustrazioekiko ezpata urrezkoa Sucre mariskalaren alarguntsari bihurtzea, eta gainerako bere ondasunak, Aroako meatzeak barne, bere bi arreben eta bere anaia hilaren seme-alaben artean banatzea. Ez zegoen gehiagorako, ze ondasun beraietatik ordaindu behar baitziren kitatu gabeko zenbait zor, handiak eta txikiak, eta beraien artean Lancaster profesorearen lokamuts errepikarizko hogei mila duroak. Usadiozko klausulen artean, aparteko bat sarrarazteko arreta izan zuen sir Robert Wilsoni bere semearen portaera ona eta leialtasunarengatik eskerrak emateko. Ez zen estrainioa nabarmentze hau, baina bai O’Leary jeneralari ere ez egin izana, zeina ez baitzuen izango bere heriotzaren lekuko Cartagenatik garaiz iristeko astirik izango ez zuelako soilik, non baitzegoen bere aginduz Urdaneta presidentearen eskura. Bi izenak jeneralarenari loturik geratu ziren betiko. Wilson geroago Britainia Handiaren arazo-arduradun izango zen Liman, eta gero Caracasen, eta lehen lerroan parte hartzen jarraituko zuen bi herrialdeetako arazo politiko eta militarretan. O’Leary Kingstonen errotuko zen, eta gerora Santa Fen, non izan baitzen bere herrialdearen kontsul luzaroan, eta non hil baitzen berrogeita hamaika urterekin, hogeita hamalau liburukitan Ameriketako jeneralaren ondoan egin zuen bere bizitzaren testigantza itzel bat bildurik. Berea ilunabar isil eta fruitukorra izan zen, berak esaldi bakarrera laburbildu zuena: «Askatzailea hil, eta haren obra desegin zelarik, Jamaikara alde egin nuen, non ari izan bainintzen haren paperak txukuntzen eta neure oroitzapenak idazten». Jeneralak bere hilburukoa egin zuen egunetik medikuak agortu egin zituen berarekin bere zientziaren aringarriak: sinapismoak oinetan, igurtziak bizkarrezurrean, enplasto purtzilak gorputz osoan. Jaiotzatiko idorreria efektu berehalako baino sakailatzaileko aiutez gutxitu zion. Zerebroko odol-ukaldi baten beldur, bixikadore-tratamendupean jarri zuen buruan metaturiko katarroa hustu arazteko. Tratamendu hau kantarida-partxe bat zen: intsektu kaustiko honek eiho eta larruazalean ezarri ondoren sendagaiak zurgatzeko moduko bixikuak sortzen zituen. Révérend doktoreak bost bixikadore lepatxikian eta bat aztalean ezarri zizkion jeneral hilzorikoari. Mende eta erdi geroago, mediku ugarik pentsatzen zuten heriotzaren kausa berehalakoa partxe abrasibo hauek izan zirela, zeinek sortarazi baitzuten gernu-desordenu bat nahigabeko usuri-isurketekin, eta gero mingarriak eta azkenik odolduak, harik eta maskuria lehorturik eta azpilari itsatsirik utzi arte, Révérend doktoreak autopsian egiaztatu zuenez. Jeneralaren usna hain sentibera bihurtua zen, non medikua eta Augusto Tomasin botikaria distantziara egotera behartzen baitzituen beren linimentu-tekuarengatik. Orduan inoiz baino gehiago zirtatzen zuten gela kolonia-urez, eta bainu ilusorioak hartzen jarraitu zuen, bere eskuez afeitatuz, hortzak saiamen uzuz garbituz, heriotzaren likiskerietatik bere burua defendatzeko eginahal supernaturalean. Abenduaren bigarren astean Luis Peru de Lacroix koronela pasatu zen Santa Martatik, arestira arte jeneralaren edekana izan zen Napoleonen armadetako gazte beterano bat, eta bisitatu ondoren egin zuen lehen gauza Manuela Sáenzi egiaren gutuna idaztea izan zen. Hartu zuen bezain laster, Manuelak Santa Martarako bidaiari ekin zion, baina Guaduasen iragarri zioten ordurako bizitza oso bateko atzerapena zeramala. Albisteak mundutik ezabatu zuen. Bere itzaletan hondoratu zen, jeneralaren paperez beteriko bi kofre beste arretarik gabe, zeinak Santa Feko toki seguru batean gordetzea lortu baitzuen harik eta Daniel O’Learyk handik zenbait urtetara erreskatatu zituen arte Manuelaren instrukzioz. Santander jeneralak, bere gobernu-egintzatako batean, herrialdetik erbesteratu zuen. Manuelak bere zorteari duintasun gaizkoatuz men egin zion, lehenik Jamaikan, eta