Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990

 

 

        «Beraz Turbacon zegoen berriro. Gizategi itzaltsu, arku handi ilargitar eta legarrezko plazara, eta monasterio-patiora begiratzen zuten gorputz osoko leihoekiko etxean, non don Antonio Caballero y Góngora Nueva Granadako artzapezpiku eta erregeordearen fantasma ikusia baitzuen, zeina ilargi-gauetan bere erru eta zor kitaezin ugariez arintzen baitzen laranjadien artean paseatuz. Kostako klima orokor, irazeki eta umelaz bestetara, Turbacokoa fresko eta osasungarria zen itsaso-sestrarekiko kokagunearengatik, eta erreken hegian ereinotz izugarriak zeuden erro tentakularezkoak, zeinen itzalpean etzaten baitziren soldaduak lo-kuluxkan egoteko.

        Bi gau lehenago iritsiak ziren Barranca Nuevara, ibai-bidaiaren azken muga jorandura, eta baharekezko estalpe kirats batean egin behar izan zuten lo-legea, arroz-zaku metatu eta larru landu gabeen artean, ezen ez baitzegoen ostatu erreserbaturik beraientzat eta ez baitzeuden prest garaiz enkargaturiko mandemeak ere. Hala, jenerala zopaturik eta minberaturik heldu zen Turbacora, eta lo egiteko irrikatan, baina logurarik gabe.

        Artean deskarga amaitugabea zuten, eta jadanik bere heldueraren albistea handik sei legoatara soilik zegoen Indietako Cartagenaraino hedatua zen, non Maríano Montilla jeneralak, probintziako intendente orokor eta komandante militarra zenak, prestatua baitzeukan biharamunerako harrera herritar bat. Baina bera ez zegoen festa goiztiarretarako. Lanbro gozakaitzaren azpian errepidean itxaron ziotenei, aspaldiko ezagunen efusioz agur egin zien, baina zintasun beraz eskatu zien bakarrik uzteko.

        Izan ere, bere umore txarrak aditzera ematen zuen baino okerrago zegoen, nahiz eta ezkutatzen saiatzen zen, eta ahukuak berak ohartzen zuen egunean-egunean haren higadura aseezina. Ezin zuen bere buruarekin. Larruaren kolorea berde zurbiletik hori hilkorrera igaroa zuen. Sukarra zuen, eta buruko mina betiereko bihurtua zitzaion. Parrokoak bere burua eskaini zuen medikuari deitzeko, baina bera kontra jarri zitzaion. «Neure medikuei jaramon egin izan banie, urte asko neramatzake lurpean». Biharamunean Cartagenara jarraitzeko prestutasunarekin iritsia zen, baina goizean zehar berriak izan zituen portuan ez zegoela ontzirik Europarako, ezta pasaportea iritsi ere azken postarekin. Beraz hiru egunetan atsedena hartzen geratzea erabaki zuen. Ofizialek ez zuten soilik bere gorputzaren onarengatik ongi hartu, baizik eta Venezuelako egoeraz isilpean zetozen lehen albisteak ez zirelako osasungarrienak haren arimarentzat.

        Ezin izan zuen eragotzi, hala ere, suziriak leherrarazten jarraitzea harik eta bolbora ahitu zen arte, eta handik oso hurbil gaita multzo bat ezartzea gaua oso aurreratura arte jotzen jarraituko zutenak. Marialabajako albo-zingiretatik ere eraman zizkioten gizon eta emakume beltzezko konpartsa bat, XVI. mendeko europar gortesau bezala jantzirik, zeinek burlaz eta arte afrikarrez aretoko dantza espainiarrak dantzatzen baitzituzten. Aurreko bisitan hainbeste atsegin zitzaizkion, non behin eta berriz dei egin baitzituen eta horregatik eraman zizkioten, baina orain begiratu ere ez zien egin.

        «Eramazue hemendik urrunera zarramaltza hori», esan zuen.

        Caballero y Góngora erregeordea etxea eraiki eta hiru bat urtez bertan bizi izana zen eta gizategietako oihartzun mamuzkoak penatan zegoen bere arimaren sorospenari egozten zitzaizkion. Jeneralak ez zuen lehen egondako logelara itzuli nahi izan, lokamutsen koarto bezala gogoratzen baitzuen, zeren bertan lo egin zuen gau guztietan ile argiztaturiko emakume batez amets egin baitzuen, zeinak lepoan xingola gorri bat lotzen baitzion esnatu arte, eta hala behin eta berriz eta behin eta berriz, egunsentira arte. Beraz aretoko txingetan lotarazi zuen hainaka eta aldi batean lo egin zuen ametsik gabe. Ibaika ari zuen euria, eta haur talde bat kaleko leihoetara agerturik egon zen jenerala lo egiten ikusteko. Haietariko batek ahots isilez esnatu egin zuen: «Bolívar, Bolívar». Berak sukarraren lantxurdatan bilatu zuen, eta haurrak galdetu zion:

        «Maite al nauzu?»

        Jeneralak irribarre dardaratiz baieztatu zuen, baina gero uneoro etxean zehar harat-honat zebiltzan oiloak uxatzeko agindu zuen, haurrak baztertzeko eta leihoak ixteko, eta berriro loak hartu zuen. Berriz itzartu zenean euriak artean jarraitzen zuen, eta José Palacios eltxotakoa hamakarako prestatzen ari zen.

        «Kaleko haur batek leihotik galdera arraroak egiten zizkidala amets egin diat», esan zion jeneralak.

        Katilukada bat infusio hartzea ontzat eman zuen, hogeita lau ordutako lehena, baina ez zuen amaitzerik lortu. Berriro hamakan etzan zen, zorabioak emanik, eta luzaroan egon zen gogoeta ilunabarreko batean murgildurik, sabaiko habeetatik esekitako saguzahar ilarei begira. Azkenean hasperen egin zuen:

        «Limosnaz lurperatzeko gaude».

        Hain eskuzabal izan zen ofizial ohiekin eta ibaian zehar penak kontatu zizkioten armada askatzaileko soldadu soilekin, non Turbacon bere bidai baliabideen laurdena besterik ez baitzitzaion geratzen. Artean ikuskizun zegoen gobernu probintzialak bere arka murriztuetan fondo eskuragarririk zeukan librantza estaltzeko, edo gutxienez agiolari batekin negoziatzeko ahalbiderik. Berehala Europan instalatzeko Ingalaterraren esker onarekin kontatzen zuen, zeinari egin baitzizkion hainbeste mesede. «Ingelesek maite naute», esan ohi zuen. Bere nostalgien duina zen prestutasunaz bizitzen jarraitzeko, bere morroi eta gutxieneko ahukuarekin, Aroako meatzeak saltzeko ilusioarekin kontatzen zuen. Hala ere, benetan joan nahi baldin bazuen, pasaiak eta bidai gastuak beretzat eta bere ahukuarentzat biharamuneko presa zen, eta eskudirutan zeukan saldoa ez zitzaion pentsatzeko ere iristen. Baina besterik ez zuen falta egiten uko egitea baino bere ilusiogaitasun mugagabeari gehien komeni zitzaion unean. Alderantziz. Nahiz eta ipurtargiak ikusten zituen ez zeuden tokian, sukarra eta burukominarengatik, zentzuak moteltzen zizkion lozorroari gaina hartu zion, eta hiru gutun diktatu zizkion Fernandori.

        Lehena bihotzaren erantzun bat izan zen Sucre mariskalaren despedidari, zeinean ez baitzuen inolako iruzkinik egin bere eritasunaz, arratsalde hartakoa bezalako egoeratan egin ohi izaten zuen arren, hainbesteko gupida-beharrean baitzegoen. Bigarren gutuna don Juan de Dios Amador Cartagenako prefektuarentzat izan zen, librantzaren zortzi mila peso ordaintzeko erregutuz altxor probintzialaren kontra. «Pobre eta behartsu nago diru horrena neure abiamenerako», esaten zion. Arrena eraginkorra izan zen, zeren lau egun baino lehenago jaso baitzuen aldeko erantzuna, eta Fernando Cartagenara joan zen diruaren bila. Hirugarrena Kolonbiako ministro Londresen zen José Fernandez Madrid poetarentzat izan zen, sir Robert Wilsonen faboretan jiratua zuen letra bat ordain zezala eskatuz, eta José Lancaster irakasle ingelesaren beste bat, zeinari hogei mila peso zor baitzitzaizkion elkarrizketazko metodo nobedadetsu bat Caracasen ezarri zuelako. «Nire ohorea horretan konprometiturik dago», esaten zion. Zeren fedea baitzuen bere auzi judizial zaharra ordurako ebatzirik egongo zela, eta jadanik meatzeak salduak izango zirela. Dilijentzia alferra: gutuna Londresa iritsi zenean, Fernandez Madrid ministroa hila zen.

        José Palaciosek isiltzeko seinalea egin zien barne-solairuan kartetan jokatzen oihuka eztabaidan ari ziren ofizialei, baina haiek txutxu-putxuka eztabaidan jarraitu zuten hurbileko elizan hamaikak jo zuten arte. Handik gutxira itzali ziren festa publikoko gaita eta danbolinak, arratsaldeko euri-jasaren ondoren berriro metaturiko hodeitzar ilunak eraman zituen itsaso urrunetiko brisak, eta piztu zen ilargi betea laranjondoen patioan.

        José Palaciosek ez zuen une batez ere jenerala zabartu, izan ere sukarrez eldarniotan egona baitzen ilunabarraz geroztik. Errutinazko edabe bat prestatu eta pitusgarri-aiuta bat jarri zion, autoritate gehiagoko norbaitek mediku bat proposatzearen zain, baina inork ezzuen holakorik egin. Doi-doi erdi-lokartu zen ordu betez egunsentian.

        Egun hartan Maríano Montilla jenerala joan zitzaion bisitatzera, Cartagenako bere adiskide talde hauta batekin, beraien artean alderdi bolivaristako hiru juanak bezala ezagutzen zituztenekin: Juan García del Río, Juan de Francisco Martín eta Juan de Dios Amador. Hirurak laborriturik geratu ziren sufrikariotan zegoen eta hamakan agontzen ahalegindu zen gorputz haren aurrean, eta airea ez zitzaion iritsi guztiak besarkatzeko. Kongresu Miresgarrian ikusia zuten, zeinaren parte baitzen, eta ezin zuten sinetsi hain denbora laburrean hainbeste birrindu zitekeenik. Hezurrak nabari zitzaizkion azalean zehar, eta ez zuen begirada finkatzerik lortzen. Jabeturik zegoen nonbait bere arnasaren sundaz eta beroaz, baina distantziara eta ia profilez hitz egiteko kontu hartzen zuen. Baina zirrara handiena egin ziona kaizuz gutxitu zenaren begi-bistakotasuna izan zen, halako punturaino ezen Montilla jeneralari gerrira iristen zitzaiola iruditu baitzitzaion.

        Laurogeita zortzi libra pisatzen zituen, eta hamar gutxiago izango zituen herio-bezperan. Bere kaizu ofiziala metro bete eta hirurogeita bost zentimetrokoa zen, nahiz eta bere fitxa medikuak beti ez bat etorri militarrekin, eta autopsi mahaian lau zentimetro gutxiago izango zituen. Oinak eskuak bezain txikiak zituen gorputzarekiko, eta hauek ere gutxituak ematen zuten. José Palaciosek ohartua zuen frakak ia bular parean zerabiltzala, eta bira bat eman behar izaten ziela alkandoraren eskubiturrei. Jenerala ohartu zen bisitarien jakin-minaz eta onartu zuen betiko botak, hogeita hamabost zenbakikoak puntu frantsesetan, handi geratzen zitzaizkiola urtarrilaz geroztik. Montilla jenerala, egoerarik desegokienetan ere izaten zituen ateraldiengatik sonatua zenak, amaitu zuen patetismoa.

        «Garrantzizkoa zera da», esan zion, «Zure Gorentasuna barrutik ez gutxitzea».

        Ohi bezala, bere burutada perdigoizko barre-algara batez azpimarratu zuen. Jeneralak konpai-lagun zaharraren irribarrea itzuli, eta gaia aldatu zuen. Eguraldiak hobera joa zuen, eta airepea ona zen hizketarako, baina berak nahiago izan zuen bisitariak hamakan eserita hartu eta lo egina zueneko gela berean.

        Gai nagusia nazioaren egoera izan zen. Cartagenako bolivaristek uko egiten zioten konstituzio berria eta agintari berriak onartzeari estudiante santanderistek presio ametiezinak kongresuaren gain egin zituztelako aitzakiarekin. Aldiz, militar leialek nahastu gabe iraun zuten, jeneralaren aginduz, eta aldeko zuen apezeria baserritarrak ez zuen izan mobilizatzeko aukerarik. Francisco Carmona jenerala, Cartagenako goarnizio baten komandantea eta bere kausarekiko leiala matxinada bat sustatzeko zorian egona zen, eta artean eutsi egiten zion bere mehatxuari. Jeneralak eskatu zion Montillari bidal ziezaiola Carmona ibitzen ahaleginak egiteko. Gero, guztiengana zuzendurik baina inori begiratu gabe, gobernu berriaren sintesi zakarra egin zien:

        «Mosquera oilo busti bat da eta Caycedo pastelaria, eta biak kikildurik daude San Bartoloméko haurrengatik».

        Zera esan nahi zuen, karibetar jergaz, presidentea oso ahula zela, eta presidenteordea haizearen norabideen arabera alderdiz aldatzeko gauza zen oportunista. Ohartarazi zuen gainera, bere garai txarrenetako garrazkeria petoaz, ez zela harritzekoa haietako bakoitza artzapezpiku baten anaia izatea. Aldiz, konstituzio berriari espero zitekeena baino hobea iritzi zion, arriskua hauteskundeetako porrota ez, baizik eta Santanderrek bere gutunez Paristik sustatzen zuen gerra zibila zen une historiko batean. presidente hautatuak era guztietako deia eginak zituen Popayánen ordenu eta batasunera, baina artean esan gabe zeukan presidentetza onartzen zuen.

        «Caycedok lan zikina egitearen zain dago», esan zuen jeneralak.

        «Dagoeneko Mosquerak Santa Fen egon behar du», esan zuen Montillak. «Astelehenean irten zen Popayándik».

        Jeneralak ez zekien, baina ez zen harritu. «Ikusiko dute kui bat bezala husten dela ihardun behar duenean», esan zuen. «Horrek ez du balio gobernu baten atezantzarako ere». Gogoeta luze bat egin eta tristuraren menpean erori zen.

        «Lastima», esan zuen. «Sucre zen gizona».

        «Jeneraletan duinena», irribarre egin zuen Dn. Franciscok.

        Esaldia ordurako ospetsua zen herrialdean nahiz eta jeneralak ahaleginak egin zituen hedatu ez zedin.

        «Urdanetaren esaldi jeniala!», esan zuen txantxetan Montillak.

        Jeneralak ez zion jaramonik egin etenari eta tokiko politikaren barnetasunen berri jakiteko prestatu zen, txantxetan gehiago serio baino, halere Montillak berak hautsi berria zuen solemnetasuna tanpez ezarri zuen berriz ere. «Barkatuko didazu, Gorentasuna», esan zuen, zuk inork baino hobeki dakizu Mariskal Handiarenganako dudan eraspena, baina bera ez da gizona». Eta enfasi teatrozkoz galdorra jarri zion:

        «Gizona zeu zara».

        Jeneralak errotik ebaki zuen:

        «Ni ez naiz existitzen».

        Gero, harira berriz itzuliz, Kolonbiako presidentetza onar zezan egindako erreguei Sucre mariskalak nola kontra egin zien jalki zuen. «Guztiaren jabe da anarkiatik salba gaitzan», esan zuen, «baina sirenen kantuen lilurapean erortzen utzi dio bere buruari». García del Ríok uste zuen benetako zioa Sucrek botererako bokaziorik gabea izatean zegoela. Jeneralari ez zitzaion eragozpen gaindiezina iruditu. «Gizadiaren historia luzean askotan egiaztatu izan da bokazioa beharrizanaren alaba legezkoa dela», esan zuen. Nolanahi ere, nostalgia berantiarrak ziren, zeren berak bai baitzekien inork ez bezala errepublikako jeneralik duinena berak bezain iraizekoa ez zen beste armada batekoa zela orduan.