gero Paitan amaitzekoa zen alderraitza triste batean, Pazifikoko portu ziztrin batean nora joaten baitziren atsedetera ozeano guztietako balea-ontzi guztiak. Han entretenitu zuen ahazmenduak puntuzko ehun, zamari-tabako eta eskuetako hezueriak uzten zion bitartean marinelei fabrikatzen eta saltzen zizkien gozozko piztitxoekin. Thorne doktorea, bere senarra, Limako landa batean asasinatu zuten labanaz aldean zeraman apurra lapurtzeko, eta hilburukoan Manuelak dotetzat ekarri zuenaren pareko dirutza bat uzten zion, baina ez zioten inoiz entregatu. Hiru bisita gogoangarrik kontsolatu zuten bere abandonutik: Simón Rodríguez maisuarenak, zeinarekin partekatu baitzituen aintzaren errautsak; Giuseppe Garibaldirenak, Argentinan Rosasen diktaduraren kontra borroka egitetik itzuleran zetorren abertzale italiarrarenak, eta Herman Melville nobelistarenak, zeina munduko uretatik baitzebilen Moby Dickerako dokumentatzen. Adineko zela, mehaka hautsi zuelako hamaka batean ezindurik, kartetan irakurtzen zuen zortea eta amodio-kontseiluak ematen zizkien maiteminduei. Izurrite batean hil zen, berrogeita hemeretzi urterekin, eta bere txabola erraustu egin zuen poliziak jeneralaren paper preziatuekin, eta beraien artean bere gutun intimoak. Beragandik geratzen zitzaizkion azken erliki pertsonalak, Peru de Lacroixi esan zionez, bere ile-mataza bat, eta goante bat ziren. Peru de Lacroixek San Pedro Alejandrinoko La Florida aurkitu zueneko egoera jadanik herioaren desordenua zen. Etxea jitoan zegoen. Ofizialek logurak menperatzen zituen edozein ordutan lo egiten zuten, eta hain suminkor zeuden, non José Laurencio Silva zohia ezpata maginatik ateratzeraino iritsi zen Révérend doktorearen isiltasun-erreguei aurre egiteko. Fernanda Barrigari ez zitzaizkion iristen oldarak eta umore ona ordurik ustekabeenetan egiten zizkioten hainbeste otordu-eskariri kontu egiteko. Desmoralduenek kartetan jokatzen zuten gau eta egun, kontutan izan gabe oihuka esaten zuten guztia hilzorikoak entzuten zuela alboko gelan. Arratsalde batean, jenerala sukarraren lozorroan zetzan bitartean, norbait garrasi bizian marmarrean ari zen terrazan hamabi peso eta hogeita hiru zentabo kobratzearen abusuarengatik dozena erdi bat ohol, berrehun eta hogeita bost iltze, seiehun tatxet arrunt, berrogeita hamar urreztatu, hamar kana madapolan, hamar kana maila-xingola eta sei kana xingola beltzen truke. Txiliozko letari bat zen besteak estali eta azkenerako etxalde osoaren eremua hartu zuena. Révérend doktorea logelan zegoen Montilla jeneralari esku hautsiko bendak aldatzen, eta biek ulertu zuten gaixoak ere, lo-kuluxkako luzidotasunean, kontuetara adi zegoela. Montillak leihora agertu eta ahots betean oihu egin zuen: «Isil zaitezte, arraioak!» Jenerala tarteratu zen begiak ireki gabe. «Utz itzazue bakean», esan zuen. «Azken finean, jadanik ez dago nik entzun ezineko konturik». José Palaciosek soilik zekien jeneralak ez zeukala besterik entzun beharrik oihukaturiko kontuak bere hiletetarako udalak partikular batzuen eta harategi eta kartzelako fondoen artean egindako diru-bilketa publikoko berrehun eta berrogeita hamahiru pesoak, zazpi errealak eta hiru lauzirikoak zirela, eta zerrendak zerraldoa egiteko eta hilobia eraikitzeko materialenak zirela. Jos Palacios, Montillaren aginduz, kargutu zen harez gero inor logelara sar ez zedin eragozteaz, zeinahi gradutakoa zelarik ere, tituluz zein duintasunez, eta berak ere hainbesteko errejimen zorrotza ezarri zion bere buruari gaixoaren zaingoan, non oso gutxi bereizten baitzen bere heriotza propiotik. «Honelako boterea eman izan balidate hasieratik, gizon hau ehun urtez biziko zatekeen», esan zuen. Fernanda Barrigak sartu egin nahi izan zuen. «Umezurtz gizajo horri emakumeak atsegin izan zaizkionaz», esan zuen, ezin liteke hil bakar bat ere gabe bere oheburuan, nahiz eta zaharra eta