        «Botere handia maitasunaren indarrean dago», esan zuen, eta osatu zuen bere pikardia: «Sucre berak esan zuen».

        Bera Turbacon gogora ekartzen ari zen unean, Sucre mariskala Santa Fetik Quitorantz irteten ari zen, desliluraturik eta bakarrik, baina adinaren eta osasunaren puri-purian, eta bere aintzaren gozamen betean. Bezperako bere azken zeregina ezkutuan Egipto auzategiko pitonisa ezagun bat bisitatzea izan zen, zeinak orientatua baitzuen bere zenbait gerra-egitekotan, eta emakumeak kartan ikusia zuen ekaitz-garai haietan ere biderik benturatsuenek itsasokoak izaten jarraitzen zutela berarentzat. Ayacuchoko Mariskal Handiari astiroegiak iruditu zitzaizkion bere amodio-preseterako, eta lehorreko azareen menpe jarri zuen bere burua karten sen onaren aurka.

        «Beraz ez dago zer eginik», ondorioztatu zuen jeneralak. «Hain gaude izorratuak, non gure gobernurik hoberena txarrena baita».

        Ezagutzen zituen tokian zeuzkan aldekoak. Aiton seme leinargiak izanak ziren nahikoa eta gehiago titulurekin gesta askatzaileak burutuak, baina politika xehean kubiletari gizenduak ere bai, enplegu-trafikari txikiak, Montilla berarekin elkargoak egitera iritsi zirenak jeneralaren kontra. Beste hainbesteri bezala, berak ez zien meniarik eman seduzitzea lortu zuen arte. Hala gobernuaren alde egiteko eskatu zien, beren interes pertsonalen kontra bazen ere. Bere zioek, ohi bezala, hats profetikoa zuten: bihar, bera ez zenean, orain aldeko izateko eskatzen ari zen gobernu berak etorraraziko zuen Santander, eta hau aintzaz koroaturik itzuliko zen bere ametsen hondakinak likidatzera hainbeste gerra- eta sakrifizio-urtetan berak gatzaturiko aberri neurri gabe eta bakarra zatiturik jausiko zen, alderdiek elkar txikituko zuten, izena belztu egingo zuten eta obra mendeen oroimenean perbertitu. Baina horrelakorik batere ez zitzaion axola orduan beste odol-gertakari bat eragozterik baldin bazegoen. «Matxinadak bata bestearen atzetik etortzen diren itsas olatuak bezalakoak dira», esan zuen. «Horregatik ez zaizkit inoiz atsegin izan». Eta bisitarien harriduraren aurrean, amaitu zuen.

        «Nola diren gauzak, egun hauetan espainiarren kontra egindakoak berak ere min ematen dit».

        Montilla jeneralak eta bere adiskideek hura azkena zela sentitu zuten. Despeditu aurretik, urrezko domina bat hartu zuten beragandik bere irudiarekin, eta ezin izan zuten eragotzi opari postumoa zelako inpresioa. Atera zihoazen bitartean, García del Ríok ahopean esan zuen:

        «Dagoeneko badu hildako-aurpegia».

        Etxearen oihartzunek handitu eta errepikatutako esaldiak, gau osoan pertsegitu zuen jenerala. Hala ere, Francisco Carmona jenerala harritu egin zen biharamunean haren aurpegiera onaz. Patioan aurkitu zuen laranja-lorez perfumatua, San Jacinto albo-herrian egin zioten eta zeta-hariz bere izena brodatua zuen hamaka batean, zeina José Palaciosek bi laranjondoren artean eseki baitzuen. Bainua hartu berria zuen, eta atzerantz luzaturiko ileak eta oihal urdinezko kasakak, alkandora gabe, errugabetasun-aura bat ezartzen zioten. Astiro kulunkatzen ari zen bitartean bere iloba Fernandori Caycedo presidentearentzat gutun sumindu bat diktatzen ari zitzaion. Carmona jeneralari ez zitzaion hiltamuko iruditu, agian bere hira legendazkoetako batek horditurik zeukalako.

        Carmona ikusgaiegia zen inon oharkabean pasatzeko, baina berak ikusi gabe begiratu zion bere gaizki-esaleen desleialkeriaren kontrako esaldi bat diktatzen ari zen bitartean. Azkenean soilik itzuli zen, bere gorputz osoaz hamalaren aurrean landaturik, begiak kliskatu gabe begira zegokion erraldoiarengana, eta agurtu gabe galdetu zion:

        «Eta zuk ere matxinada-sustatzailetzat al naukazu?»

        Carmona jeneralak, harrera etsaikor bati aurrea hartuz, tentetasun-puntu batekin galdetu zuen:

        «Eta nondik ateratzen duzu hori zuk?»

        «Hauek atera duten berbertatik», esan zuen berak.

        Santa Feko postaz jasotako prentsa-ebakin batzuk eman zizkion, zeinetan beste behin salatzen baitzuten sekretuan granadarien errebolta ezkutuan sustatu izanaz kongresuaren erabakiaren kontra boterera itzultzeko. «Narraskeria laidagarriak», esan zuen. Ni batasuna predikatzen ari naizen bitartean, zazpiki hauek konspiratzailetzat salatzen naute». Carmona jeneralak desliluraturik geratu zen ebakinak irakurtzean.

        «Bada nik sinetsi ez ezik», esan zuen, «oso pozik egon ere banengoen hori egia izan zitekeelakoarekin».

        «Imajinatzen dut», esan zuen berak.

        Ez zuen kontrakotasun-frogarik eman, baizik eta itxaroteko eskatu zion gutuna diktatzea amaitu arte, zeinean beste behin frankizia ofiziala eskatzen baitzuen herrialdetik irteteko. Amaitu zuenean baretasuna berreskuratua zuen prentsa irakurtzean galdua zuen erraztasun tximistazko beraz. Laguntzarik gabe jaiki zen, eta besotik eraman zuen Carmona jenerala aljibearen ondoan paseatzera.

        Argia urrezko irina zen laranjondoen hosto artean barna iragazten zelarik hiru eguneko euritearen ondoren, eta txoriak asaldarazi egiten zituen laranja-loreen artean. Jeneralak une batez arreta zuzendu, ariman sentitu eta eta ia hasperen egin zuen: «Gaitz-erdi oraindik kantatzen ari direla». Gero Carmona jeneralari ikasi-azalpen bat egin zion esanez zergatik Antilletako txoriek hobeki kantatzen duten apirilean ekainean baino, eta berehala, iragaitzarik gabe, bere arazoetara eraman zuen. Ez zituen hamar minutu baino gehiago behar izan gobernu berriaren autoritateari baldintzarik gabe men egin ziezaion konbentzitzeko. Gero ateraino lagundu zuen, eta lotokira joan zen bere eskuz eta letraz Manuela Sáenzi idaztera, zeinak jarraitzen baitzuen kexatzen gobernuak bere gutunei jartzen zizkien trabez.

        Platerkada bat arto-mazamorra doi-doi jan zuen, zeina Fernanda Barrigak gelara eraman baitzion idazten ari zen bitartean. Siestakoan aurreko gauean hasia zuen txinatar botanikazko liburu bat irakurtzen jarrai ziezaiola eskatu zion Fernandorik. José Palacios handik gutxira sartu zen lotokira bainu berorako atxusain-urarekin, eta Fernando lotan aurkitu zuen aulkian liburua zabalik zuela magalean. Jenerala esna zegoen hamakan eta ezpainak erakusleaz gurutzatu zituen isil-seinalea eginez. Ez zuen sukarrik lehendabiziko aldiz bi astetan.

        Hala, denbora luzatuz, posta baten eta bestearen artean, hogeita bederatzi egun egin zituen Turbacon. Bertan bi aldiz egona zen, baina benetan tokiko bertute sendagaizkoak preziatu bigarren aldian preziatu zituen, hiru urte lehenago, Santa Fetik Caracasera zihoanean Santanderren plan separatistak eragoztera. Hain ongi hartu zuen herriaren izaera, non orduan hamar egunetan geratu baitzen aurreikusiriko bi gauen ordez. Aberri-festazko egunaldi osoak izan ziren. Azkenean zezenketa handietako bat izan zen, zezen-korridei zien aiherrari kontra eginez, eta berak ere neurtu zuen bere burua behixko batekin, zeinak erauzi baitzion manta eskuetatik eta sustozko deiadar bat aterarazi baitzion jendeari. Orain, hirugarren bisitan, bere lastimazko destinoa bururaturik zegoen, eta egunen iragaitzak suminduraraino berresten zuen. Euriak gero eta sarriago bihurtu ziren, eta hitsagoak, eta makur berrien albisteei itxarotera mugatzen zen bizitza. Gau batean, beilaldi handiko luzidotasunean, José Palaciosek hamakan nola hasperen egiten zuen entzun zion:

        «Jainkoak daki nondik dabilen Sucre!»

        Montilla jenerala beste bi alditan itzulia zen, eta lehen egunean baino askoz hobeki aurkitua zuen. Areago oraindik: pixkanaka garai bateko bere kemenak berreskuratzen ari zela iruditu zitzaion, batez ere artean Cartagenak konstituzio berriari botoa eman ez ziolako eta gobernu berria onartu ez zuelako erreklamatu zion hisiarengatik, aurreko bisitako konpromisoaren arabera. Montilla jeneralak aurretik Joaquín Mosquerak presidentetza onartzen zuen ala ez jakiteari itxaroten zegoelako aitzakia inprobisatu zion.

        «Hobeto geratuko dira aurreratzen badira», esan zuen jeneralak.

        Hurrengo bisitan indar handiagoz erreklamatu zion berriro, haurretatik ezagutzen baitzuen Montilla, eta bai baitzekien honek besteei egozten zien erresistentzia berea baizik ez zuela. Klase eta lanbidezko adiskidetasunez ez ezik elkarrekin egindako bizitza oso batez ere loturik zeuden. Garai batean elkarri hitzik egiten ez zioten punturaino ere hoztu zitzaizkien harremanak, Montillak lagungarri militarrik gabe utzi zuelako jenerala Mompoxen, Morilloren aurkako gerraren unerik arriskutsuenetako batean, eta jeneralak disolbakari moraltzat salatu zuen eta ezbehar guztien autoretzat. Montillaren erreakzioa hain grinazkoa izan zen, non duelurako herronka egin zion, baina independentziaren zerbitzuan jarraitu zuen herra pertsonalen gainetik.

        Madrileko Akademia Militarrean matematikak eta filosofia ikasia zen, eta Fernando VII erregeren corpseko guardia izana zen harik eta Venezuelaren emantzipazioaren albisteak iritsi zitzaizkion egun berbera arte. Konspiratzaile ona izan zen Mexikon, arma-kontrabandista ona Curazaon eta gerrari ona alderdi guztietan berek lehen zauriak hamazazpi urterekin jasan zituenetik. 1821ean kostaldea espainiarrez garbitu zuen, Riohachatik Panamaraino, eta Cartagena hartu zuen armada ugariago eta hobeki armatu baten kontra. Orduan adiskidantza eskaini zion jeneralari keinu prestu batez: hiriaren urrezko giltzak bidali zizkion, eta jeneralak brigada-jeneraltzara igoaraziz eta kostaldearen gobernuaz kargu egiteko aginduarekin bihurtu zizkion. Ez zen gobernari maitatua, nahiz eta gehiegikeriak umore-zentzuaz ibitzen zituen. Etxea hiriko hoberena zuen, Aguaz Vivaseko bere hazienda probintziako gutiziatuenetako bat zen, eta herriak galdetzen zion hormetan letrauneak ezarriz nondik atera zuen haiek erosteko dirua. Baina han jarraitzen zuen, zortzi urtez boterearen erabiltze bakar eta gogorrean aritu ondoren, gainera politikari maltzur eta kontraegingaitz bihurturik.

        Hisitze bakoitzaren aurrean, Montillak argudio ezberdinez ihardesten zuen. Hala ere, behingoz egia esan zuen apaindurarik gabe: Cartagenako bolivaristak deliberaturik zeuden konpromisozko konstituzio bati ez zin egitera ezta gobernu mengel bat onartzera ere, zeinaren jatorria ez baitzen guztien akorduan oinarritzen baizik eta guztien desakordioan. Tokiko politikan tipikoa zen hori, zeinaren iritzi-ezberdintasunak tragedia historiko handien kausa izan baitziren. «Eta ez dute arrazoi faltarik, baldin Zure Gorentasunak, guztietan liberalenak, zure obra likidatzeko liberal tituluaz jabetu direnen eskutan uzten bagaituzu», esan zuen Montillak. Beraz konponketa-formula bakarra jenerala herrialdean geratzea zen bere desintegrakuntza eragozteko.

        «Tira, horrela bada, esaiozu Carmonari berriz etortzeko, eta konbentzituko dugu matxinatu dadin», ihardetsi zuen jeneralak, bere sarkasmoetako batekin. «Cartagenatarrek beren burugabekeriaz sortaraziko duten gerra zibila bezain odoltsua ez da izango».

        Baina Montillagandik despeditu baino lehen domeinuaz jabeturik zegoen, eta bere aldekoen plana nagusia Turbacora eraman zezala eskatu zion liskarra. garbitzeko. Artean itxaroten zegokien eta Joaquín Mosquerak presidentetza onartu zuelako zurrumurrua eraman zion Carmona jeneralak. Jeneralak ahurkada bat eman zion bere bekokiari.

        «La pinga», jaregin zuen. «Ez dut sinesten bizirik erakusten badidate ere».

        Montilla jenerala arratsalde horretan bertan joan zitzaion berrestera, zuhaitzak sustraietatik erauzi, herri-erdia desmantelatu, etxeko korta porrokatu eta abereak itorik eraman zituen haize gurutzatuzko euri-jasa baten pean.

        Baina albiste txarraren oldarrari ere aurre egin zion. Eskolta ofizialak, egunen hustasunarengatik gogaitez agonizatzen zegoenak, eragotzi zuen hondamendiak handiagoak izatea. Montillak soinera kanpainako zira bat bota eta salbamendua zuzendu zuen. Jenerala eserita egon zen kulunkaulki batean leihoaren aurrean, lotako mantan bildurik, begirada pentsakor eta arnasketa patxadatua zuela, hondamendiaren zaborrak arrastatzen zituen lokatza-erreka begietsiz. Karibeko asaldura haiek ezagunak zituen txikitandik. Hala ere, tropa etxeko ordenua berrezartzen ahalegintzen zen bitartean, berak José Palaciosi esan zion ez zuela gogoan haren parekorik ikusi izana. Azkenik baretasuna itzuli zenean, Montilla aretora sartu zen ura zeriola eta belaunetaraino lupezturik. Jeneralak geldi jarraitzen zuen bere ideian.

        «Tira, Montilla», esan zion, «Mosquera bada presidente, eta Cartagenak bera onartzeke jarraitzen du».

        Baina Montillak ere ez zien uzten ekaitzei distraitu zezaten.

        «Zure Gorentasuna Cartagenan balego askoz errazago izango litzateke», esan zuen.

        «Nire mokosartze bezala interpreta lezaten arriskua legoke, eta ez dut ezeren protagonista izan nahi», esan zuen berak. «Areago: ez naiz hemendik mugitu, arazo hori konpondurik egon arte».

        Gau hartan konpromisozko gutun bat idatzi zion Mosquera jeneralari. «Jakin berria dut, ez harrimenik gabe, onartu egin duzula estatuaren presidentetza, zeinaz pozten bainaiz herriarengatik eta neure buruarengatik». Eta gutuna posdata amarruzko batez itxi zuen: «Pasaportea iritsi ez zaidalako ez naiz joan, baina iritsitakoan hutsik egin gabe joango naiz».