itsusia izan, eta ni bezain baliogabea». Ez zioten utzi. Beraz leihoaren ondoan eseri zen, errespontsuekin santutu nahian hilzorikoaren eldarnio jentilak. Han geratu zen karitate publikoaren babespean, lutu betierekoan murgildurik, ehun eta bat urte arte. Bera izan zen bidea lorez estali eta kantuak zuzendu zituena asteazkeneko lehen gauean Mamatoco albo-herriko apaiza elizakoekin agertu zenean. Aurretik emakume indiar oinutsezko lerro bikoitza zetorren mihise gordinezko balandran eta astromeliazko koroekin, zeinek argitzen baitzioten bidea olio-kriseiluekin eta kantatzen baitzituzten ileta-arrenak beren hizkuntzan. Zeharkatu zuten Fernanda beren aurretik petaloz tapizatzen ari zen zidorra, eta hain une hotzikaratzailea izan zen, non inor ez baitzen geldiaraztera ausartu. Jenerala agondu egin zen ohean logelan sartzen sentitu zituenean, besoaz estali zituen begiak ez lanbrotzeko, eta oihu batez aterarazi zituen: «Eraman itzazue argizari horiek, honek arima-prozesio bat dirudi-eta». Etxeko umore txarrak azkenean sententziatua hil ez zezan ahaleginduz, Fernandok Mamatocoko musikari-talde bat eraman zuen, taigabe egun oso batez jotzen ari izan zena patioko tamarizpean. Jeneralak modu onean erreakzionatu zuen musikaren ahalmen lasaigarriaren aurrean. Behin baino gehiagotan errepikarazi zen La Trinitaria, bere kontradantza gogokoena, zeina popular bihurtua baitzen zeren berak banatzen baitzituen beste garai batean partituraren kopiak nondik-nahi zebilela ere. Esklaboek boluak gelditu eta aldi luze batean jeneralari begira egon ziren leihoko aihena artean. Maindire zuri batean bilduta zegoen, hil eta gero baino mazkar eta errauskarago, eta konpasa eramaten zuen birjaiotzen hasiak zitzaizkion ile-enborrez lazturiko buruaz. Pieza bakoitzaren amaieran txalo jotzen zuen Parisko operan ikasia zuen gisakotasun konbentzionalaz. Eguerdian, musikak bihotz emanik, katilukada bat salda hartu zuen eta sagú-oreak eta oilasko egosia jan zituen. Gero esku-ispilu bat eskatu zuen hamakan bere buruari begiratzeko, eta esan zuen: «Begi hauekin ez naiz hilko». Révérend doktoreak miraria egingo zuen itxaropen ia galdua berriz jaio zen guztiengan. Baina itxura hoberena zuenean, Sarda jenerala Boyacáko batailaren ostean egun berean eta aurretiazko judiziorik gabe Santanderrek fusilarazi zituen hogeita hemezortzietako espainiar ofizial batekin nahastu zuen gaixoak. Gerora supituko jausialdi bat izan zuen zeinetarik ez baitzen suspertu, eta musikariak etxetik urrun eraman zitzatela oihu egin zuen ahotsetik geratzen zitzaion apurraz, bere agoniaren bakeari trabarik ez egiteko. Baretasuna berreskuratu zuenean Justo Briceño jeneralarentzat gutun bat erredaktatzeko eskatu zion, ia omenaldi postumotzat Urdaneta jeneralarekin onezkoak egin zitzala eskatuz herrialdea anarkiaren sarrakiotik libratzeko. Hitzez hitz diktatu zion bakarra burualdea izan zen: «Neure bizitzako azken uneetan idazten dizut gutun hau». Gauean oso berandura arte hizketan ari izan zen Fernandorekin, eta lehendabizikoz eman zizkion aholkuak etorkizunaz. Biek batera oroitzapenak idazteko asmoa izankizun geratzen zen, baina iloba bere alboan nahikoa bizi izana zen bihotz-ariketa soil bezala idazten ahalegintzeko, bere seme-alabek aintza eta zorigaitzeko urte haietaz ideia bat izan zezaten. «O’Learyk zerbait idatziko du bere gurarietan irauten badu», esan zuen jeneralak. «Baina ezberdina izango da». Fernandok orduan hogei urte zituen, eta laurogeita zortzi urte arte biziko zen, orrialde josigabe banaka batzuk besterik idatzi gabe, zeren destinoak oroimena galtzearen fortuna itzela eman baitzion. José Palacios logelan egona zen jenerala hilburukoa diktatzen ari zen bitartean. Ez berak ez beste inork ez zuen hitzik esan solemnetasun sakramentuzkoz jantzirik egon zen egintza hartan. Baina gauean, bainu biguntzailearen prozesuan, bere nahia