        Igandean Turbacora iritsi zen eta Daniel Florencio O’Leary jenerala, Britainiar Legioaren kide behina elkartu zitzaion ahukuari, zeina izana baitzen luzaroan jeneralaren edekan eta amanuentse elebiduna. Montillak Cartagenaraino lagundu zuen, inoiz baino umore hobean, eta biek igaro zuten jeneralarekin adiskide-arratsalde on bat laranjondopean. Hizketaldi luze baten ondoren O’Learyrekin bere kudeakuntza militarraz, jeneralak betiko leloari heldu zion:

        «Eta zer diote han barrena?»

        «Ez dela egia zu bazoazelako hori», esan zuen O’Learyk.

        «Aha!», esan zuen jeneralak. «Eta zergatik oraingoan?»

        «Manuelita geratzen delako».

        Jeneralak egiatasun desarmatzailearekin ihardetsi zuen:

        «Baina beti geratu izan da-eta!»

        O’Leary, Manuela Sáenzen adiskide minak, bazekien jeneralak arrazoia zuela. Ze egia baitzen bera beti geratzen zela, baina ez bere atseginez, baizik eta jeneralak edozein estakuruz uzten zuelako, ainodio formalen morrontzapeari ihes egiteko ahalegin ausartean.. «Ez nauk gehiago maiteminduko», aitortu zion bere momentuan José Palaciosi, gisa horretako konfidentziak egitea bere buruari baimendu zioneko gizaki bakarrari. «Bi arima aldi berean edukitze bezalaxe duk». Manuelak deliberamendu eduki-ezinez eta duintasunaren trabarik gabe inposatu zuen bere burua, baina zenbat eta gehiago saiatzen zen menperatzen hainbat urduriago zirudien jeneralak haren kateetatik bere burua jaregiteko. Quiton, desmasiazko lehen bi asteen ondoren, berak Guayaquilera joan behar izan zuen José de San Martín jenerala, Río de Plataren askatzailearekin elkarrikuste bat egiteko, eta emakumea bere buruari galdezka geratu zen ea zer maitale mota zen hura afariaren erdian mahai zerbitzatua bertan behera uzteko. Berak agindua zion egunero idatziko ziola, nonahitik, bihotza haragi bizitan zuela mundu honetan beste inor baino gehiago maite zuela zin egiteko. Izan ere, idatzi zion, eta batzuetan bere eskuz eta letraz, baina ez zituen gutunak bidali. Bitartean, idilio anizkun batean kontsolatzen zuen bere burua Garaycoako matriarkatuko bost emakume banaezinekin, berak ere oso garbi ez zekielarik zein hautatuko zukeen berrogeita hamasei urteko amonaren, hogeita hemezortziko albaren, edota bizitzaren florian zeuden hiru biloben artean. Guayaquilgo misioa amaitu ondoren guztiengandik ihes egin zuen maitasun betiereko eta itzulera lasterreko promesetan, eta Quitora itzuli zen Manuela Sáenzen hondar mugikorretan murgiltzera.

        Hurrengo urtearen hasieran, bera gabe joan zen berriz ere Peruren askapena amaitzera, bere ametsaren azken ahalegina baitzuen. Manuelak lau hilabetez itxaron zuen, baina Limarako ontzia hartu zuen, Juan José Santanak, jeneralaren idazkari pribatuak idatziak ez ezik, sarritan gertatu ohi zenez, pentsatuak eta sentituak iristen hasi zitzaizkionean. La Magdalena atsegin-egoitzan aurkitu zuen, kongresuak diktadore-boterez jantzirik, eta errepublika-gorte berriko emakume eder eta ausartek setiaturik. Hainbestekoa zen presidente-etxeko desordenua, non lantzari-koronel bat gauerdian lekuz aldatu baitzen logeletako amodio-agoniek lo egiten uzten ez ziotelako. Baina Manuela sobera ezagutzen zutenen sailean zegoen ordurako. Quiton jaioa zen, haziendadun emakume kriollo aberats batek gizon ezkondu batekin izandako alaba klandestinoa, eta hemezortzi urterekin ikasten ari zeneko komentuaren leihotik salto egina zen eta erregearen armadako ofizial batekin alde egina. Hala ere, bi urte geroago Liman ezkondu zen eta birjinari dagozkion laranja-loreekin James Thorne doktorearekin, adina doblatzen zion mediku atsegin batekin. Beraz Perura itzuli zenean bere bizitzako maitasuna pertsegituz ez zuen inorengandik ezer ikasi beharrik izan eskandaluaren erdi-erdian kokaturik aurkitzeko.

        O’Leary izan zuen bere edekanik hoberena bihotzaren gerra hauetan. Manuela ez zen ohituraz La Magdalenan bizi, baina nahi zuenean sartzen zen ate nagusitik eta ohore militarrekin. Maltzurra, hezikaitza, grazia erresistiezinekoa zen», eta boterearen zentzua eta hisi ongi frogatua zuen. Ingeles onez mintzatzen zen, bere senarrarengatik, eta frantses soila baina ulergarria, eta nobizien elizkoi-estiloaz jotzen zuen klabikordioa. Letra nahasia zuen, sintaxi iraganezina eta barrez leher gaizto egiten zen berak ortografi horrore deitzen zituenengatik. Jeneralak bere artxiboen zaindari izendatu zuen hurbil edukitzeko, eta horrek edozein ordutan eta edozein lekutan maitasuna egitea erraztu zien, Manuelak bere xarmez bezatzen zituen basapiztia amazonikoen burrunba artean.

        Hala ere, jeneralak artean espainiarren menpean zeuden Peruko lurralde zailen konkistari ekitean, Manuelak ez zuen lortu bere estatu nagusian eraman zezan. Bere baimenik gabe pertsegitu zuen lehen damaren bere baul, artxiboen kofre, mirabe-gorteekin, bere kuartel-mintzairarengatik adoratzen zuten tropa kolonbiarren atzeguardian. Hirurehun legoako bidaia egin zuen mandeme-bizkarrean Andeetako zorabio-erlaitzetan zehar, eta lau hilabetetan jeneralarekin bi gau soilik egotea lortu zuen, eta haietako batean suizidio-mehatxu batez ikaratzea lortu zuelako. Denboraldi bat behar izan zuen aurkitzeko berak atzematea lortzen ez zuen bitartean, pasabidean aurkitzen zituen okasiozko beste amodio batzuez gozatzen zela. Besteak beste, Manuelita Madroñorenarekin, lo-ezinaldiak santutu zizkion hemezortzi urteko emakume mestizo menditarra.

        Quitotik itzuli zenez gero, Manuelak erabakia zeukan senarra abandonatzea, zeina deskribatzen baitzuen atseginik gabe maitatu, grazirik gabe berriketan egin, astiro ibili, gurka diosal egin, arretaz eseri eta altxatu eta bere txisteez ere barre egiten ez zuen ingeles zozo bezala. Baina jeneralak konbentzitu zuen kosta ahala kosta gorde zitzala bere egoera zibilaren pribilegioak, eta Manuelak men egin zien haren nahiei.

        Ayacuchoko garaitiatik hilabetera, mundu-erdiaren jabe zela, Peru Garaira joan zen jenerala, gerora Boliviako errepublika bihurtuko zenera. Manuela gabe joan ez ezik, alde egin aurretik behin-betiko banaketa estatu-arazo bezala planteatu zion. «Ikusten dut ezerk ezin gaitzakeela batu errugabetasuna eta ohorearen babespean», idatzi zuen. «Etorkizunean bakarrik egongo zara, nahiz eta zeure senarraren alboan, eta ni bakarrik egongo naiz munduaren erdian. Geure buruak menperatu izanaren aintza beste kontsolamendurik ez dinagu izango». Hiru hilabete baino lehenago gutun bat hartu zuen, zeinean Manuelak iragartzen baitzion Londresera zihoala senarrarekin. Albisteak ustekabean harrapatu zuen Francisca Zubiaga de Gamarraren ohe inorenean, arma-emakume bulartsua, gerora errepublika-presidente izango zen mariskal baten emaztearenean. Jeneralak ez zion itxaron gaueko bigarren maitasunari Manuelari berehalako erantzun bat idazteko, gerra-agindu areago zirudiena: «Esazu egia eta zaitez inora joan». Eta bere eskuaz azpimarratu zuen azken esaldia: Nik deliberatuki maite zaitut». Berak txoraturik obeditu zion.

        Jeneralaren ametsa zatika porrokatzen hasi zen garabetera iritsi zen egun berean. Bolivia fundatu eta Peruren antolaketa instituzionala amaitu bezain laster, Santa Fera itzuli behar izan zuen arrapaladan, Páez jeneralak Venezuelan egin zituen ahalegin separatistek eta Santanderrek Nueva Granadan egindako azpikeria politikoek beharturik. Oraingoan Manuelak denbora luzeagoa behar izan zuen jeneralak jarraitzeko baimena eman ziezaion, baina azkenean egin zuenean ijito-mudantza bat izan zen, baul alderraiak dozena bat mandemetan, bere mirabe hilezkor, eta hamaika katu, sei txakur, palazio-lizunkerien artean hezitako hiru tximino, jostorratzak hariztatzen trebaturiko hartza, eta loro eta guakamaien bederatzi kaiolekin, zeinek egundokoak esaten baitzituzten Santanderren kontra hiru hizkuntzatan.

        Doi-doi iritsi zen Santa Fera irailaren 25eko gau txarrean jeneralari geratzen zitzaion bizitza apurra salbatzeko. Bost urte igaroak ziren elkar ikusi zutenetik, baina bera berrogeita hamar izan balira bezain meko eta dudakor zegoen, eta Manuelak susmoa izan zuen norabiderik gabe harat-honatean zebilela bakardadearen lainopean. Bera handik gutxira hegoaldera itzuliko zen Peruk Quito eta Guayaquilen kontra zituen anbizio inperialistei balazta ezartzera, baina ordurako ahalegin guztiak alferrik ziren. Manuela orduan Santa Fen geratu zen hari jarraitzeko gogo izpirik gabe, ezen bai baitzekien bere betiereko iheslariak jadanik nora ihes eginik ere ez zeukala.

        O’Learyk bere oroitzapenetan ohartarazi zuen jenerala ez zela inoiz hain bere kabuzkoa izan bere itzalgaizkako amodioa gogora ekartzeko Turbacon igande arratsalde hartan adina. Montillak pentsatu eta urte batzuk geroago gutun pribatu batean idatzi zuen, zahartzaroaren sintoma zalantzagabea zela. Umore onak eta bere barren fidakorrak eraginik, Montillak ezin izan zion eutsi jeneralari zirikatze bihozkor bat egitearen tentazioari.

        «Manuela soilik geratzen al zen?» galdetu zion.

        «Emakume guztiak geratzen ziren», esan zuen serio jeneralak. Baina Manuela beste inor baino gehiago».

        Montillak begia keinatu zion O’Learyri, eta esan zuen:

        «Aitor ezazu, jenerala: zenbat izan dira?»

        Jeneralak iskintxo egin zion.

        «Zuk uste duzun baino askoz gutxiago», esan zuen.

        Gauean, bainu beroa hartzen ari zela, José Palaciosek zalantzak argitu nahi izan zizkion. «Nire kontuen arabera hogeita hamabost dira», esan zuen. «Gau bateko fardelak kontatu gabe, jakina». Zifra hau bat zetorren jeneralaren kalkuluekin, baina honek ez zuen bisitaldian esan nahi izan.

        «O’Leary gizon bikaina da, soldadu bikaina eta adiskide leiala, baina notak hartzen ditu guztiaz», azaldu zuen. «Eta ez dago ezer arriskutsuagorik oroimen idatzia baino».

        Biharamunean, mugaren egoeraren berri izateko elkarrikuste luze baten ondoren, Cartagenara bidaia egin zezala eskatu zion O’Learyri egunera jartzeko agindu formalarekin Europarako itsasontzien mugimenduaz, nahiz eta egiazko misioa tokiko politikaren ezkutuko xehetasunei buruz jakinaren gainean edukitzea izan. O’Learyk ozta-ozta izan zuen iristeko denbora. Ekainaren 12ko larunbatean Cartagenako kongresuak konstituzio berria zin egin zuen eta magistratu hautatuak onartu zituen. Montillak, albistearekin batera ezinbesteko mezu bat bidali zion jeneralari:

        «Itxaroten gagozkizu».

        Itxaroten jarraitzen zuen, jenerala hil zelako zurrumurruak ohetik saltarazi zuenean. Turbacora jo zuen trosta bizian, albistea sendartzeko astirik gabe, eta bertan aurkitu zuen jenerala inoiz baino hobeki, Raigecourt konde frantsesarekin bazkaltzen, zeina gonbidatu baitzuen elkarrekin Europara joateko ingeles pakebote batean, hurrengo astean Cartagenara zetorren batean. Egun osasungarri baten amaiera zen. Jenerala deliberaturik zegoen erresistentzia moralaz bere egoera txarrari aurre egitera, eta inork ezin zuen esan lortua ez zuenik. Goizean goiz jaikia zen, korrituak zituen ukuiluak jezketa-orduan, bisitatua zuen granadarien kuartela, jakinak zituen beraiengandik beren bizi-baldintzak, eta agindu zorrotzak emanak zituen hobetu zitzaten. Itzuleran merkatu ostatu batean gelditu zen, kafea hartu zuen eta kikara eraman egin zuen deusezta zezateneko umilazioa bere buruari aurrezteko. Bere etxera zihoala eskolatik irteten ari ziren neska-mutikoek kantoiaren bestaldetik enboskada egin zioten, txaloen konpasean kantatuz: «Gora Askatzailea! Gora Askatzailea!» Berak, aztoraturik, ez zukeen zer egin jakingo haurrek berek pasua eman izan ez baliote.

        Bere etxean Raigecourt kondea aurkitu zuen, bere burua iragarri gabe iritsia zena, inoiz ikusia zuen emakumerik ederrena, dotoreena eta tenteena lagun zuela. Zaldi-jantzitan zegoen, nahiz eta astoak tiraturiko kalesa batena iritsia zen. Bere identitateaz agertu zuen gauza bakarra izan zen Camille zeritzola, eta jatorriz La Martinicakoa zela. Kondeak ez zuen xehetasunik gehitu, nahiz eta egunean zehar begi-bistakoegi geratuko zen hartaz maitasunez txoraturik zegoela.

        Camilleren presentzia soilak beste garai batzuetako adoreak bihurtu zizkion jeneralari eta galako bazkari bat arrapaladan prestatzeko agindu zuen. Nahiz eta kondearen gaztelania zuzena izan, hizketa frantsesez burutu zen, Camilleren hizkuntza baitzen. Trois-Iletsen jaioa zela esan zuenean emakumeak, keinu gartsu bat egin eta haren begi zimelduek bat-bateko bristada bat izan zuten.

        «Ah», esan zuen. «Joséfina jaio zen tokian».

        Emakumeak barre egin zuen.

        «Mesedez, Gorentasuna, guztiena baino ohar zorrotzago bat espero nuen».

        Jenerala mindurik agertu zen, La Pagerieren asmamenaz aipamen liriko bat eginez defendatu zuen bere burua, Frantziako enperatriz zen Marie Josépheren jaiotetxeaz, zeina iragartzen baitzen zenbait legoatako distantziatik kanaberadi zabaletan zehar, txorien iskanbila eta alanbrikeen usain beroarengatik. Emakumea harritu egin zen jeneralak hain ongi ezagutzen zuelako.

        «Egia esateko inoiz ez naiz bertan izan, ezta La Martinicako beste inon ere», esan zuen jeneralak.

        «Et alors?», esan zuen emakumeak.

        «Urteetan ikasiz prestatu naiz», esan zuen jeneralak, «zeren bai bainekien noizbait beharko nuela uharte haietako emakumerik ederrenari atsegin izateko».

        Gelditu gabe hitz egiten zuen, ahots urraturik zuela baina etorriarekin, kotoi estanpatuzko frakak eta arrasozko kasaka jantzirik, eta zapatila gorriekin. Emakumeari ohargarri gertatu zitzaion jantokian alderrai zebilen koloni uraren bafada. Jeneralak ahulezia bat zuela aitortu zion, hainbesteraino, non adiskideek fondo publikoetatik zortzi mila peso gastatuak zituelakoaz salatzen baitzuten. Aurreko egunean bezain mazkarturik zegoen, baina gaitzaren ankerra igartzen zitzaioneko gauza bakarra gorputzaren gartxutasuna zuen.