alda zezala eskatu zion jeneralari. «Beti pobreak izan gara eta ez dugu ezeren beharrik izan», esan zion. «Egia kontrakoa duk», esan zion jeneralak. «Beti aberatsak izan gaituk eta ez diagu ezer sobera izan». Bi esanak egiak ziren. José Palacios oso gazte sartu zen bere zerbitzuan, jeneralaren amaren xedapenez, ugazabandre baitzuen, eta ez zen era formalean emantzipatua izan. Linbo zibil batean flotatzen geratu zen, zeinean ez baitzitzaion soldatarik izendatu, ezta egoerarik zehaztu ere, baizik eta bere beharrizan pertsonalak jeneralaren beharrizan pribatuen parte baitziren. Janzteko eta jateko eran ere identifikatu zen jeneralarekin, eta bapikatu egin zuen haren gartxutasuna. Jenerala ez zegoen noraezean uzteko prest gradu militarrik ez baliezintasun-zedularik gabe, eta jadanik bizitzen hasteko ez zegoen adin batean. Beraz ez zegoen hautakizunik: zortzi mila pesoen klausula atzeraezina ez ezik ukaezina zen. «Hori da zuzena», amaitu zuen jeneralak. José Palaciosek kolpean ihardetsi zuen: «Zuzena biok batera hiltzea da». Izatez ere, hala izan zen, ze jeneralak bezain gaizki maneiatu baitzituen bere diruak. Hau hiltzean Indietako Cartagenan geratu zen karitate publikoaren baitan, dastatu zuen alkohola oroitzapenak itotzeko eta beronen atseginen pean erori zen. Hirurogeita sei urterekin hil zen, delirium tremensaren tormentuengatik lokatzatan iraulka, armada askatzailetik lizentziaturiko eskale-zulo batean. Jenerala hain gaizki esnatu zen abenduaren 10ean, non presaka Estévez apezpikuari deitu baitzioten, aitortu nahi bazuen. Apezpikua berehala heldu zen, eta hainbesteko garrantzia eman zion elkarrikusteari, non pontifikalez jantzi baitzen. Baina ateak itxita eta lekukorik gabe izan zen, jeneralaren xedapenez, eta hamalau minutu besterik ez zuen iraun. Inoiz ez zuen inork jakin hitz egin zutenaren hitzik jakin. Apezpikua presaka eta bere onetik irtenda irten zen, eta ez zuen hiletarik ospatu egin zizkioten deiak gorabehera, ez zen ehorzketan ere izan. Hain egoera txarrean geratu zen jenerala, non ez baitzen gauza izan hamakatik bakarrik altxatzeko, eta medikuak besoetan jaso behar izan zuen, jaioberria bezala, eta ohean eserarazi zuen burkoetara arrimaturik eztulak ito ez zezan. Azkenik arnasa berreskuratu zuenean guztiak irtenarazi zituen medikuarekin bakarrean hitz egiteko. «Ez nuen uste kontu hau olio santuetan pentsatzeko bezain larria izan zitekeenik», esan zion. «Nik, beste munduko bizitzan sinesteko zorionik ez dudan honek». «Gauza ez da hori», esan zion Révérendek. «Egiaztaturik dago kontzientziako arazoak konpontzeak medikuaren egitekoa asko errazten duen aldarte-egoera bat bat ezartzen diola gaixoari». Jeneralak ez zion jaramonik egin erantzunaren maisuzkoari, zeren dardara eragin baitzion bere gaitzen eta ametsen arteko lasterketa zoroa une hartan azken helmugara iristen ari zen agerpen itsutzaileak. Gainerakoa aizaroak ziren. «Arraioa!», hasperen egin zuen. «Nola atera behar dut nik labirinto honetatik!» Aztertu zuen gizategia bere bezperen argi-ikusmenaz, eta lehen aldiz ikusi zuen egia: azken ohea mailegatua, gupidazko tokadorea, zeinaren egonarrizko ispilu arreak ez baitzuen gehiago errepikatuko, troskazko ikuztontzi axakatua beste esku batzuentzako ura eta toalla eta xaboiarekin, erloju oktogonalaren presa bihozgabea arrapaladan abenduaren 17ko zita ezinbestekorantz bere azken arratsaldeko ordu bata eta zazpi minututan. Orduan gurutzatu zituen besoak bularraren kontra eta esklaboen ahots distirantak entzuten hasi zen seietako salbea kantatzen boluetan, eta leihotik Artizarraren diamantea ikusi zuen zeruan nola zihoan betiko, elur betierekoak, aihena berria, zeinaren kanpaitxo horiak ez baitzituen hurrengo larunbatean loratzen ikusiko doluz itxitako etxean, mendez mende inoiz errepikatuko ez zen bizitzaren azken leinuruak.
AMAIA
Jenerala bere labirintoan |