        Gizonezko soilen artean, koatrero lotsagabeena bezala txakurrenak esateko gauza zen jenerala, baina aski zen emakume baten presentzia bere manerak eta mintzaira afektazioraino fintzeko. Berak ireki, dastatu eta zerbitzatu zuen Borgoña ardo klase handi bat, kondeak pudorerik gabe belusezko laztan bezala definitu zuena. Kafea zerbitzatzen ari ziren, Iturbide kapitainak belarrira zerbait esan zionean. Berak benatsu entzun zion, baina gero eserlekuak atzealdera egin zuen, gogotik barre eginez.

        «Entzun ezazue hau, mesedez», esan zuen, «nire hiletara datorren Cartagenako ordezkaritza bat daukagu hemen».

        Sarrarazi egin zituen. Montilla eta bere lagunei jolasari jarraitzea beste irtenbiderik ez zitzaien geratu. Edekanek San Jacintoko gaita-jole batzuei dei egin zieten, handik baitzebiltzan aurreko gauaz geroztik. Eta gizon eta emakume adineko talde batek cumbia dantza egin zuten gonbidatuen ohoretan. Camille harritu egin zuen afrikar jatorriko herri-dantza haren dotoreziak, eta ikasi egin nahi izan zuen. Jeneralak dantzari onaren ospea zuen, eta mahaikideetako batzuek gogora ekarri zuten bere azken bisitan maisu baten pare dantza egina zuela cumbia. Baina Camillek gonbidatu zuenean, berak uko egin zion ohoreari. «Hiru urte denbora luzea da», esan zuen, irribarretsu. Emakumeak bakarrik dantza egin zuen bizpahiru adierazpenen ondoren. Bat-batean, musikaren pausaldi batean, gora-hotsak eta leherketa zapartari-sail batean suzko armen disparoak entzun ziren. Camille ikaratu egin zen.

        Kondeak seriotan esan zuen:

        «Arrania, iraultza bat da!»

        «Ez dakizu nolako premia dugun», esan zuen jeneralak barrez. «Zoritxarrez, oilar-borroka bat besterik ez da».

        Ia pentsatu gabe, kafea hartzea amaitu zuen, eta eskuaren keinu biribil batez oilartokira gonbidatu zituen guztiak.

        «Zatoz nirekin, Montilla, zeinen hila nagoen ikus dezazun», esan zuen.

        Arratsaldeko ordu biak aldera joan zen oilartokira Raigecourt buru zuen talde ugari batek lagundurik. Baina hura bezalako gizon soilezko asanblada batean, inork ez zion begi eman Camillek izan ezik. Inork ezin zuen sinetsi emakume distirant hura bere hainbesteren arteko bat ez zenik, eta emakumeek sarrera debekatua zuten toki batean gainera. Gutxiago oraindik kondearekin zebilela esan zutenean, zeren jakina baitzen jeneralak beste batzuen konpainiarekin erabiltzen zituela bere amorante klandestinoak egiak nahaspilatzeko.

        Bigarren borroka lazgarria izan zen. Oilar gorri batek begiak hustu zizkion arerioari ezproikada doi pare batez. Baina oilar itsua ez zen errendatu. Tematu egin zitzaion besteari, harik eta burua erauztea eta mokoka jatea lortu zuen arte.

        «Sekula ez nuen pentsatu hain festa odoltsurik zegoenik», esan zuen Camillek. «Baina xarmangarri zait».

        Jeneralak azaldu zion askoz gehiago zela oilarrak deiadar lizunez zirikatu eta airera disparoak egiten zirenean, baina oilarzainak arratsalde hartan kikildurik zeudela emakume baten presentziarengatik, eta batez ere hain ederrarengatik. Koketeriaz begiratu eta esan zion: «Beraz zurea da errua». Emakumeak dibertiturik barre egin zuen:

        «Zurea, Gorentasuna, herrialde hau hainbeste urtez gobernatu izanagatik, eta emakumeak daudenean edo ez daudenean gizonak berdin portatzera behartzen dituen lege bat egin ez izateagatik».

        Jenerala senetik irteten hasia zegoen.

        «Gorentasun ez deitzeko erregutzen dizut», esan zion. «Aski dut justua izatearekin».

        Gau hartan, bainuontziko ur alferrean flotatzen utzi zuenean, José Palaciosek esan zion: «Inoiz ikusi dugun emakumerik bikainena da». Jeneralak ez zituen begiak ireki.

        «Nardagarria da», esan zuen.

        Oilartokian agertzea, guztien iritzian, egintza aurrepentsatu bat izan zen bere gaixotasunari buruzko bertsio ezberdinei kontra egiteko, hain kritikoak baitziren azken egunetan, non inork ez baitzuen zalantzan jarri bere heriotzaren zurrumurrua. Bere efektua egin zuen, ze Cartagenatik irten ziren postariek norabide ezberdinetatik eraman baitzuten bere egoera onaren albistea eta bere aldekoek bozkariozkoak baino desafiozkoak areago ziren festa publikoez ospatu baitzuten.

        Jeneralak bere gorputza ere engainatzea lortua zuen, ze oso adoreturik jarraitu baitzuen hurrengo egunetan, eta bere edekanen joko-mahaian esertzeko baimena ere eman zion bere buruari, zeinek gogaita jokaldi amaigabeekin arrastatzen baitzuten. Andrés Ibarrak, gazteena eta alaienak, eta artean gerraren zentzu erromantikoari eusten zionak, egun haietantsu idatzia zion Quitoko bere neska lagun bati: «Nahiago dinat heriotza hire besoetan hi gabeko bake hau baino». Gau eta egun ari izaten ziren jokoan, batzuetan sor eta lor murgildurik beren karten enigman, batzuetan oihuka eztabaidan, eta beti eltxoen oldarpean, zeinek euri-egun haietan egunargi betean ere eraso egiten baitzieten, nahiz eta zerbitzuko ordenantzek ukuiluetan pizturik edukitzen zituzten bekorotzezko suak. Jeneralak ez zuen gehiago jokatu Guaduasko gau txar hartatik, zeren Wilsonekiko gorabehera latzak bere bihotzetik ezabatu nahi zuen zapore mingotsa utzia baitzion, baina hamakatik entzuten zituen haren oihuak, haren konfidentziak, eta gerraren izan-minak bake igarokor baten astiunetan. Gau batean bira batzuk eman zituen etxean barna, eta ez zion eutsi korridorean gelditzeko tentazioari. Aurrez aurre zeudenei isilik egoteko keinua egin zien, eta Andrés Ibarrari atzealdetik hurbildu zitzaion. Eskua jarri zion sorbalda banatan, harrapari-erpeak bezala, eta galdetu zuen:

        «Esadazu gauza bat, lehengusu, zuk ere hildako aurpegia ikusten al didazu?»

        Ibarra, molde haietara ohitua, ez zen bihurtu begiratzera.

        «Nik ez, ene jenerala», esan zion.

        «Bada itsu zaude, edo gezurretan ari zara», esan zuen berak.

        «Edo bizkarka nago», esan zuen Ibarrak.

        Jenerala interesatu egin zen jokoaz, eseri zen eta azkean jokatzen amaitu zuen. Guztientzat normaltasunerako itzulera bezala izan zen ez gau hartan soilik baita hurrengoetan ere. «Pasaportea datorkigun bitartean», jeneralak esan zuenez. Hala ere, José Palaciosek behin eta berriz esan zion karten erritoa gorabehera, bere arreta pertsonala gorabehera, bere burua gorabehera, ahukuko ofizialak barrabiletaraino zeudela ezerezerantz joate eta etortze hartaz.

        Inor ez zegoen bere ofizialen zoriaz, haien eguneroko huskeriez eta destinoaren horizonteaz arduratuago, baina arazoak erremediaezinak zirenean bere burua engainatuz konpontzen zituen. Wilsonekiko gorabeheraz geroztik, eta gero ibaian zehar, pausaldiak eginak zituen minaldietan haietaz arduratzeko. Wilsonen portaera ezin pentsatuzkoa zen, eta frustrazio oso larri batek iradoki ziezaiokeen hain erreakzio zakarra. «Aita bezain militar ona da», esan zuen jeneralak Junínen peleatzen ikusi zuenean. «Eta apalagoa», gehitua zuen, koroneltzarako igoera hartzeari uko egiten zionean, zeina eman baitzion Sucre mariskalak Tarquiko batailaren ondoren, eta berak onartzera behartu behar izan baitzuen.

        Guztiei ezartzen zien erregimena, nola bakean hala gerran, ez zen diziplina heroikozkoa batena soilik baizik eta ia argi-ikusmenaren lagungarriak eskatzen zituen leialtasunezkoa. Gerra-gizonak ziren, nahiz eta ez kuartelekoak, ze hainbeste borroka eginak baitziren, non ozta izan baitzuten kanpatzeko astirik. Denetarik zegoen, jeneralagandik hurbilen independentzia egin zutenen huna aristokrazia kriolloaren floria ziren, printzen eskoletan heziak. Alde batetik bestera peleatuz bizi izanak ziren, beren etxe, emazte, seme-alaba, guztitik urrun, eta beharrizanak politikari eta gobernu-gizon bihurtuak zituen.

        Guztiak venezuelarrak ziren, Iturbide eta edekan europarrak izan ezik, eta ia guztiak jeneralaren odol-ahaideak edo ezkontzazkoak ziren: Fernando, José Laurencio, Ibarratarrak, Briceo Méndez. Klase edo odolezko lokarriek identifikatu eta batu egiten zituzten.

        Bat zen ezberdina: José Laurencio Silva, Los Llanos, El Tinaco herriko emaginaren eta ibaiko arrantzale baten semea. Aitaren eta amaren aldetik beltzaran iluna zen, mulatoen klase gutxitukoa, baina jeneralak Felicia, bere ilobetako batekin ezkondua zuen. Bere karrera hamasei urterekin armada askatzailean borondatezko errekluta zenetik hasita egin zuen, harik eta berrogeita hamasei urterekin jeneral buruzagi izan arte, eta hamabost zauri larri baino gehiago jasan zituen eta arma ezberdinen arin ugari independentzi kanpaina gehientsuetako berrogeita hamabi egintzatan. Bere mulato-izaerak sortu zion kontrakotasun bakarra galako dantzaldi batean tokiko aristokrazi dama bat arbuiatua izana zen. Jeneralak orduan valtza errepikatzeko eskatu zuen, eta berarekin dantza egin zuen.

        O’Leary jenerala beste muturra zen: horaila, garaia, itxura lerdenekoa, uniforme florentziarrek faboratua. Hemezortzi urterekin iritsia zen Venezuelara Husare Gorrien alferez bezala, eta independentzi gerrako ia bataila guztietan egina zuen bere karrera osoa. Berak ere, guztiek bezala, izana zuen bere zorigaitz-ordua, Santanderri arrazoia eman ziolako honek José Antonio Páezekin zuen eztabaidan, jeneralak adiskidetze-formula bat bilatzeko eskatu zionean Jeneralak diosala kendu zion eta bere zortera utzi zuen hamalau hilabetez, herra hoztu zitzaion arte.

        Haietako bakoitzaren meritu pertsonalak eztabaidaezinak ziren. Txarrena zen jenerala ez zela inoiz jabeturik egon haien aurrean berak zeukan indar-gogortasunaz, hainbat gaindiezinagoa zenbat eta eskurakorrago eta karitatetsuago baitzeukan bere burua. Baina aurkitzen zireneko barne-egoera José Palaciosek ikusarazi zion gauean, kidez kide jokatu zuen, gogara galduz, harik eta ofizialak berak ere asaskapenera errendatu ziren arte.

        Argi geratu zen ez zeramala arrastaka antzinako frustraziorik. Ez zitzaien axola menpean hartzen zituen porrot-sentimendua nahiz eta gerra bat irabazi ondoren izan. Ez zitzaien axola jeneralak bere igoerei ezartzen zien astirotasuna pribilegio-itxurarik izan ez zezaten, ezta bizimodu alderraiaren erro-gabezia ere ez zitzaien axola, ezta aldian aldiko amodioen azarea ere. Soldata militarrak beren herenera eraitsiak zeuden herrialdearen lazeria fiskalarengatik, eta hala ere hiru hilabeteko atzerapenaz ordaintzen zituzten eta bihurketa badaezpadako zuten estatu-bonotan, zeinak desabantailaz saltzen baitzizkieten agiotistei. Ez zitzaien axola, hala ere, mundu osoan durundi egingo zuen atekada batekin jeneralak alde egitea axola ez zitzaien bezalaxe, ezta etsaien eskura utz zitzan ere. Ezer ez: aintza besteena zen. Jasan ezin zutena boterea abandonatzeko erabakia hartu zuenetik pixkanaka sarrarazi zien ziurtasunik eza zen, eta gero eta jasanezinago bihurtzen ari zena inoragabeko eta amaieragabeko bidaia hura jarraitzen eta urmaeltzen zen neurrian.

        Jenerala hain atsegindua sentitu zen gau hartan, non bainua hartzen ari zela esan baitzion José Palaciosi ez zela itzalik txikiena ere tartekatzen bere ofizialen eta bere artean. Hala ere, ofizialei geratu zitzaien susmoa izan zen jeneralari esker on edo erruzko sentimendurik sartzerik ez zutela lortu, baizik eta mesfidantza izpi bat.

        Batez ere José María Carreñori. Txanpanean hizketaldia izan zuen gauaz geroztik uzkur agertzen jarraitzen zuen, eta jakin gabe Venezuelako separatistekin harremanean zegoelako zurrumurruari indar ematen zion. Edo, orduan esaten zenez, cosiatero bihurtzen ari zela. Lau urte lehenago jeneralak bere bihotzetik kanporatua zuen, O’Leary, Montilla, Briceo Méndez, Santana edo beste hainbeste bezala, armadaren bizkar popular bihurtu nahi omen zuelako susmo soilarengatik. Orduan bezala, orain jeneralak segiarazi egiten zuen, haren aztarnak usnatu egiten zituen, haren kontra sortzen ziren esamesa guztietara adi egoten zen, bere zalantzen aizaroetan erlantzen bat nabaritu nahiz.

        Gau batean, inoiz ez zuen jakin lotan ala itzarrik, alboko gelan entzuna zion aberriaren osasunarengatik bidezkoa zela traizioraino iristea ere. Orduan heldu zion besotik, eraman zuen patiora eta bere sedukzioaren magia erresistiezinaren pean jarri zuen, azken abagunetan soilik erabili ohi zuen hitano kalkulatu batekin. Carreñok egia aitortu zion. Mingots zitzaion, izan ere, jeneralak bere obra jitoan uztea guztiak geratzen zireneko zurtasunaz kezkatu gabe. Baina bere defekzio-asmoak leialak ziren. Itsu-bidaia hartan itxaropen-argi bat bilatzez nekaturik, arima gabe bizitzeko gauza ez zela, Venezuelara ihes egitea deliberaturik zeukan integritatearen aldeko mugimendu baten buru jartzeko.

        «Ez zait ezer duinagorik bururatzen», amaitu zuen.

        «Eta hik zer uste duk: hobeto tratatuko hautela Venezuelan ala?», galdetu zion jeneralak.

        Carreño ez zen baieztatzera ausartu.

        «Tira, baina gutxienez han aberria da», esan zuen.

        «Ez hadi inozoa izan», esan zuen jeneralak. «Guretzat aberria Amerika duk, eta dena berdin zagok: erremedio gabe».

        Ez zion besterik esaten utzi. Oso luze hitz egin zion, hitz bakoitzean barrutik bere bihotza zirudien hura erakutsiz. Nahiz eta ez Carreñok ez beste inork ez zuen inoiz jakin behar egiaz hala zen. Azkenean ahurkadatxo bat eman zion bizkarrean, eta aizarotan utzi zuen.

        «Ez hadi gehiago eldarniotan ibili, Carreño», esan zion. «Hau deabruak eramana zagok».

 

Jenerala bere labirintoan
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xabier Mendiguren Bereziartu
Elkar, 1990